Naiara Lopez: "Jendeari normalean gizenak ez zaizkio gustatzen"

Xabier Madariagak aurkezten duen Ur handitan saioko bideo honetan, Naiara Lopez hernaniarrak bere testigantza eskainiko digu. Hamaika urte inguru zituenetik izan du gehiegizko pisua.

Kilo dezente jaitsi ditu azken hilabeteotan Naiarak, baina oraindik ere gehiegizko pisua du. Estereotipoetatik urrunduta bizitzeak zer-nolako eragina izan duen azaldu du.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Xabier Madariaga.- Adibidez, gu ezagutzean, taldea ezagutzean, lotsatu egiten zara zure fisikoagatik?
Naiara Lopez.- Asko, asko. Nik jendea ezagutzen dudan bakoitzean… beti daukazu barrera hori, ez dago ondo ikusia, jendeari normalean gizenak ez zaizkio gustatzen, ez? bada, gainera, ikusita dago gizenak gizenekin egon behar dugula.
X. M.- Iraia San Krutz eta Naiara Lopez, biak hernaniar, biak adin berekoak.
Iraiak 24 urte ditu. 130 kilo pisatzera iritsi zen. 54 tailla erabiltzen zuen, gaur egun 38a. Duela hiru urte operatu zen.
Naiarak ere 24 urte ditu. Beti egon da gizen. Duela urtebete dieta berri bati ekin zion eta hiru hilabetetan 18 kilo argaldu zituen.
Naiara, noiz hasi ziren zure lehenengo dietarekin?
N.L.- Lehenbiziko-lehenbizikoa… hamabi-hamahiru urterekin, igual? Bueno, igual hamaika? Otorduetan jaten dudana normala da, beste pertsona batek bezala. Ni ordu solte horietan, hor joaten zait niri bueno, burua edo… hor da nire momentu txarra.
X.M.- Bikotekidea gizena da?
N.L.- Bueno, ja ez nago berarekin, baina…
X.M.- Egon zinenean?
N.L.- Bai, biak ginen gizenak, orain bera argaldu da asko. Baina bai, ez ni bezainbeste, baina ez zegoen ezta argala. Eta ondo, berarekin oso ondo.
X.M.- Lotura hortik ere sortu zela uste duzu?
N.L.- Bai, agian bai. Ni hor hasi nintzen pixka bat aldatzen, hor hasi nintzen ja azkeneko dieta honekin, ja igual sentitzeko ere ez? bada, bere lagunak ezagutzeko orduan-eta nik lotsa asko pasa nuen, ez? Nolakoa nintzen, ez zidaten inoiz ikusi. Bada, ikusiko dute eta beitu hau, nola dago honekin? Azkenean, ez dutela hori pentsatzen askotan, baina niri, neure buruak hori transmititzen dit. Ze, pasa izan zait, igual parrandan atera eta tabernan zaude dantzatzen eta lagun batek esan “Bada, goazen horra ze horiek zutaz barrez arri dira”.
X.M.- Eta horrelakoetan, nola erreakzionatu duzu?
N.L.- Hartu eta joan.
X.M.- Naiara ez da operatu. Hamaika dieta eginik dago, baina azkenekoarekin hobeto dabil.
X.M.- Ze dieta egiten duzu?
N.L.- Joaten naiz dietista batengana eta berak egiten didana da jarri egunero jan behar dudana, kaloria-kopuruagatik, 2500 edo kaloria, uste dut, jan behar ditudala egunero. Eta hori jarraitu eta egunero kirola egin. Ordu erdi ibiltzearekin, nahikoa. Inoiz, inoiz, inoiz ez dut jantzi ez soineko bat, ez gona bat. Ez, ez naizelako ondo ikusi ni ere ez, orduan, hori nire bizitzatik kendu egin dut. Beti galtzak, kamiseta zabala, jertsea… takoiak ere ez, inoiz, eta aurrera. Niri, adibidez, nire begiak asko gustatzen zaizkit eta aurpegia jeneralean ere. Eta orduan ikusten dut, ez? bada, jo, bada, pixka bat argalduko banintz, agian, ez, bada… politagoa izango nintzateke ja orokorrean, ez? Bada, orduan horrek, pixka bat bultzatzen nau lortzera nire helburua.
X.M.- Zure fisikoak zer irakatsi dizu?
N.L.- Bada, azkenean ikasi behar duzula zeure burua maitatzen. Zu horrela baldin bazara zerbaitengatik da eta azkenean, edo konponbidea jartzen diozu edo ez diozu jartzen, baina segi egin behar duzu zure bizitzarekin. Osea, ezin duzu etxean gelditu negarrez gizena zaudelako. Konponbidea jarri eta saiatu.

 

 


Beste modu batera esanda:

Beti daukazu barrera hori. Beti daukazu hesi edo langa hori. 

Ikusita dago gizenak gizenekin egon behar dugula. Begi-bistakoa da, onartua dago, gizenak gizenekin egon behar dugula.

Duela hiru urte operatu zen. Orain dela hiru urte egin zioten ebakuntza.

Hamabi-hamahiru urterekin, igual. Hamabi-hamahiru urterekin agian.

Ni ordu solte horietan. Ni tarteko ordu horietan

Ez ni bezainbeste. Ez ni bezala, ez ni adina.

Nolakoa nintzen, ez zidaten inoiz ikusi. Ez zuten inoiz ikusi, begiratu, ni nolakoa nintzen.

Ze horiek zutaz barrez arri dira. Zeren horiek zuri barre egiten ari dira.

Ez, ez naizelako ondo ikusi. Ez, ez dudalako neure burua ondo ikusi.

Horrek, pixka bat bultzatzen nau lortzera nire helburua. Horrek apur bat nire helburua lortzera animatzen nau.

Osea, ezin duzu etxean gelditu negarrez gizena zaudelako. Hau da, ezin zara etxean negarrez geratu gizen zaudelako.



 

B1
2017-02-23
16138989
03:24
3397