detalle dokuteka-generico-fitxa

Gabriel Aresti, euskal literatura eraberritu zuen poeta

Gabriel Aresti Segurola Bilbon jaio zen, 1933ko urriaren 14an eta 1975eko ekainaren 5ean zendu zen, gibeleko gaitz baten ondorioz, 41 urte besterik ez zituela.

Euskal poesia modernoaren aitatzat jotzen da: poesia soziala, poesia hiritarra. Orduan euskaraz ezohikoak ziren gai horiexek landu zituen, 1964an argitaratu zuen Harri eta Herri liburuan.

Liburu horretako olerki ezagunena, Nire aitaren etxea defendituko dut, duzu audioaren ondoko bideoan, Eñaut Elorrietaren ahotsean.

Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA. Gabriel Aresti Segurola Bilbon jaio zen, 1933ko urriaren 14an. Gurasoak, baserritar jatorrikoak zituen, baina hiritartuak. Euskara, ez zuen ama-hizkuntza, hamabi urterekin hasi zen ikasten liburuetatik, eta irakurriaren irakurriaz idazteari ekin zion.
Euskal poesia modernoaren aitatzat jotzen da. Poesia soziala, poesia hiritarra. Orduan euskaraz ezohikoak ziren gai horiexek landu zituen, 1964an argitaratu zuen Harri eta Herri liburuan. Bertako poema ezagunenetakoaz dihardu Karmelo Landa Literatura-irakasleak.
KARMELO LANDA LITERATURA IRAKASLEA. Gabriel Arestik zerbait egin bazuen, izan zen, hain justu, errebindikatu euskara, euskal kultura eta Euskal Herria Bilbon. Nire aitaren etxea defendituko dut poema famatua idazten duenean, ba Arestik hori guztia du gogoan, ezta? Eta poema horrek daukan indarra eta lortu duen sinbolismo unibertsala Bilbo, Euskal Herri euskaldun batetik sustraitutako poema oso-oso indartsua da.
KAZETARIA. Nire aitaren etxea defendituko dut, hala kantatzen ditu Arestiren hitzak Eñaut Elorrietak entzuten ari garen kantuan. Poesia ekologista ere landu zuen, gaurkotasun handikoa; esaterako, ‘Enaden begiak’ olerkian, Urdaibain zentral nuklearrak eraikitzearen kontra. Baina Gabriel Aresti antzerkigilea ere bazen, eta itzultzaile aparta eta hizlari gogoangarria ere bai.
KARMELO LANDA. Bera hil ondoren, guk talde batean Susa argitaletxean eta talde batean egin genuen bere lan guztia bildu. Konturatu ginen Gabriel Aresti ez zela bakarrik poeta, berak saio serio bat egin zuela Euskal Literatura sistema osotasunean, nolabait esan, sortzeko; berak ikusten zuelako euskarak oraindik ere literaturaren eremuan ez zeukala sistema osaturik.
KAZETARIA. Gaurko egunez, 1975ean, zendu zen Gabriel Aresti, gibeleko gaitz baten ondorioz, 41 urte besterik ez zituela. Bizi artean ez zuen merezitako aitortzarik izan. Madrildik, frankismoak gogor egurtu zuen, baina etxean ere batzuek ez zuten begi onez ikusten, komunista zelakoan. Baina Karmelo Landak uste du, gaur egun ere, ez dela bere ekarpena behar bezala baloratzen.
KARMELO LANDA. Euskal kultura oso goi mailan ipini nahi zuen eta ipintzea lortu zuen poesia bat. Beste kontu bat da gaur egun euskarak baduen sistema edo polisistema egokirik guzti hori baloratzeko. Nik uste dut Bilbok ez daukala mailarik oraindik, esango nuke, eta gaur egungo agintarien erruz, Arestik Bilbora eta Euskal Herrira ekarri zuena baloratzeko. Espero dut etorkizun hurbilean lortuko dugula.
KAZETARIA. Gure aldetik behintzat hemen aitortza poesiaren mailuarekin kolpatu gintuen gizonari

detalle2

Dokuteka

B2
2018-06-05

x61pRelaContWAR

16144327
00:03:10

x61pViewCountWAR

4627

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR