Dokuteka
'Tximinoaren auzia', berriz abian
AEBetako hezkuntza sisteman Darwinen eboluzioaren teoria auzitan jartzeko ideiak sartzeko saioa egin dute Kansasen.Eskuin erlijiosoa erasora jotzen ari da berriz AEBetako hegoaldeko estatuetan.
EDU LARTZANGUREN
Eboluzioaren teoria irakasteagatik irakasle bat epaitu eta zigortu zuten Tennesseen (Ameriketako Estatu Batuak) 1925ean. Tximinoaren auzia deituriko haren bertsio berria egin dute asteburu honetan Topekan, Kansasko hiriburuan. Estatu horretako Hezkuntza Batzordeak hiru eguneko saioa egin zuen joan zen astean, eboluzioaren teoria eskoletan nola irakatsi behar den erabakitzeko.
Eskuin erlijiosoa erasora jotzen ari da berriz AEBetako Bibliaren gerrikoan, hau da, hegoaldeko estatuetan. Estatuko eskoletan ematen diren irakasgaien inguruan erabakitzen duen erakundea da Hezkuntza Batzordea. Hamar herritarrek osatzen dute eta lau urtean behin berritzen da, AEBetako presidentea aukeratzeko bozekin batera. Fundamentalista kristauak nagusitu ziren batzordean 1999. urtean, eta Charles Darwin eskoletatik at utzi zuten. Jainkoak unibertsoa eta gizakia zazpi egunean sortu zuela irakatsi zen ordutik Kansasko ikastetxeetan. Urtebete geroago, batzordeko errepublikanoek atzera egin zuten, erabakiak AEBetan eta munduan eragin zuen erantzunak bultzatuta.
Jainkoak unibertsoa duela sei bat mila urte inguru sortu zuela uste dute kreazionistek. Orain jantzi berriekin heldu dira Kansasera, eta Diseinu Adimentsua jarri diote izena. Teoriaren arabera, organismo konplexuak ezin dira zoriz sortutakoak izan, baizik eta «diseinatzaile adimentsu» batek sortutakoak. Bizidunak ingurumenaren erronkei erantzun eta aldatu egiten direla onartu zuen Bill Harris medikuntza irakasle eta Diseinu Adimentsuaren bultzatzaileak Hezkuntza Batzordearen aurrean. Edonola ere, «gizakia istripua» dela ukatu zuen. «Bizidun forma guztiak arbaso komun batetik datozela eta prozesu natural baten ondorio direla ezin da esan, zientzian oinarrituta», esan zuen.
1987an kreazionismoa eskoletan irakastea galarazi zuen AEBetako Auzitegi Nagusiak «sasizientzia» dela iritzita. Diseinu Inteligentearen bultzatzaileak beste bide bat bilatu nahi dute, kreazionismoa ikasgeletan sartzeko. Agnostikotzat jotzen dute euren teoria, eta darwinismoarekin batera irakastea proposatzen dute. Azken finean, komunitate zientifikoak eztabaidatzen ez duen eboluzionismoa «beste teoria bat» besterik ez dela eman nahi dute aditzera eskoletan.
George Bush bigarren aldiz presidente aukeratu zuten bozetan sortu zen Kansasko Hezkuntza Batzorde berria. Orduan ireki zuten eztabaida, eboluzioaren irakurketa erlijiosoa eskoletara eramateko asmoz. Joan zen ostegunean hasitako saiora lekukorik ez bidaltzea erabaki zuten Kansasko unibertsitateek eta AEBetan zientzia bultzatzen duten erakundeek. Izan ere, erabakia hartuko duten epaimahaiko hiru kideak eboluzioaren aurkakoak dira.
PEDRO IRIGONEGARAY (Kreazionismoaren aurkako abokatua): «Umeen burua manipulatu nahi dute, erlijioa estatuari lotzeko»
Pedro Irigonegaray Habanan jaio zen, 1948an. Baionakoa zuen aita. Abokatua da Topekan, Kansasko hiriburuan, eta prest agertu da eboluzionismoaren etsaien argudioei aurre egiteko. Kobratu gabe eta zientzialarien gehiengoaren izenean dabilela dio, estatua eta erlijioa banandurik gorde nahian, eskuin erlijiosoaren erasoaldiaren aurrean.
Diseinu Inteligentearen teoriaren aldeko lekukoak galdekatu dituzu epaiketa saioetan. Ezer berririk esan al dute kreazionisten leloetatik harantzago?
Ez, zoritxarrez afera hau ez da zientzian oinarritzen, hau prozesu kultural, sozial eta erlijioso bat besterik ez da. Hezkuntza prozesuan halako ideia erlijiosoak sartzea haurren hezkuntzari konponbiderik ez duen kaltea eragitea da. Erlijioak eta estatuak banandurik egon behar dute, demokraziak iraungo badu. Jende honek haurren buruak manipulatu nahi ditu, erlijioa estatuari lotzeko. Horretarako, Kansasko hezkuntzaren erantzukizuna duten gizabanako hauek abusu intelektuala egiten dute, beren beregizko ezjakintasunean oinarrituta.
Eskuin erlijiosoaren eraso orokorrago baten alde bat al da afera hau?
Ezin da galdu bataila hau. Ez da soilik Kansas. Fundamentalismoa izugarri zabaltzen ari da AEBetan, modu arriskutsuan, islamistekin gertatzen ari den bezala mundu musulmanean. Krisi garaietan gertatzen dira halako fenomenoak, fundamentalismoek erantzun errazak ematen dituztelako.
Zergatik parte hartu duzu auzian? Zientzialari bakar batek ere ez du agertu nahi izan
Zientzialariekin harremanetan nago, elkarlanean ari gara. Gauero bildu gara nire etxean, saioen jarraipena egiteko. Nire asmoa zera da: jende horrek esaten duena jasotzea, borroka hau beste estatuetan jarraitzea izan dezagun.
Ez al zen, ordea, hobe izango halako auzi bati muzin egitea, batez ere galduta zegoela jakinda?
Horrela egitea erabaki genuen zientzialariekin hitzartuta, kreazionistei askotan inork ez dielako aurre egiten. Epaimahaiko gehienak eboluzionismoaren aurkariak dira, eta ez dut itxaropen txikiena ere, emango duten epaiari dagokionez. Ez dugu eboluzioa auzitan jarri, eta, gainera, ezin genuen aukera galdu gutxienez afera Justiziara eramateko. Orain epaitegietara jo dezakegu; Konstituzioa erabilita, hauek gelditzeko aukera sortuko dugu. Ostegunean egingo dut azken hitzaldia Kansasko Hezkuntza Batzordean. Ez naiz zientziaz mintzatuko haren aurrean. Joera hau legearen indarraren bidez gelditzeaz mintzatuko naiz.
