D bitamina: Eguzki-izpiek ematen diguten oparia
Behar dugun D bitaminaren kopuru handienetakoa eguzkiari esker izaten omen dugu, nahiz eta zenbait elikagairen edo botiken bidez ere badugun lortzea.
Eguzki faltak eraginda D bitaminaren salmenta handitu egin dela uste dute hainbat familia-medikuk eta baita hainbat botikarik ere. Horrela uste du Aitziber Saiz Bizkaiko Botikarien Elkarteko kideak. Berak azalduko digu eguzkiaz gain nola lor dezakegun bitamina hau eta zer ondorio eragin ditzakeen bere eskasiak.
Entzun hemen irratsaio osoa.
KAZETARIA.- Negu eta udaberri euritsu izan dugu, esaten ari gara behin eta berriz. Eta ez genekien zenbateraino, baina itxuraz eguraldi kaskar honek eragina izan dezake gure osasunean, eguzki-faltak eguzkiak ematen digun D bitaminaren eskasia eragin baitezake. Galdetu dugu Osakidetzan eta botikarien elkarteetan, eta hara zer esan diguten: azken urteotako D bitaminaren errezeta-kopuru handiena saltzen ari direla. Aitziber Saiz, Bizkaiko Botikarien Elkarteko kidea da. Botikaria eta nutrizionista Elkarteko, nutrizio-taldeko kidea ere bada. Mungian duzu farmazia; Aitziber, egun on.
AITZIBER SAIZ.- Hola, egun on.
KAZETARIA.- Gipuzkoako botikariek ere baieztatu dute D bitaminaren salmenta asko hazi dela. Bizkaian nola daude kontuak?
AITZIBER SAIZ.- Ba berdin. Ni orain dela 15 bat urte hasi nintzen lanean, eta gogoratzen dut hasieran umeek bakarrik hartzen zutela D bitamina. Baina gaur egun pertsona askok hartzen dute: gazteek, edadeko pertsonek, andrazkoek, gizonezkoek, denek, bueno, pertsona askok. Kopurua asko igo da.
KAZETARIA.- Nonbait Europa iparraldeko herrialdeetan oso ohikoa da bitamina hau ematea herritarrei eguzki-ordu gutxiago dituztelako. Gurean, hortaz, pentsatu behar dugu horregatik hazi dela ez? D bitaminaren errezetaren kopurua, aurten eguzki-ordu gutxiago izan ditugulako?
AITZIBER SAIZ.- Bueno, hau da, hau da azken urteetako gauza bat. Ez da aurtengo gauza bat. Egia da Suitzan eta Finlandia aldean hartzen dutela D bitamina eguzkirik ez dutelako ikusten, baina beste era batzuk daude bitamina hau lortzeko, elikaduragatik ere bai lortu ahal dugu bitamina D.
KAZETARIA.- Nondik lortu liteke D bitamina?
AITZIBER SAIZ.- Ba begiratu, D bitamina, deitzen diogu, beno kaltziferol deitzen da, eta liposoluble (lipodisolbagarria) esaten da. Elikagaietan gantzetan dagoen bitamina bat da, gehienbat arrain urdinetan; badakigu arrain urdinek gantza gehiago daukatela, ur hotzetan bizi direlako. Gero, esnekietan ere bai. Baina esnekietan daukagu arazo bat: gehienetan hartzen ditugun esnekiak izaten dira gaingabetuak, eta gaingabetuak izaterakoan kendu egiten diote bitamina D ere bai; gantza kentzerakoan bitamina D ere joan egiten da. Horregatik askotan esaten dugu esnekiak hartu behar ditugula, baina esnekiak osoak izan beharko lirateke.
KAZETARIA.- Konforme. Nolanahi ere, Aitziber, ulertzen dut dietaren bidez osatuko dugula behar dugun D bitaminaren zati bat, baina zatirik txikiena, ze zatirik handiena eguzkitik dator, ez, bereziki?
AITZIBER SAIZ.- Bai. Horrela da. Gehienbat eguzkitik dator, eta bueno, gaur egun ba gehienetan egiten dugun bizimodua egiten dugu, etxe-barruan egiten dugu bizimodua, eta horrek ere bai ba zerikusi asko dauka.
KAZETARIA.- Mediku bati entzun diogu egunean, gorputzaren ehuneko, bueno, 10, 20 minutuz, gorputzaren % 10, 20 minutuz eguzkitan jarri beharko genukeela.
AITZIBER SAIZ.- Bai. Horrela da. Eta gorputzaren % 10a dira eskuak eta burua. Ez da askoz ere gehiago. Askotan ere bai praka laburretan, hala joaten gara, manga (mauka) laburrean, eta bueno, % 10 hori lortzea erraza izaten da.
KAZETARIA.- Ze ondorio du D bitaminaren eskasiak, ze sintoma izan ditzakegu?
AITZIBER SAIZ.- Ba begira, D bitaminak dauka oso garrantzi handia gorputzari laguntzen diolako kaltzioa hartzen. Eta kaltzioa da oso garrantzizkoa hezurrak gogortzeko. Eta bere faltak, “ostomalacia”, horrek nahi du esan hezurretako mina, hezurrak bigundu, ahuldu egiten dira. Ostoporosia ere bai, eta horrek hezurrak arinago hausteko egiten du, eta ja D bitaminaren falta asko bada, errakitismo batetara heldu gaitezke.
KAZETARIA.- Horraino iritsi gabe, hala ere, beti ere antzeman dezakeguna da neke-puntu bat, ez?, edo energia-falta puntu bat.
AITZIBER SAIZ.- Bai. Nekea, tristura ere bai. Hesteetako arazoak ere ematen dira, D bitaminaren defizientzia (eskasia) txiki bat dagoenean.
KAZETARIA.- Aitziber Saiz, Bizkaiko Botikarien Elkarteko kidea, eskerrik asko.
AITZIBER SAIZ.- Bale. Zeuei.