Gizonduz, gizonezkoak kontzientziatzeko programa

Emakundek duela 10 urte sortutako programa bat da Gizonduz, gizonezkoak generoen arteko berdintasunaren alde kontzientziatzeko.

Gizonduz programaren koordinatzailearen ustean, azken hamar urteetan aurrera egin da berdintasunaren aldeko diskurtsoan, baina oraindik asko falta da ekintzetara pasatzeko.
 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA. Gizonak generoaren arteko berdintasunaren alde kontzientziatzeko, Emakundek duen programa aitzindaria da 'Gizonduz'. Eta 2008ko apirilean aurkeztu zen jendaurrean helburu horrekin bat egiten zuten arlo publikoko dozenaka gizaseme plazara aterata. Orain arte egindako bidea nola baloratzen duten eta, batez ere, aurrera begira dituzten erronkei buruz hitz egiteko deitu diogu Ander Bergara Gizonduzeko koordinatzaileari. Egun on, Ander.
ANDER BERGARA. Kaixo, egun on.

KAZETARIA. Eskutitz hau sinatzen dugun gizonok badakigu gure gizartean ez dagoela berdintasunik emakumeen eta gizonen artean eta emakumeak gizonen menpe daudela eta, ondorioz, gizonok hainbat pribilegio ditugula. Bidezkoa da egoera aldatzea, emakumeen eskubidea delako eta gizarte osoaren onerako izango delako, baita gizonentzako ere. Hala hasten zen orain 10 urte publikoki eta aurkezpen-txartel modura Gizonduzek zabaldu zuen eskutitza. Geroztik zein atxikipen sozial izan du? Zein bilakaera izan du kontzientzia horrek?
ANDER BERGARA. Nik uste dut aurrerapausoak eman direla. Izatez, eskutitz hori 10.000 gizonek baino gehiagok sinatu zuten. Aurrerapausoak nabaritzen ditugu, baina ez da nahikoa. Nik uste dut oraindik asko dagoela egiteko berdintasunaren alde, gizonen inplikazioaren inguruan, eta hain justu 10 urte bete dira konpromiso pertsonal eta kolektibo hori sustatu genuenetik. Eta 10 urteren ostean, kanpaina berri bat abiatu nahi dugu, hain justu konpromiso horretan harago joateko, lortu duguna nahikoa ez delako, neurri zehatzagoak martxan jarri nahi ditugulako. Badakizu, berdintasunaren alde dagoen konpromisoa areagotzeko, ez?

KAZETARIA. Zertan uste duzu egin dela aurrera?
ANDER BERGARA. Aurrera, nik uste dut, maila teorikoan edo diskurtsoan aurrera egin da, nik uste. Gizon gehienek berdintasunaren alde daudela esaten dute. Nabari da ere emakumearen indarkeriaren kontrako agerraldiak eta ekintzak antolatzen direnean, gizonen presentzia geroz eta handiagoa da. Zaintza-lanetan ere zerbait igo da, baina, oro har, ez daukagu gure egunerokoan txertatuta berdintasuna, esango nuke nik. Hitzetatik ekintzetara egin behar dugu jauzi bat. Eta askotan ez delako erraza berdintasunaren alde egitea, ditugun pribilegio batzuei uko egitea suposatzen duelako.

KAZETARIA. Sentsibilizazioa da, hain zuzen, Gizonduzen egiteko nagusienetakoa. Nola landu duzue hori? Ze mugarri nabarmenduko zenituzke?
ANDER BERGARA. Bai. Bueno, nik esango nuke ba lorpen bat izan dela 7.000 gizon baino gehiagok parte hartu izana antolatu ditugun ikastaroetan; kontuan izanda ere, oro har, gizonak ez daudela interesatuak halako prestakuntza jasotzen. Nik uste dut hori lorpen handi bat izan zela sentsibilizazioan. (Baita) Ere, 30.000 motxila banatu genituen aita izango ziren gizonen artean, aitatasun berdinzaleago bat bultzatzeko. Sare sozialetan ere hainbat gizon dauzkagu jarraitzen gaituztenak. Eta ja gazteen inguruan ere, ba 2016an, atera genuen programa berezi bat “Gazteak berdintasunean 2.0” eta hainbat ikasle eta irakaslek erabili izan dute tresna pedagogiko…, hori ba matxismoa prebenitzeko gazteen artean.

KAZETARIA. Berdintasunaren alde hitzez bai, baina jarrerez eta ekintzez dauden gizonezkoen masa kritikoa handitzea, hor dago gakoa Gizonduzen ustez. Esango zenuke feminismora hurbiltzen ari den masa kritiko hori ari dela handitzen?
ANDER BERGARA. Nire ustez handitzen ari da. Oro har, handitzen ari da, baina ez da nahikoa. Egia da ere, badago beste polo bat, eta ultraeskuinarekin lotuta dagoena, eta mezu batzuk heltzen ari direla ere, polo erreaktibo bat, berdintasunaren kontra eta feminismoaren kontra egiten duena, eta hor borroka antzeko bat dago, eta erakunde publikoetatik dagokiguna da ba berdintasunaren alde eta feminismoaren alde dagoen, dauden pertsonak eta dagoen mugimendu horri bultzada handiago ematea, nagusi izan dadin. Nik uste dut hor asko dugula egiteko, eta gizonok bereziki.

C1
2018-10-25
16147057
00:04:37
1773