detalle dokuteka-generico-fitxa

Oialume dantzalekuak 60 urte bete zituen

Ergobiako dantza eta erromeria leku honek 60 urte bete ditu San Jose egunean. Erreportaje honetan bertako nagusiek lekuaren historia eta gaur egungo arazo nagusiak erakusten dizkigute.

JOXEAN AGIRRE /

Hirurogei urte bete zituen San Jose egunez Hernaniko Ergobia auzoan dagoen Oialume dantzalekuak. 1943an zabaldu zuten erromeria-leku hori, apustu baten ondorioz, eta etengabe aldatuz joan den gizarte baten lekuko izan da. 1990ean dantzaleku berria egin zuten ondoan. Berbena talde sail bat pasatu da bertatik, baina gazte jendeak horretara beharturik bi igandetan disko musika jarri behar izan dute.

Joanita Agerrezabalagak, Oialumeko izebak, 80 urte beteko ditu aurki, baina ez luke inork begiratu batera edade hori duenik esango, gaztetako edertasunaren arrasto nabarmenak gordetzen baititu. Hemezortzi urte zituen Oialumen bilerak edo erromeriak egiten hasi zirenean. «Dozenaka bikote ezagutu ditut nik gure erromerian elkar ezagutu eta ateratzen hasi direnak, baina neuk ez dut denborarik izan. Dantzan bai, egiten nuen, etxeko lanak bukatu eta gero, baina ez zait parean gustukorik suertatu eta orain berandu samar izango da hasteko», esan digu.

Joan den asteazkenean bete ziren 60 urte Oialume sortu zela. Gaurko jabeak, Asentsio Barrenetxeak, behin eta berriz entzun izan die aita eta amari bilera apustu bati esker sortu zela. «Etxe honetan, Oialumen, auzoko taberna bat genuen. Gurasoak baserrian lan eginez bizi ziren gehienbat, lau behirekin, baina orain 60 urte pultsoan apustu bat jokatu omen zuten eta gure aitak, Jabier Barrenetxeak, soinu-jotzaile bat ekarri zuen giroa pixka bat animatzeko. Felix Aranburu eta Jose Erdazio Patas izan ziren apustua jokatu zutenak eta Markos Zubeldia Oialumen lehen aldiz jo zuen trikitilaria. Aitari, nonbait, gustatu egin zitzaion giroa, eta hurrengo igandean ere etortzeko eskatu zion Markosi, eta orain arte jarraitu du erromeria-lekuak», esan digu Asentsiok.

Urriaren lehen igandean hasi eta ekainaren lehen igandean bukatu, horixe da Oialumeko bilerak duen egutegia. «Sanantoniotan festak izaten dira Ereñotzun eta festa horiek iristean utzi egiten genuen erromeria. Kontuan hartu behar da ni bateria jotzen aritu naizela Trakets taldearekin hogei urtez eta aurretik Karraxin eta Amaia taldeetan ere ibili nintzen. Hemen erromeriaren egutegia bukatu eta Ereñotzuko festetan hasten ginen jotzen eta uda partean lan asko izaten nuen taldearekin», kontatu digu.

Markos Zubeldia izan zen soinu txikiarekin Oialumeko erromeriak alaitu zituen trikitilaria. «Ez zuen soinu txikia estutxean ekartzen, fieltrozko zaku berde batean baizik. Guk 25 pezeta ordaintzen genion eta bere orduak jo eta soinua zaku horretan sartuz gero, akabo, ez zuen berriro atera nahi izaten, ezta diru gehiago ordainduta ere», esan du izebak, Joanita Agerrezabalagak. Markos Zubeldiaren ondotik Ramon Amenabar eta Manolo Amenabar Itsua izan ziren hurrenez hurren Oialumen jo zutenak. Azken hau, Itsua alegia, izeba batek lagunduta etortzen omen bere soinu handiarekin.

Andoaingo Jainkoa ere etorri omen zen, aldi batez, eta Bikondoa bera ere bai, urteak aurrera egin ahala bateriak, tronpetak, saxoak eta gitarrak gehitzen hasi ziren arte. «Soinu-jotzailea bateriarekin etortzen hasi zenean 300 pezeta kobratzen zituen eta ez genekien kopuru hori ordaintzeko adina diru aterako genuenik ere. Zozketak ere urte askoan egin ditugu hemengo bileran. Oilasko parea zozketatzen genuen gehienetan, txartel bakoitzeko ogerlekoa kobratuz. Erromeria hau mantentzeko denetik egin behar izan dugu», gogoratu du izeba Joanitak.

Igande arratsaldeko lauak aldean hasten zen soinua eta gaueko hamarretan bukatzen. Joanita Agerrezabalagak ondo gogoan ditu hasierako arratsalde haiek. «Soldaduak etortzen ziren Loiolatik beren petateekin eta hemen aldatzen ziren, kalez jazteko. Donostiatik neskame piloa hurbiltzen zen erromeria lekura, igande arratsaldea jai izaten zutelako. Urola aldekoak ziren neska horietako asko. Baina ez zuten soldaduekin elkartu nahi izaten. Ni beti gogoratuko naiz soldatu gizajoak nola ibiltzen ziren presaka berriro gelan sartu eta beren uniformeak janzten», esan digu.

Hirurogei urtean aldakuntza handiak bizi izan dituzte Oialumen. «Hemen inguruko jendea etorri izan da geienbat, Andoain eta Urnietakoak asko. Kontuan izan Hernaniko Zumardi-an bandak jotzen zuela. Hasieran jendea bizikletan etortzen zen, Vespak hasi ziren gero, eta lehen autoak 60ko hamarkadan: Seat 600ak, Renault Dauphineak, maletatokian porlan zakua jarrita. Orduan hasi zen urrutiko herrietatik ere jendea etortzen», esan du Asentsiok.

Musikari dagokionez, garaian garaikoa izan da Oialumen, eta azken urteotan talde berbeneroen feudoa zen. Egan, Akelarre eta Trakets izan dira gehien jo dutenak. Baina denborak ez du barkatzen, eta 1990ean dantzaleku berria ireki zuten erromeria egiten zen lekutik metro gutxira. Oialumen, berbena giroarekin jarraitu dute.

«Hiru barra ditu eta 600 lagunentzako tokia. Tarteka bete izan dugu, baina askotan handiegia geratzen zaigu. Gainera, modak izugarrizko indarra du eta gero eta gazte gehiago dugu disko musika eskatzen duena. Are gehiago. Bi igandetan disko musika jarri behar izan dugu proba gisa. Nik zuzeneko musikarekin ezagutu dut Oialume. Euskal giroa mantentzeko sekulako ahaleginak egin ditugu. Nik neuk talde batean urte askoan jo dut eta ez dit batere onik egiten disko musikarekin jendea dantzan ikusteak», kontatu du Asentsiok.

Seme zaharrena ere, Ander Barrenetxea, musikaria da, Etzakit taldeko bateria. Hain zuzen ere, dantzaleku horretan egin zuen taldeak bere agurreko kontzertua duela hilabete batzuk.

«Arratsaldeko zazpiak eta erdietan irekitzen dugu eta 16 urtetik 19ra bitarteko gaztetxoek betetzen dute dantzalekua ordu horretan. Hamarretan bukatzen da horien txanda eta gauerdira bitartean 30era bitartekoak eta hortik gorakoak ere etortzen dira, leku askotakoak. Urola aldetik ere jende dezente etortzen da eta Nafarroatik ere bai. Errezildarrak nabarmenduko nituzke, eta Arantzakoak. Trago bila etortzen dira gehienbat eta bidenabar neskatan egiten badute, hobeto», esan du Anderrek.

Sarrera 2,10 euro ordaintzen da gaur Oialumen, eta, modak moda, taldeak zuzenean joaz jarraitu nahi luke luzaroan Asentsio Barrenetxeak.
Inoiz bertaratu ez direnek Ergobiako bidegurutzean hartu behar dute dantzalekura joateko. Oialume Astigarraga eta Hernaniren arteko mugan dago. Etxearen zati batzuk herri batera egiten dira eta besteak bestera. Denboraz ere mugakoa dela esan daiteke, iragana eta gaurkoa leku berean bildu baititu modu sotil baina miragarrian.

x61pRelaContWAR

detalle2

Dokuteka

B2
2003-03-23

x61pRelaContWAR

  • Agirre , Joxean
16136185

x61pViewCountWAR

4027

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR