Mugikorreko zaborra, jende askoren buruhaustea

Sakelako telefonoak dira informazioa elkarrekin banatzeko gehien erabiltzen diren gailu elektronikoak. Egunean zehar argazki, bideo, mezu edo dokumentu asko jasotzen ditugu eta sakelakoan pilatzen dira zabor digitala sortuz. Kalera atera gara eta telefono mugikorrean pilatzen den zaborraz galdetu dugu.

Gizartearen erabateko digitalizazioak lan egiteko, edota elkarrekin komunikatzeko moduak erabat aldatu ditu. Duela urte gutxi arte, aurrez aurreko hizketaldiak, gutunak edota telefono-deiak ziren informazioa emateko eta jasotzeko bideak. Egun, ordea, sakelako telefonoak bilakatu dira pertsonen artean komunikatzeko tresna nagusiak.

Sakelakoetan etengabe pilatzen da zaborra, memoria betetzeraino. Argazkia: Ikasbil

Sakelako telefonoak gehien erabiltzen diren gailu elektronikoak dira. Telefono mugikorrik gabe egoteak kezka sortzen du askotan. Abiadura oso azkarrean zabaltzen da informazioa bertan, eta mundu digitalean gertatzen denetik kanpo gelditzeko beldurra du jendeak.

Sortu eta partekatu
Batez ere, bideoak eta argazkiak sortzen eta partekatzen dira sakelakoetan, eta etengabekoa da eduki digital horien joan-etorria. Besteren artean, gurasoak, lagunak, lankideak edota bikotekideak izaten dira hartzaile. Ameriketako Estatu Batuetako Western Digital enpresak egindako ikerketaren arabera, astean hogei argazki eta sei bideo sortzen dira batez beste. Jarraian, eduki digital horiek sakelako batetik bestera partekatzen dira, etengabe. Neurtu ezin daitekeen irismena lortzen dute eta, ondorioz, zaborra ere izugarri sortzen da.

Astean hogei argazki eta sei bideo sortzen dira. Argazkia: Pixabay

Kontuak horrela, kalera atera eta mugikorretan pilatzen den zaborraz aritu gara lau pertsonarekin: Mikel Aztiri, Iñigo Ibarburu, Alazne Sasieta eta Tomas Artolarekin. Argazki eta bideo “ergelak” jasotzen dituztela onartu dute denek. Ez dute eduki digitalak partekatzeko joera handirik, baina jaso, “asko” jasotzen dituztela nabarmendu dute.

Whatsapp aplikazioa da berehalako mezu digital horiek bidaltzeko erabiltzen den plataformarik erabiliena. Espazio birtual horretan badirudi, gainera, guztiak lekua duela eta ezerk ez duela espaziorik hartzen. Errealitatea, ordea, bestelakoa da: konturatu gabe zabor digital handia pilatzen da, eta kaosa eta desordena erabatekoa da sakelakoetan. Nola topatu interesatzen zaizun edukia?

Whatsapp da eduki digitalak partekatzeko gehien erabiltzen den aplikazioa. Argazkia: LoboStudioHamburg (Pixabay)

Zabor digitala
Mugikorretan pilatzen zaigun edukia etorkizunean erabilgarri izango dela uste izaten dugu gehienetan eta, badaezpada, jaso egiten dugu. Material digital horren desagertzeak antsietatea sortzen dio askori. Are gehiago, zenbaitek zabor digital hori jasotzeko disko gogorrak erosten ditu, egunen batean aspaldi iritsitako dokumentu, bideo edota argazkia erabiliko dituelako esperantzan.

Western Digital enpresaren arabera, hilabetean behin hamarretik ia lau pertsona espaziorik gabe gelditzen dira mugikorrean eta artxiboak ezabatu behar izaten dituzte.

Artolak, adibidez, esaten du mugikorrera iristen den “ia guztia” zaborra dela, “taldeetara bidaltzen den guztia”. Iñigo Ibarburuk eduki digital horiek denbora luzean izaten ditu bere gailuan. “Edukia denbora batez mugikorrean mantentzen dut, baino gero nazkatzen naizenean, sei bat hilabetera edo, garbiketa bat egiten dut eta dena borratzen dut”, azaldu du.

Edozein tokitan ikus daiteke jendea uneoro sakelakoarekin. Argazkia: Pxhere

Mikel Aztirik, berriz: “Galeriara joaten naizen bakoitzean hortxe ikusten ditut argazkiak pilatuta. Bertan uzten ditut eta ahaztu egiten naiz”, dio. Alazne Sasietak bidaiak aprobetxatzen ditu bere sakelakoan garbiketak egiteko: “Noizbehinka, trenean edo autoan, sartzen naiz eta dena ezabatzen hasten naiz”, azaldu du.

Zabor digitala saihesteko, aldiro, garbiketak egitea eta aplikazioen iragazkiak aktibatzea aholkatzen du Sasietak. Berari behintzat laguntzen dio: “alde batetik, hilabetean behin-edo zaborra ezabatzeko ohitura hartu dut eta, beste alde batetik, Whatsapp aplikazioak edukiak ez deskargatzeko eskaintzen duen aukera aktibatu dut”.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Bideoak eta argazkiak partekatzeko ohitura duzu?
Mikel Aztiri, 21 urte: Nik ez, baina nire talde horietan dauden pertsonek bai.
Iñigo Ibarburu, 24 urte: Bai, bueno, dauzkagu, bueno, kuadrillako grupoa (taldea) baldin badaukagu, hor, normalean, argazkiak eta horrela, sticker-ak gehiago bidaltzen dira, baina sticker-ak ikaragarri. Eta gero, grupo (talde) bat badaukagu, horrela, bideo eta txorradak (ergelkeriak) egiteko bideoak eta asko bidaltzen direnak, bai.
Alazne Sasieta, 25 urte: Bai, ez gehiegi, igual, ez dakit, baldin badira ba, bidaia bat hartzen ari baldin bagara edo horrela, sare sozialetan ikusitako gauzak eta hola ez, ez asko.
Tomas Artola, 58 urte: Gutxi, telefonoa gehienbat lanerako erabiltzen dut eta hortik aurrera egia esan nahiko apala naiz.

Zein motatako zaborra pilatzen zaizu sakelakoan?
Mikel Aztiri, 21 urte: Bueno, zaborra, zaborra.. memeak, argazki tontoren batzuk, baina graziosoak azkenean.
Iñigo Ibarburu, 24 urte: Ba, ez dakit, argazki txorrak (ergelak), bideoak, barre egiteko bideoak, sticker-ak bat ere balio ez dutenak eta horrelako asuntok (gauzak) gehienbat.
Alazne Sasieta, 25 urte: Ba gehienbat mugikorrari ateratako kapturak (pantaila-argazkiak) eta testuak, ba ez dakit, laneko gauzatxoak: ba, iristen diren argazkiak eta horrelako gauzak.
Tomas Artola, 58 urte: Bai, gehienean (gehiena) iristen zaizuna da.

Zer egiten duzu pilatzen zaizun zaborrarekin?
Mikel Aztiri, 21 urte: Egia esan nik mugikorrari atentzio asko ez diot ematen (jartzen), baizik eta lanarentzat (lanerako) eta ikasketentzat (ikasketetarako) bakarrik…(erabiltzen dut). Orduan, argazkiak egia esanda, adibidez, galeria joaten naizen bakoitzean, ba bai, hortxe ikusten ditudala pilatuta, baina denbora asko ez diot ematen, hortxe lagatzen ditut eta ahaztu egiten naiz.
Iñigo Ibarburu, 24 urte: Ba denbora bat mobilean (mugikorrean) mantentzen dut, baino gero ja esaten dudanean ba nazkatu naiz, orduan ja igual, ba sei hilabetetara (hilabetera) edo esaten dut, ba bueno garbiketa bat egingo dut mobilean (mugikorrean) eta dena borratu.
Alazne Sasieta, 25 urte: Ba noizbehinka, bidaia luzeetan gehienbat edo trenean edo kotxean (autoan), sartzen naiz eta hasten naiz dena ezabatzen.
Tomas Artola, 58 urte: Normalki ezabatu. Ez, a ver (tira), nik telefonoa azken finean daukat ba beharretarako, ez? Ba kotxea bezala, utilidade (erabilera) bat, orduan, hortik aurrera ez diot zea (erabilera) askorik (handirik) ematen. Eta, orduan, ba egia esan mezuak etxekoak, lagunekoak (lagunenak)... mezu garrantzitsuak direnak bai, baina besteak (besteei) azkenean ez diot kasu handirik egiten.

Zer egin daiteke sakelakoan zaborrik ez pilatzeko?
Mikel Aztiri, 21 urte: Azkenean, horixe, ba bakoitzaren arabera izango zen (litzateke) ez? Orduan, azkenean gauza horiek, nire ustez, urte hauetan segi egingo dutela, baina….
Iñigo Ibarburu, 24 urte: Ba hori ja ez dakit, baino daukagun ohitura mobila (mugikorra) erabiltzeko eta Whatsappa erabiltzeko eta Whatsappa ezertarako erabiltzeko; hitz egiteko ezertarako, ez? Orduan, baa hori ekiditea ondo egongo litzake, baina orain gauden gizartean pixka bat zaila ikusten dut.
Alazne Sasieta, 25 urte: Ba ohitura hartu pixkanaka hilabetean behin edo aldiro-aldiro ezabatzen hasteko zabor hori eta, beste alde batetik, ba saiatu, agian, ba Whatsapp-ak, adibidez, eskaintzen duen ez deskargatzeko aukera hori aktibatuta edukitzen.
Tomas Artola, 58 urte: Hori nik ja, nik ez dakit, bakoitzak nola… nik uste estamentuak ez dakit, azkenean, zabor asunto (kontu) hori zaila ikusten dut, baina ez dakit nola egingo genukeen ezabatze hori.

Whatsapp talderen bat isilarazita duzu?
Mikel Aztiri, 21 urte: Bueno zabor asko ere ez, baina, adibidez,  bai mezu asko bidaltzen dituztela, lanarentzat (lanetan) duda batzuk dituztelako; bai, noizbait egin dut, azkenean lasai-lasai nahiago dut egotea, baina ez bakarrik taldeak, batzuetan, baizik eta mezuak eta deiak hori bakarrik (utziko nituzke).
Iñigo Ibarburu, 24 urte: Ba egia esan bat ere ez. Ez, isilarazteko ohiturarik ez daukat, behin eduki nuen grupo (talde) bat isilarazi nuena, baino hori zen ja gehiegizkoa zelako, o sea (hau da), gehiegi hitz egiten zuten eta azkenean ja: isildu egingo det eta ez diot kasurik egingo ja.
Alazne Sasieta, 25 urte: Ba kontaktuak dezente, pertsona hauek ematen duela mundu guztiari bidaltzen diotela mezu berdina, dezente, egia esan.
Tomas Artola, 58 urte: Ez, a ver (tira), batzuk izaten dira, erraz egiten dira gauza hauek eta momentuka, momentuka izaten dira, momentu puntualak eta, gero, azkenean, asko ez dira, ez dute jarraipen hori izaten, baizik eta gero gauza askotara bideratzen dira eta, bueno, sortu direnerako zea (helburu) horretara bideratzen ez badira, kendu eta kito.

B1
2021-10-15
28804682
00:05:23
876