Hotsak eta hitzak

Oilarrak kukurruku egiten du. Umeak uretan plisti-plasta. Lapikoa bor-bor dago. Eta nola esan hiriko zaratei?

 

 

 

 

Felix Ibargutxi kazetaria

Argazkian esku-orri bat ageri da, Donostiako Parte Zaharreko atarietan banatu zena duela gutxi, bertako gehiegizko zarataren inguruan kontzientziatzeko. Letra larrietan dauden hitz horiek hotsak islatu nahi dituzte, inguru urbano bateko hotsak.
Esku-orriko azalpenak euskaraz datoz, baina hotsen grafia horrek, zenbait kasutan, beste hizkuntzaren batekoa dirudi.
Isiltasun, baretasun eta patxada galtzen ari da Donostiako Parte Zaharrean, hori egia da, eta bertako Parte Zaharrean Bizi auzo-elkarteak ondo egiten du galera hori salatzen. Baina esan liteke –paralelismoa eginez– onomatopeietan ere galera handia gertatzen ari dela azken hamarkadotan. Lehengo adineko jendeak askoz onomatopeia gehiago ote zekien...
Batzuen iritziz, onomatopeietan aspaldi-aspaldiko hizkuntzaren oihartzunak aurki ditzakegu. Uste horretakoa zen, adibidez, Manuel Lekuona, 'Literatura oral vasca' liburu gogoangarriaren aita. Beste batzuek –Ferdinand Saussure hizkuntzalari handiak, esaterako– gutxietsi egin dituzte horrelako hitzak, argudiatuz oso gutxi direla, eta hizkuntza baten corpusaren barruan anekdota baino ez direla.
Hemen, euskararen eremuan, adituek nahiko maiz batu eta aztertu dituzte hitzok. Resurreccion Maria Azkuek aipatu egin zituen bere 1905eko hiztegian, eta 'Morfología Vasca'-n (1923-25) kapitulu bat eskaini zien. Lekeitioko erraldoiaren iritziz, «oso ugariak» ziren onomatopeiak. Besteak beste, herri-kanta hau jaso zuen bere 'Cancionero popular vasco'-n:

Bart non otenintzen ni?
Gan nintzen Arbosera
antxume baten erostera:
antxume ori beaka;
oilo ori karaka;
neskatxa orrek ajaja;
atso zar orrek marmarmar;
zorotzar orrek farfarfar;
zanbonba orrek bunbunbun;
atabala orrek tarrapatapa;
kitarra orrek gringringrin;
xulubita orrek frifrifri;
danbore orrek ttonttontton.
Bart non ote nintzen ni?

Orain arteko ahalegin hauek aski ezagunak dira. Bada beste saio bat, ezezagunagoa, 'HABEKO MIK' aldizkariaren barruan Boni Urkizu zenak eta Enrike Larrartek burutu zutena, lehena hizkuntzaren arloaz arduratu zelarik, bestea marrazkiez. 'Hotsen grafia' izeneko bilduma osatu zuten, onomatopeiak marrazkien bidez adierazten zirelarik. Bilduma hori HABE Aldizkariaren 345 alean berrargitaratu zen eta eskura dago IKASBIL atarian, helbide honetan.

Hasierako kontura itzulita, nola adieraziko genuke Donostiako Parte Zaharrean noiznahi gertatzen den zalaparta? Esan genezake burrunba edo burrundara galanta dagoela; batzuk hor ibiltzen direla dinbi-danba zakarrontzia joz; auto batzuk kirrinka-karranka dabiltzala lehengo gurdiak bezala; zenbait gidarik mok-mok jotzen duela bozina, debekatuta dagoela jakinda ere; badela atariko ateari zartada edo zartako ederra ematen dionik; zaborra biltzeko kamioia goizero pasatzen dela rrrruuun eginez, eta frenatzean ñññiiik entzuten dela, belarrian zist egiten digula...; eta errematea, berriz, sirena-hotsa izaten dela: fiu-fiu-fiu.

 

(Hotsak eta hitzak. Felix Ibargutxi.2018-07-22-laburtua eta moldatua)


Jatorrizko testua: Hotsak eta hitzak





 


B2
2018-07-22
  • Ibargutxi, Felix
16145505
110