Zorionaren Nazioarteko Eguna

Martxoaren 20a Nazioarteko Zorionaren Eguna dela-eta, Nazio Batuek zerrenda bat osatu dute eta bertan jarri dute zer herrialde diren munduko zoriontsuenak. Zer herrialde iruditzen zaizu izango direla aurrenekoak?

Zerrenda hori osatzeko, Nazio Batuek munduko 156 estaturen egoera aztertu dute. Guztietan neurtu dute zein den aberastasuna, babes soziala, bizi-itxaropena, askatasuna, eskuzabaltasuna, ustelkeria eta iritsitako etorkinen bizimodua.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA. Bihar Zorionaren Nazioarteko Eguna izango da. Nazio Batuek izendatu zuten, egun hau gizakion ahaleginaren helburu izan behar duelako zorionak. Asteburu honetan, Miamin Zorionaren mundu-batzarra egin dute eta egun hauetan jakin dugu zeintzuk diren herrialde zoriontsuenak. Juanjo San Miguel.
JUANJO SAN MIGUEL NAZIOARTEKO GAIETAN ADITUA. Miamin mundu guztiko ordezkariak elkartu dira: politikoak, ekonomian adituak eta unibertsitateko hainbat alorretako irakasle eta katedradunak. Bertan adierazi dute oso zaila dela jakitea zergatik pertsona bat zoriontsua den eta beste bat, antzerako egoeran, ez.
Nazio Batuek, berriz, munduko 156 herrialderen egoera aztertu dute. Guztietan neurtu dute zein den aberastasuna, babes soziala, bizitza-itxaropena, askatasuna, eskuzabaltasuna, ustelkeria eta iritsitako etorkinen bizimodua. Arlo guzti hauek neurtuta, Finlandia azaltzen zaigu lehen postuan, gero Norvegia, Danimarka, Islandia eta Suitza. Gehienak Europako iparraldeko herrialdeak dira zerrendaren lehen postuetan. Herrialde hauetan gizarte-barruko diferentziak, ondoen eta okerren daudenen arteko aldea ez da oso handia, hezkuntza-sistema ona dute, estatuak babes-sare sendoa du, ez dago apenas ustelkeriarik eta, aurten neurtu duten beste kontu bat, bertara iritsi diren etorkinak ondo bizi dira; etorkinak bertakoak bezain zoriontsu dira. Nazio Batuek ikerketa hauen aurrean diote hazkunde ekonomikoa garrantzitsua dela, baina horrek ez duela jendea zoriontsuago egiten.
Zoritxar edo zorigaitzaren eragile nagusia, berriz, buru-gaitzak dira, gaitz psikikoak; hauen ondoren, gaitz fisikoak eta langabezia. Ikerketa egin dutenek aitortu dute, halere, eragile batzuk neurtu daitezkeela eta beste batzuk ez; ondorioz, zoriona eragin beharko zuketen bitarteko asko ez duten herrietan zoriontsua den jendea aurki daitekeela.         
 

2018-03-19
16142253
00:01:58
3294