Dokuteka
Google erraldoi teknologikoak urteak bete ditu
Munduko hirugarren enpresa da sareko bilatzailerik erabiliena. Egunero 3.500 milioi bilaketa pasa egiten ditu: bilaketa bakoitzean 0,19 segundo ematen ditu.
Googlek gure bizitza aldatu du. Eta oso ondo ezagutzen gaitu: ezagutzen ditu gure ohiturak, zer kontsumitzen dugun… Aisialdia nola igaro iradokitzen digu, bizitza errazten… Baina hori lortzeko ditxosozko, edo zorioneko, teknologiaren menpeko bihurtu gara.
Orain bi hamarkada liburutegiak eta hemerotekak ziren informazio-iturririk fidagarrienak. Entziklopediak ziren jakintzaren adiskiderik onenak. Baina ikasteko eta ezagutzeko egin behar zen ahalegin hori internetek ordezkatu du. Izan ere, oso erosoa da klik bati emanda interneten sartzea. Mundu-mailan sortzen den ezagutza denbora errealean daukagu eskura. Horrek ateak zabaldu dizkigu, baina erraztasun berarekin kendu digu ahalegintzeko gaitasunari, arreta jartzeari eta harritzeko ahalmenari genion errespetua. Garai bateko gezurrezko hainbat albiste edo zurrumurru “fake new” (berri faltsua) delakoak ordezkatu ditu, eta interneten azaltze hutsa nahikoa da edozer sinesgarritzat jotzeko.
190 herrialdetan dago Google
Sorreran Larry Page eta Sergey Brin unibertsitario gazteak daude. 1995ean informatika eta programazioa ikasten zebiltzan Stanford-eko Unibertsitatean. Lagun egin ziren enpresa bat sortzeko ametsak batzen zituelako biak. Egia esan, sortzaileek beraiek ez zekiten euren ideia iraultzaileak eta teknologiarekiko grinak eraginda erraldoi bat sortuko zutenik. Alegia, edozer bilatu nahi duzula, berdin dio zein hizkuntzatan bilatu, aurkituko duzu bila zabiltzana. Izan ere, munduko web-bilatzailerik ospetsuenak 150 hizkuntzatan baino gehiagotan dauka bere bilaketa-eskaintza, 190 herrialdetan zabaldurik.
Altavistak bista gutxi
XX. mende-bukaeran baziren beste bilatzaile batzuk, adibidez, Altavista. Bazituen bere zerbitzarian milioika web, erabiltzaileentzat eskuragarri. Baina hitz gakoen bidez bilaketa horiek hobetzeko asmoa hartu zuten Page eta Brin gazteek. Baina beren asmoaren berri Altavistari ematean, ez zituen aintzat hartu. Bazterketa horri lotuta omen dago Googleren sorrera. Egun, ikasle haiek erraldoi bat gidatzen ari dira, eta bolada batez bilatzaile indartsu izan zenak, Altavistak, ateak itxi zituen orain urte batzuk.
1997an, BackRub izena baztertu eta Google hitzaren alde azaldu ziren bi gazteak. Hitz horren oinarrian beste hau dago: googol matematika-hitza, 1 zenbakiak ondoren 100 zero dituela adierazten duen terminoa.
1998ko abuztua. Arrisku-kapitalekin lan egiten zuen Andy Bechtolsheim enpresariak bilatzaile haren aldeko apustua egin zuen. Argi ikusi zuen negozioa, eta 100.000 dolarreko txekea eskaini zien. Egia esan, gazte haiek artean ez zuten argi Google zertarako izan zitekeen, eta enpresa bera ere sortu gabe zeukaten. Enpresari aberatsak galdetu ere egin zien ea ze publizitate-mota egin nahi zuten bilatzailea agerian jartzeko, eta erantzuna izan zen ez zutela horretarako asmorik. Nahikoa izango omen zen jendeak berria ahoz aho zabalduta.
Baina txeke hari esker Pagek eta Brinek, euren logeletan lan egin ordez, garaje batera eraman ahal izan zuten beren lantokia, Menlo Park-era. Ez hori bakarrik, abuztuan bertan beren lehen langilea kontratatu ahal izan zuten: Craig Silverstein.
Google.com bilatzailea 1998ko irailaren azken egunetan beta fasean zeukaten oraindik. 10.000 bilaketa inguru egiten zituen egunero, eta kazetaritzaren arreta jasotzen hasi zen bilatzaile berria: bikaina zela eta abar, esaten zuten. Hurrengo urtean bi inbertitzaile handiri esker, 25 milioi dolar lortu zituzten, eta ordura arteko bulego xumeak txiki geratu ziren. Googleplex-era joan ziren -izen hori du Googleren egungo egoitzak-. Kalifornian dago, Mountain View-en, hain zuzen.
2004an burtsan kotizatzen hasi zen, eta gaur egun arlo horretako hirugarren multinazionala da: Apple eta Amazon aurretik dauzka.
Google beti ari da berritzen, garai eta egoera berrietara egokitzen. Hutsegiteak (Google+, Gloogle Glass, Buzz, Wave, Google Video Player edo Picasa) salbuespen dira. Beste guztia urre bihurtu dute: mapak (Maps), mezularitza (Gmail), nabigatzailea (Chrome), sistema operatiboa (Android)… Eta gainera, YouTube edo Facebook enpresa arrakastatsuak erosi dituzte.
Egun 141.000 milioi dolarretik gora balio du Google markak. Ez da interneteko bilatzaile arrunt bat. Bere zerbitzuak askoz haratago doaz: mapak, ikus-entzunezko edukiak dituzten plataformak, datu-analisiak, liburu-biltegiak, iragarkiak… baita morroi adimentsu bat ere.
2006az geroztik, Google hitza ingelesezko aditz bat da
Hona hemen Googleri buruzko hainbat bitxikeria. Interneten munduan egiten diren bilaketen %91 biltzen du. 80.000 langile dauzka. 2006an Oxford English Dictionary-k aditzen zerrendan sartu zuen “Google” hitza; RAEren hiztegiak ez du oraindik pausu hori eman. Googlek mila milioitik gora erabiltzaile dituen 6 zerbitzu ditu: bilatzailea bera, YouTube, Gmail, Maps, Play Store eta Google Translator. Azken honek bost kontinenteetan egunero 150.000.000.000 hitz baino gehiago itzultzen ditu 150 hizkuntza baino gehiagotan.
Baina mundu mailako erraldoi honentzat guztia ez da ederra. Bilatzaile gisara ia erabateko nagusitasuna duenez, baita iragarkien alorrean edo telefono mugikorrei lotutako sistema operatiboetan ere, bada, esparru horietan lehiatu nahian dabiltzanen kontrako iritziak jaso ditu. Salatua izan da bere nagusigoa, eta isunak izan ditu. Berriki, udan, Europako Komisioak 5.000 milioi euroko isun historikoa ezarri dio Googleri, komisioak uste duelako Googlek lehia askerako eskubidea urratzen duela, Android sistema eragilea duten gailuetan bere aplikazioak aurre-instalatuta ekartzeagatik. 2017an ere beste isun bat ezarri zioten, 2.500 milioi dolarretakoa. Salaketa? Salneurriak konparatzeko bere Google Shopping atariaren mesedetan erabiltzea Googlek online-bilaketetan duen nagusigoa.
Bere alde onak on eta txarrak txar, ez dago zalantzarik bizitza errazten digula Googlek, lehen arazo ziren hainbat atakatik ateratzen gaituela, denbora eta dirua aurrezten dizkigula, hara eta hona goazenean seguruago goazela… Beraz, urte askoan erraldoi! Dena den, aholku bat, teknologia hobe neurriz erabiltzea, gehiegizko erabilerak bizitza errealetik bakartu gaitzake-eta.
