Dokuteka
Internetek aldarazi gaitu
Komunikazio idatzia lekua kentzen ari zaio ahozkoari, Whatsappa dela eta bereziki. Lehen askoz errazago eta gehiago hitz egiten genuen elkarrekin, telefonoz esate baterako.
Gaur egun, bestalde, ekintza bat baino gehiago batera egiteko joera zabaltzen ari da. Eta hori Iratxe Esnaola irakaslearen iritziz, kaltegarria izan daiteke, eskoletanesate baterako.
KAZETARIA. Jarduera digital hauen guztien ondorio soziopsikologikoetaz idatzi izan du, besteak beste, Iratxe Esnaola zarauztarrak. Eta bere iritzia jaso nahi dugu guk hemen. Ingeniaria da bera Informatikan, Hezkuntzan doktorea eta teknologia berrien arloko ekintzailea ere bai. Iratxe Esnaolak argitaratutako artikulu batean irakurri dugu, besteak beste, idatzizko komunikazioak lekua kendu diola ahozkoari, whatsappa dela eta bereziki.
IRATXE ESNAOLA IRAKASLEA. Artikulu hori oinarritzen da liburu batean, eta liburu horretan argi agertzen da nola oso zaurgarriak garen mugikorraren aurrean, ez? Eta mugikorraren aurrean buruak funtzionatzeko moduari erantzuten omen dio, ze burmuinak, antza, ba behar du zerbait berria beti, eta desio du zerbait berria, ez? Hori da berez burmuinaren funtzionamendua eta mugikorrek badute zerbait, ez? Beti dauzkazu jakinarazpenak, begiratzen duzun bakoitzean beti daukazu whatsapp berri bat, ez? Edo inkluso, begiratu duzu zerbait berria duzun jakiteko, eta horrek sortzen dizu nolabaiteko plazera, ez?, Eta horregatik gara oso zaurgarriak…
KAZETARIA. Garbi dago, beraz, idatzizko komunikazioak lekua kendu diola ahozkoari. Whatsapparen erabilera konpultsiboak hori erakusten digu. Eta garbi daukagu, gainera, telefonoaren erabilerak ere, norbaiti deitzeko joera horrek ere behera egin duela nabarmen.
IRATXE ESNAOLA IRAKASLEA. Nik uste dut hori ondorio zuzen bat dela. Niri iruditzen zait –eta nik hala bizi dut behintzat–, batzuetan sentitzen dut inkluso deitzea zerbait intrusiboa bezala bilakatu dela, ez? Esan nahi dut: idatzizkoa hain normala, eta hain arrunta eta hain kontrolagarria bilakatu da ze, whatsapp bat bidaliko diot lehenago esateko deituko diodala; eta lehen deitu egingo genuen zuzenean, ez? Eta ematen du dei bat edo elkarrizketa bat bortitza bilakatu dela.
KAZETARIA. Iratxe Esnaolak, teknologia berrien arloko ekintzaileak, argitaratutako artikulu horretan irakur daiteke, bestalde, enpatiarako gaitasuna ere urritzen ari zaigula jarduera digital handi honen ondorioz. Amerikako Estatu Batuetatik behintzat datu horiek datoz, nonbait.
IRATXE ESNAOLA IRAKASLEA. Bai. Hau hasieran, adibidez, nik duela urteak irakurri nuen ziberbullyng-ari lotuta, ez? Nola teknologiek errazten zuten mina sortzea edo bazterketak egitea, azkenean ez dugulako ikusten besteak zer sentitzen duen esaten dugunarekin. Orduan, idatzizkoak, bestea ez ikusteak, badauka bestearen azalean ez jartzeko erraztasun hori. Azkenean, gehiago, gero eta gehiago komunikatzen baldin bagara bestea aurrean eduki gabe, gero eta gutxiago jartzen gara bestearen azalean. Eta gainera, segur aski, gero eta gutxiago jarri nahi dugu besteen azalean.
KAZETARIA. Zer pentsatua eman behar liguke bestalde smartphone-ak hain garrantzitsu bihurtu izanak gehienontzat. Guztiok tramankulu horri begira jarrita, elkarrizketa gutxi izaten da eta etenaldi asko: klaseetan, esate baterako.
IRATXE ESNAOLA IRAKASLEA. Bai. Begiratu, hori liburuak aipatzen du, eta kapitulu oso bat dago Hezkuntzaren gainekoa. Eta tartean aipatzen du nola gauden ohituta gauza desberdinak batera egitera, berak multitarea hitza erabiltzen du. Eta, ba hori, nola sentitzen garen… Antza, buruak pentsatzen du eta gure sentsazioa da eraginkortasun handiagoko momentuak direla ze, klaro, nago mugikorrean, nago entzuten… Hitzaldi batean ere, ez?, entzuten diot, twitterrean nago, han nago, bestean nago, bikoteak ere esan dit hau… Ematen du dena egiteko gai garela, baina –idazleak esaten duenez eta ikerketek diotenez–, arreta banatua dagoen momentuan arreta inon ez dago. Ba beharbada sentitzen dugu baietz, eta seguru aski askok esango didate “Ez. Hori ez da horrela. Nik dena egiten dut batera”. Baina argi uzten du, adibidez, klaseetan, eta nik hori ikusten dut, arreta, arreta galtzen dutela pantailetara edo mugikorretara badoaz.
Letra urdinez, gaiarekin lotutako espresioak
