detalle dokuteka-generico-fitxa

Zuberoa Andres: "Mundakakoa, Europako ezker olatu onena"

Zuberoa Andres, surflaria eta Euskal Herriko Surf Federazioko komunikazino arduraduna da. Azken hilabeteotan behar piloa euki dau, Mundakako ezker olatuak zeresan haundia emon dau eta. Urdaibaiko itsasadarrean egindako dragaketa beharrek, eta Urdaibaiko dunea berreskuratzeko egindako hondar-mugimenduek olatua aldatu dabe. Aldaketen ondorioz, mundu mailan ezaguna dan Mundakako olatua be aldatu egin da. Urrian Mundakan egitekoa zen WCTa (World Championship Tour), munduko surf-zirkuito altuenaren bederatzigarren froga ere bertan behera gelditu da.

 
HABE.- Zer gertatzen jako Mundakako olatuari?

ZUBEROA ANDRES.- Lehen ezkerretik eskumara etortzen zan olatua eta apurka-apurka apurtzen joaten zan, baina orain olatua erdialdean puskatzen da, erdibitu egiten da. Erreka olatuaren erdialdera doalako gertatzen da hori, eta ez ezkerrera, lehen gertatzen zan moduan. Ondorioz, olatua ez da tubularra eta perfektua, lehen legez. Horretaz aparte, indarra galdu dau olatuak, dunak berreskuratzeko egin dan are-mugimenduengaitik.

 

H.- Zergaitik desagertu da olatua?

Z.A.- Olatua ez da desagertu, guri gustatzen jaku esatea gaixotu egin dala. Gauzea da azkenengo 30 urteotan hainbat dragaketa behar egin dabezala itsasadarrean, eta horrek eragina izan dau olatuan. Baina, denporeagaz ikusi dogu, eta esperientziak holan dino, olatua bere lekura bueltatzen dala beti.

 

H.- Zer gertatu da ba, oraingoan?

Z.A.- Azken dragatuak orain arteko bortitzenak izan dira, eta Laidako dunea berreskuratzeko lanagaz batera etorri dira, ganera. Horregaitik, kezkatuta egon gara, ez gendualako ikusten lehengo errekuperatze-prozesu bera.

 

H.- Zerk egiten dau berezi Mundakako olatua?

Z.A.- Oso olatu berezia da, Europako ezker olatu onena eta munduko 10 olatu onenetarikoa da. Olatua berez ez da desagertu, ezaugarri berezi horreek desagertu dira. Oso olatu luzea da Mundakakoa, horrek esan nahi dau surflariak maniobra piloa egin ahal dauzala. Mundakako hondoa, areazkoa bada be, nahiko fijoa da eta horrek oso olatu garbi eta polita sortzen dau, olatu oso tubularra.

 

H.- Ezin da, baina, urte osoan disfrutatu.

Z.A.- Ez, olatu kapritxosoa da, itxaso handia behar daualako. Oso baldintza bereziak behar dauz, eta horregaitik udan gatxa da ikustea. Udagoienean eta batez be neguan ikustea da normalena.

 

H.- Zenbat surflari ditugu Euskal Herrian?

Z.A.- Zaila da kontrolatzea zenbat surflari dagoan Euskal Herrian. Kalkulatzen dogu Euskal Herri osoan 20.000 baino gehiago gagozala. Halan eta guztiz be, edozeinek ezin dau Mundakan surfeatu. Maila oso altua behar da Mundakako ezker olatuan sartzeko eta maila hori euki ezean oso arriskutsua izan leiteke. Hori dala eta, atzerritik jente asko dator Mundakara. Eta ez bakarrik Espainiatik, Europatik eta mundu guztitik. Honeek neguan egoten dira, negua da eta Mundakako olatuaz gozatzeko garai aproposena. Garai horretan errez ikusten dozuz 200 pertsona uretan.

 

Hamar altxorren artean
 

Zuberoak dinoanez, surfeatzeko hamar 'altxor' dagoz mundu mailan, eta Mundakako olatua horreen artean dago. Bere ezaugarriak dirala eta, osterantzeko olatuen ganetik dagozan uhinak dira 'altxor' horreek. 'Surfeatzeko lehenengo altxorra esango neuke Hawaii dala, Pipeline olatua, oso ezaguna dana. Gero Tahiti edo Fiji Irlak oso famatuak dira. Tahitin Tabuko deitzen dan olatua dago, oso famatua hau be. Leku horreetan olatuak oso onak dira, hondoak direla eta. Koralezko hondoak dira, eta olatu erraldoi, bortitz eta perfektuak sortzen dabez. Sano arriskutsuak dira koralezko hondo horreek, eta sarritan, olatuak koralaren kontra bultzatuta, surflariak hil egiten dira. Euskal Herrian ez daukogu holakorik, harkaitzezko hondoak baino. Esaten dabe, halan da be, Meñakoz (Sopelan) Hawaii txiki bat dala'. Oso ezaguna, da baita be, Australia, 'baina olatu onak baino klima zoragarria dagoalako eta hondartza kilometro piloa, baina ez da Euskal Herria baino hobea'.

 

Miarritze, lehenengoa Europan
 

Euskal Herriko hondartza bakoitzeko surf-talde eta surf-eskola bana dauko, gitxienez, Euskal Herriko Surf Federazioak. Sopela, Mundaka, Barrika, Bakio, Zarautz, Gros, Angelu... surfeatzeko hondartza asko eta ezagunak. Miarritzek be ospe handia dauko, olatu oso onik euki ez arren. Baina, oso hondartza ezaguna da surf-kontuetan, Europan lehenengo aldiz Miarritzen agertu zalako surfa. Kaliforniatik Miarritzera ekarri eben surfa lehenengo biderrez Europara, eta ospe horri eutsi egiten jako oraindino.

 

Astebetean, ia surfeatzen
 

Surfa egiten ikasteko, lehenengo, ikastaroa egitea proposatzen dau Zuberoak. Edozein hondartzatan egin leiteke, hondartza danetan dagoalako gitxienez surf-eskola bat. Ikastaroetan aukera handia dago: astegoienekoak, astelehenetik barikurakoak, goizez egitekoak, arratsaldez. 'Aproposena da astebeteko ikastaroa egitea, gitxienez, olatu ganean joaten ikasteko. Ez da erreza, nahiko frustrantea izaten da hasikeran. Umeak ikustea ikaragarria izaten da, ordu betean ikasten dabe. Helduok, ostera, gitxienez aste bat behar dogu'.

x61pRelaContWAR

detalle2

Dokuteka

2005-09-19

x61pRelaContWAR

16161246

x61pViewCountWAR

4053

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR