Dokuteka
Igor Stravinski, XX. mendeko musikagilerik handienetakoa
Musikari hau Errusian jaio zen 1882an, eta New Yorken hil 1971ko apirilaren 6an. Era askotatako musika sortu zuen Stravinskik: baleterako musika, sinfoniak, kamara-musika eta baita jazza ere.
Berritzailea izan zen eta horregatik batzuetan txistuak eta kritikak ere entzun behar izan zituen- bere lanik ezagunenetakoa den Udaberriaren sagaratzea obraren estreinaldian, esaterako-. Stravinskiren biografia laburra duzu audio honetan.
Picassok Stravinskiz egindako marrazkia
KAZETARIA. Efemeridearen tartean, gaur XX. mende-hasierako musikagile garrantzitsuenetako bat: Igor Stravinski. Gaurko egunez hil zen, duela 47 urte. Maite Alustiza.
MAITE ALUSTIZA KAZETARIA. Ekainak 17 zituela, 1882an jaio zen Igor Fiodorovitx Stravinski, Errusiako Oranien Baum hirian. Aita opera-abeslari ezaguna zuen eta harengandik jaso zuen musikarekiko pasioa. Zuzenbide-ikasketak hasi bazituen ere, musikaren bidea lehenetsi zuen, eta 20 urterekin Rimski Korsakov izan zuen irakasle, bere garaiko Errusiako musikagile esanguratsuenetako bat.
Stravinskiren obraren aniztasuna nabarmendu du Joxe Inazio Usabiaga Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari teknikoak.
JOXE INAZIO USABIAGA. Jaso izan du musika-estilo ugari eta bere estilistikan ere jarraitu izan du periodo diferenteak, oso nabarmenak, obra asko dauka eta obra oso diferentea, talde diferenteetako baletenak dira ezagunenak, baina badaude ere opera, sinfonikoak, kamara-musika, jazz-musika ere badago…
MAITE ALUSTIZA KAZETARIA. Lehen urteetan, balleterako hiru piezarekin nabarmendu zen batik bat: 'Suzko txoria', 'Petrushka' eta 'Udaberriaren sagaratzea' izan ziren bere arrakastaren abiapuntu. Azken horren estreinaldiak harrabotsa sortu zuen Parisen, 1913an: musika gogor eta frenetikoak harridura, protesta-oihuak eta aldekoen txaloak eragin zituen entzuleen artean.
Hiru balet ezagun horietatik harago, ordea, badira obra berezi gehiago ere. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, kasurako, errusiarraren bi obra eskaini berri ditu martxoko programan: Korsakov irakaslearen omenezko 'Hileta kanta' eta Txaikovski gogoan duen 'Maitagarriaren muxua'.
JOXE INAZIO USABIAGA. Bi horiek oso adierazgarriak dira oso diferenteak direlako, eta biek ere ez direlako esperoko genukeen Stravinski hori.
MAITE ALUSTIZA KAZETARIA. Obra ezagunen artean ere, 'Soldadu baten historia'. Aurten, hain justu, 100 urte dira pieza estreinatu zenetik eta Euskadiko Orkestrak berezitasun bat erantsi dio.
JOXE INAZIO USABIAGA. Lehen aldiz euskaraz egin genuen Andoni Aleman lagunak egin zigun euskaraz narrazioa eta berak jaso zituen kontakizuneko pertsonaia diferenteak.
MAITE ALUSTIZA KAZETARIA. Errusia utzita, Suitza eta Frantzia ere bizileku izan zituen Stravinskik, eta musikagile bezala ez ezik, piano-jotzaile eta zuzendari gisa ere nabarmendu zen.
Azken urteak, berriz, Estatu Batuetan eman zituen eta han hil zen, New Yorken, 89 urte betetzear zela. Haren izarrak distira egiten jarraitzen du oraindik Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan, baita mundu osoan ere.
