Zer da aztarna ekologikoa?

Teknopolis saioan azalduko digute zer den aztarna ekologikoa, nola kalkulatzen den, etab.

53. DVDa


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Erraza da jakitea gizakiak zer eragin duen naturan. Norberak egunero kontsumitzen duena kalkulatu, erabiltzen dituen garraiobideak zerrendatu, sortzen dituen hondakinak zenbatu eta berehala aterako ditu kontuak. Gutako bakoitzaren aztarna ekologikoa esaten zaio horri.

1990eko hamarkadan Wackernagel eta Rees suitzarrek garatu zuten metodo bat da. Pertsona-multzo batek egiten duen bizimodua egin ahal izateko behar den lur-azalera kalkulatzen da. Aztarnak esaten du zenbat natura-zati erabiltzen ari den biztanle bakoitza.

Nerea Ibañez, biologoa: Aztarna ekologikoa kalkulatzea posible da jakin dezakegulako zenbat kontsumitzen dugun urte batean. Jakin dezakegu zenbat tomate jaten ditugun, zenbat paper erosten dugun… Zatiketa egiten dugu eta jakin dezakegu jaten ditugun tomateak ekoizteko zer-nolako lur-zatia behar dugun, eta hori egiten da gauza guztiekin: papera, egurra, zerealak, 200 baino gehiago baliabiderekin, eta batura da gure aztarna ekologikoa.

Izakiak naturan duen eraginaren erakusle bat da eta gizarteko kontsumo jokamoldeen eta garapen-ereduaren berri ematen du.

Aztarna ekologikoak sei azalera-mota hartzen ditu kontuan:

Larreak, hau da, esnea ematen diguten behiek elikatzeko behar duten azalera, adibidez.

Arraina eta itsas fruituak lortzeko behar den itsaso zatia hartzen da kontuan.
Paper eta zuraren hornikuntzarako behar den basoaren azalera kalkulatzen da.
Eraikitako azalera, hau da, etxebizitzak eta azpiegiturak eraikitzeko azalera ere kontuan hartzen da.
Laborantzarako edo barazkiak, olioa, kotoia eta abar emateko behar den azalera kalkulatzen da.
Energia kontsumotik datozen CO2 isuriak asimilatzeko azalera hartzen da kontuan.

Aztarna ekologikoak kontsumitzen dena sortzeko behar den azalera da. Baita hondakinak uzteko erabiltzen dena ere. Kontuan hartzen du baita ere gizakia ez dela bakarrik bizi, eta gainerako animalia, landare eta abarrak behar dituela bizitzeko. Bizidun horiek bizitzeko lurraren %12 nahikoa dutela jotzen da, azaleraren %12, beraz, haiei gordetzen zaie.

Aztarnak ez ditu kontuan hartzen gune antzuak, hala nola, basamortuak, ozeanoen hondoa, poloak… Kalkulu guztiak eginez jakin dute, Hego Euskal Herriko aztarna ekologikoa ia bost futbol-zelairen adinakoa da.

Iparraldeko euskaldun baten aztarna zenbatekoa den ez dute kalkulatu, baina Frantziakoa ia sei hektareakoa da.

Planetako biztanle guztiak Hegoaldeko euskaldunak bezala biziko balira, hiru planeta beharko lirateke munduko biztanleriaren eskaera asetzeko. Planeta bakarra dagoenez, kalkulatu dute aztarna ekologikoak ia bi hektareakoa izan beharko lukeela, hau da, bi futbol-zelai adinakoa. Hortaz, Euskal Herriak dagokiona baino gehiago hartzen du, hau da, defizit ekologikoa du.

Nerea Ibañez: Horrela, zer gertatzen ari da? Ba guk gehiegi kontsumitzeko beste batzuk behartzen ari gara gutxiegi kontsumitzera, eta gutako bakoitzeko bilatu behar ditugu hiru pertsona, bakoitzak 0,6 hektareako aztarna duena. Bai? Futbol-zelaia baino gutxiagoko aztarna izango duena.

Nafarroak, Gipuzkoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak kalkulatu dute aztarna ekologikoa. Munduko hainbat herrialdek ere gauza bera egin dute eta ikusi dute zein herrialde bizi den dagokionarekin baino gehiagorekin eta zein gutxiagorekin.

Nerea Ibañez: Jan dezakeguna mugatuta dago gure energia-kontsumoa ez dago mugatuta, zeren gure etxean izan ditzakegu bost telebista, hiru ordenadore eta hainbat eta hainbat aparatu elektriko. Garatzeko bidean dauden herrialde horietan aztarna ekologikoa askoz murritzagoa da, beraien energia-kontsumoa askoz txikiagoa delako.

Nazio Batuek aurreikusi dute 2050. urtean gizakiak erabiliko duela lurrak sor dezakeenaren bikoitza, baldin eta orain arteko hazkunde, kontsumo eta C02 emisio-tasa berak jarraitzen baldin badira.

Mutil gaztea: Gaur eguneko kontsumoarekin bukatu beharko genuke, energia berriztagarriak bultzatu eta produkzio-eredua ere aldatu egin beharko litzateke.

Nerea Ibañez: Hezkuntza da funtsezkoa. 
 

C1
2007-01-18
16158168
00.07.06
9250