Gazteak kaletik baserrira
Askotan esan izan da gero eta jende gutxiagok erabakitzen duela baserrian bizitzea. Baina, azken urteotan bizimodu horren aldeko apustua egin duen hainbat gazte aurki ditzakegu.
Vanesa Barriuso eta Jon Arregi kalean jaio ziren, baina baserrian topatu dute ogibidea.
Vanesak psikologia ikasi zuen eta egun, oiloak hazten ditu, eta Jonek gaztak egiten ditu. Lan gogorra omen da, baina gustura daude hautatu duten bizimodu berriarekin.
EITBko Landaberri saioko audio honetan beste zenbait testigantza ezagutu ditzakezu.
ESATARIA. - Vanesa Barriuso donostiarra da, Gros auzokoa, baina orain Urnietako Basitegi baserrian bizi da. Psikologia ikasi zuen baina bete-betean oiloak zaintzen pasatzen du eguna. Horixe du ogibidea.
VANESA BARRIUSO. - Baserri hau erosteko aukera izan nuen. Eta argi izan nuen nire bizitza baserri-munduaren inguruan nahi nuela.
ESATARIA.- Jon Arregi ere kale-umea da, usurbildarra. Baina bere emaztearekin eta bi seme-alabekin Zerainen, Garoa baserrian, bizi da. Aurretik bikoteak sukaldari-ikasketak egin zituen.
JON ARREGI.- Ba ez ginen ikusten. Edo ez nintzen ikusten ba sukalde batean lanean bizi guztirako. Eta orduan, mendia ere gustatzen zitzaigun, animaliak ere bai, batez ere ardiak. Eta orduan erabaki nuen ba artzain batekin frogatzea lanbide hori nola zen.
ESATARIA. - Lan handia izan arren, ofizioa guztiz erakargarria dela diote.
JON ARREGI. - Gure ardietatik biltzen dugun esne horrekin ba gazta egiten dugu, eta gazta hori saltzen dugu eta orduan dena, kate hori guk eramateak ba asko konpentsatzen du.
ESATARIA. - Eta noski, aisialdirako denbora ere ateratzen dute.
VANESA BARRIUSO.- Nire bizitza hemen egiten dudala, baserrian, baina bai joaten naizela Donostiara buelta bat ematera. Azkenean, bi bizitzak ondo konbinatu daitezke.