Dokuteka
Zozomikoteak
Martxoko azken bi egun eta erdi eta apirileko lehen bi egun eta erdi: tarte horri esaten zaio zozomikoteak.
Pello Zabalaren "Naturaren mintzoa" (Alberdania, 2000) liburu zoragarriak apirilaren 1ean aipatzen ditu: "Apirila beti izan dela xelebre xamarra, portaera ero antzekoa duena, hori gauza jakina da. [...] Ez dizu, ez, batere fama onik. Eta, deskuidoan, neguak luze jotzen badu apirilean, zozomikoteei luzapena eskatuta, orduan etsipenak joko gaitu: Apirilean negu, laborariok, gaixo gu."
J. Duesok ere hizketagai ditu zozomikoteak "El mundo encantado de los vascos" liburuan. Bi istorio zahar dakartza: Zarauzkoa eta Ataungoa. Ataungo artzain batek, martxoko eguraldi narratsak eraginda "Ah, Martxoa, Martxo! Diaat esker gaizto!" esan omen zion. Horregatik, Martxok mendeku hartu nahi, eta hilabetea bukatzen ari zenez, Apirilari bi egun eta erdi eskatu omen zizkion artzainari ardiak akabatzeko. Eta Apirilak onartu! Hala Martxok amildegitik bota zituen ardiak eta artzaina Ubedin. Baina, artzainak aker baten adarrei heldu eta onik irten zen. Begi bat galduta, baina!
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA AKER.- Macho cabrío, cabrón.
AMILDEGI.- Amiltokia. Precipicio.
ERO ANTZEKO.- Ero gisakoa. Algo loco/a.
ESKER GAIZTO.- Esker txarrekoa. Desagradecido/a.
ETSIPENAK JO.- Etsiak jo. Afligirse.
EZ DIZU.- Aizu, ez du. (zutanoa).
LUZE JO.- Luzatu. Alargarse.
MENDEKU.- Venganza.
MINTZO.- Hizketa.
NARRATS.- Kaskarra. Enrevesado/a.
ONIK IRTEN.- Onik atera. Salir airoso/a.
TARTE.- Aldiunea. Espacio de tiempo.
|
