detalle dokuteka-generico-fitxa

Masoiak

Adierazpen askatasuna defendatzen dutela diote masoiek; bere aurkako mugimendutzat jotzen du eliza katolikoak.

Hargin askeen bilgunea

Zeintzuk dira, baina, masoiak? Sekta bat al da masoneria? Antzinako erlijioren bat, agian? Kristauen aurkako mugimendu bat?

 

Ez da erraza hura era neutroan deskribatuko duen inor aurkitzea. Asko dira, aldiz, gogor defendatu edo kritikatzen dutenak. Historialarien esanetan, elkarte horiek haien ideologia «sekretupean» gordetzen dutelako gertatu da hori. Beraz, haien ohiturak ezagutzen ez dituztenek, euren erara «maneiatzen» dute duten informazioa. Masoneria gertutik ezagutzen dutenek, berriz, gizartea haien alde jartzeko adina informazio eskaintzen dute, ez gehiagorik. Adibidez, masoiek adierazpen askatasuna defendatzen dutela diote. Baina, kasu askotan, logia batean sartu eta lehen urtean hasi berriek ezin izaten dute euren iritzia eman.

 

Kristauen eta masoien arteko leia ere aipatzekoa da. Bi erakunde horiek aurrez urre egon izan dira sortu ziren une beretik. Eliza Katolikoak masoneriak deabrua miresten duela esaten du eta masoiek, berriz, kristauek euren ideiak inposatu egiten dituztela. Sinestekotan, zeini sinetsi?

 

 

 

HISTORIA

 

Egun masoneria izenez ezagutzen den hori Francmasoneria zen lehen. Hitza bera frantsesetik dator: franc (askea) eta mason (igeltsero edo hargina). Hiram de Tiroren aginduetara Salomonen tenplua eraiki zuten harginak izan ziren, ustez, mugimendu hau sortu zutenak. Ondorioz, hasieran, katedralak eraikitzen lan egiten zuten igeltseroek soilik har zezaketen parte elkarte horietan. Talde horiek sekretupean gordetzen zituzten katedralak eraikitzeko erabiltzen zituzten teknikak. Erdi Aroan, ordea, mugimendua gizarte osora zabaldu zen eta harginak ez zirenek ere masonerian parte hartzeko aukera izan zuten.

 

Garai hartako masoneriak erlijio kutsua ere bazuen, Unibertsoaren Arkitektoa izeneko jainko bat zegoela onartzen zuelako. XIX. mendean, ordea, Frantziako Logia Nagusiak arrazoiaren bidea jarraitzea erabaki zuen eta atzean utzi zuen kutsu erlijiosoa. Geroztik masoiek pertsona bakoitzaren ikuspegi kritikoa bultzatzea dute helburu nagusitzat. Norberaren arrazoia beste erlijio eta dogma guztien gainetik dagoela diote. Ondorioz, Eliza Katolikoak behin eta berriz kritikatu izan du euren ideologia. «Masoneriak uko egiten dio Jainkoari, eta beraz, moralari. Ateak irekitzen dizkie ateismoa, panteismoa edo espiritismoa bezalako mugimenduei», esan zuen 1825ean Leon XII aita santuak.

 

Masoneria, bestalde, herrialde askoren independentziarekin lotu izan da. Elkarte horien arabera, masoneriak zuzenean ideia politiko jakinik bultzatzen ez duen arren, masoiak izan ziren iraultza horietako askoren sortzaileak. Frantziako edo AEBetako iraultza, esaterako, masoiek egin omen zuten. Historialari askok, baina, frogatu ezin diren baieztapenak egitea leporatzen diete.

 

Egun ere, antzina egiten zuten bezala, zuhurtziaz jokatuko dutela eta masoneriaren ohiturak sekretupean gordeko dituztela zin egin behar izaten dute hasiberriek. Teologoen esanetan, ordea, zin egiten dutenean hasiberriek ez dute jakiten zer den sekretupean gorde behar duten hori. Hori da, besteak beste, sekta bat dela esateko arrazoietako bat, haien ustez.

 

 

 

ADIERAZPEN ASKATASUNA

 

Masoneriaren helburuak norbanakoaren ikuspegi kritikoa bultzatzea eta benetako egia aurkitzea dira, besteak beste. Zenbait logiatan, baina, hasiberriek ezin izaten dute beraien iritzia eman lehen urtean. Horretaz gain, zenbait ideia sekretupean gordetzeko beharra ere adierazpen askatasunaren aurkako araua da, hainbat historialariren esanetan. Era berean, adituek diotenez, Jainkoa gizartearen «apostolu handiena» da, erromatarren eta apaizen fanatismoa gainditzeko gai izan zelako. Hala ere, debekatu egiten dute haren izena aipatzea, beste erlijio batzuetakoak diren masoiak ez mintzeko.

 

Kritikoen arabera, masoiek askeak direla uste duten arren, «logiari lotuta» daude, beraz, ez dira erabat askeak. Masoneriako kide direnen esanetan, ordea, eurena eskola bat besterik ez da, banakoei beraien kabuz pentsatzen irakasten dien eskola bat, alegia. Ondorioz, norbaitek elkartea uztea erabakiko balu, ez luke inolako oztoporik edukiko. Badira, aldiz, masoiek elkartetik bidalitako kideak ere. Kasu horietarako epaitegi bat du elkarte horrek. Logia bakoitzak badu Konstituzio bat eta haren arabera epaituko dute moralaren edo logiako arauen aurkako ekintzaren bat egin duen kidea.

 

Masoneriak, antzeko beste elkarteek bezala, bere ikurrak ditu. Horietako gehienak igeltseroek katedralak eraikitzeko erabiltzen zituzten tresnak dira. Eskuairak, esaterako, heriotza sinbolizatzen du, eta galgak, berriz, berdintasuna edo zuzentasuna. Masoneriaren arabera, masoiek tresna horiek erabiliz gizarte osoarentzako tenplua eraiki behar dute. «Tenplu hori eraikitzeko harriak masoiak dira. Horretarako harri bakoitza landu behar da eta hori da masoneriaren helburua».

 

Bestearekiko tolerantzia da masoiek bete beharreko arauetako bat. Ondorioz, logia askok herrialde horretan indarrean dagoen erlijioaren irudia barneratzen dute elkarteko sinboloen artean. Beraz, herrialde katoliko bateko logiak, Biblia onartuko du haren ikurren artean, nahiz eta kristautasunaren ideiak jarraitu ez.

 

Ricardo de la Cierva idazle eta historialariaren arabera, «kristautasunarekin amaitzea» da masoien azken helburua. «Eliza eta gizartearen arteko harremanak eten nahi dituzte», dio. Bera bezala, teologo asko dira bi erakunde horien arteko liskarrak «masoien erruz» hasi zirela diotenak. Masoneriako kideen arabera, ordea, eurek «pentsatzeko eta hitz egiteko askatasuna ematen diete masoiei, eta hortik aurrera bakoitzak aukeratu behar du erlijio bat edo bestea».

 

Egun, mundu osoan aurki daitezke masoien elkarteak. Baina horietako kide izateko bertara joatea ez da nahikoa. Lehendik logia batean dagoen masoi baten bidez soilik sar daiteke norbait logia batean. Horretaz gain, logia askok gizonezkoak soilik onartzen dituzte, egun. Badira gizonak onartzen ez dituzten logiak ere.

 

Pertsona ezagun askok hartu du parte elkarte sekretu horietan. Adibidez, Napoleon Bonaparte Frantziako Enperadorea, Salvador Allende Txileko presidente ohia edota Gerald Ford AEBetako presidente ohia. Ondorioz, askotan esan izan da mugimendu hori botereari lotuta dagoela

detalle2

Dokuteka

B2
2004-05-11

x61pRelaContWAR

16159717

x61pViewCountWAR

3738

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR