'Belaunaldi mutua', telefonoz gutxi deitzen duten gazteak

Telefonoz deitzeko ohitura alde batera utzi eta mezuen bidez komunikatzea gero eta zabalduagoa dago gure artean.

14 eta 24 urte arteko gazteen % 96,8k nahiago dute familiako kideekin eta lagunekin mezu bidez hitz egin. Espainian egindako zenbait inkestek hala diote, behintzat. Smartphone-ean dugun Whatsapp aplikazioak eta sare sozialek telefono finkotik edo mugikorretik egiten genituen deiak gutxitzea eragin dute. Hortik dator ‘belaunaldi mutua’ izena; gazteek hitz egitea baino idaztea nahiago dutelako, eta gero eta gutxiago erabiltzen dutelako telefonoz deitzeko aukera. Egoera horren aurrean, kalera irten gara eta hainbat pertsonari dituzten ohituren inguruan galdetu diegu. Hauexek dira egin dizkiegun galderak:

 

1. Whatsapp aplikazioa asko erabiltzen duzu? Zertarako?

2. Lagun bat edo senitartekoren bat zoriondu behar baduzu, zer egiten duzu? Deitu, Whatsapp erabili, sare sozialen bidez…

3. Gaur egungo gazteek ez dute telefonoz ia hots egiten. Zure ustez, zer galdu dute? Positiboa da ala komunikazioa galtzen ari gara?

 

Maite Luelmo, itzultzailea (Aretxabaleta, 35 urte)
 
1. Bai, erabiltzen dut: lagunekin harremanetan jartzeko; amari argazkiak bidaltzeko, ez baita hemen bizi; bat-bateko mezuak bidaltzeko; lagunekin gelditzeko… Eta batzuetan, Whatsappeko deiak egiten ditut nire alaba gurasoek ikus dezaten, adibidez.
2. Oso hurbilekoa bada, deitu egiten diot. Bestela, normalean Whatsapp bidez zoriontzen dut. Sare sozialak ere erabiltzen ditut, batez ere, ez badut oso harreman estua… Hala ere, laguna bada, Whatsappez edo telefonoz deituta.
3. Bilakaeraren ondorioa dela pentsatzen dut. Azken batean nostalgiatik ezin gara bizi, eta ezin dugu esan lehengoa oraingoa baino hobea zenik. Agian, gure ikuspuntutik hala da, baina egungo gazteentzat ez. Zerbait galtzen da nire ustez, harremanak beroagoak ziren lehen… Edo agian ez… Orain esaten da idatziz ez direla gauzak hain ondo transmititzen, nahiz eta marrazkitxoak eduki testuari laguntzeko.
Gauzak aldatzea saihetsezina da, eta komunikazio-bide guztiek dituzte alde onak eta txarrak. Lehen, lagunekin gutunak idazten genituen eta ez dakit non, baina gordeta ditut guztiak nonbait. Gustatzen zitzaidan horretarako denbora hartzea eta erantzuna iristeko zain egotea ere bai. Orain ez dut uste inork hori egiten duenik. Galdu egin da, beste hainbat gauza bezala. Guztia berehala nahi dugu, eta horrek bizimodu azkar eta estresagarri batera garamatzala iruditzen zait.
 
Antton Larrea, ikaslea (Zarautz, 16 urte)
 
1. Lagunekin komunikatzeko, geratzeko eta aspertuta nagoenean hitz egiteko. Familiartekoekin ere bai, egia esanda hainbat Whatsapp talde ditugu.
2. Gertukoa bada, deitu egiten dut edo Whatsapp bidez audio bat bidali. Hala eta guztiz ere, oso gertukoa ez bada, Whatsappez mezu bat bidaltzen diot eta kito.
3. Komunikazioa galtzea ez da positiboa, noski, baina ez zait iruditzen komunikazioa galtzen denik. Esan nahi dut: azkenean, gehiago komunikatzen gara. Harremanetan jarri behar dugunean jartzen gara, lehen egiten zuten bezala. Niri ez zait txarra iruditzen. Egia da aurrez aurre hitz egiteko aukera baldin badugu, aurrera! Eta ezin badugu, Whatsappek edo sare sozialek ez dute arazorik ematen, jende gehienak erabiltzen ditu eta ia momentuan bertan sortzen da komunikazioa.  
 

Janire Arroyo, psikologoa eta diseinatzaile grafikoa (Lasarte, 24 urte)
 
1. Bai, komunikatzeko Whatsappa egunero erabiltzen dut; nire funtsezko erreminta da horretarako. Jende guztiarekin hitz egiteko erabiltzen dut, baita amonarekin ere.
2. Lehenengo kalean pertsona hori topatzen saiatzen naiz eta, bestela, pertsonarekin dudan konfiantzaren arabera: familiako norbait bada, deitu egiten diot edo Whatsapp bidez zoriontzen dut, gehienetan audio bat bidalita. Nire ustez, audioa bidaltzea idaztea baino hurbilagoa da.
3. Positiboa eta negatiboa da. Positiboa da, teknologia berriei esker, komunikazioa azkarragoa delako gaur egun. Hala ere, nire ustez, batez ere negatiboa da, mugikorrari zeharo itsatsita bizi garelako, mendekotasun izugarria dugulako.
 

Eva Mendiola, administraria (Errenteria,  52 urte)
 
1. Bai, asko erabiltzen dut: senitartekoekin, kuadrillakoekin, lagunekin… Egunerokotasunean jarraipena egiteko erabiltzen dut, batez ere, kontaktuan egoteko: zer moduz dauden, zer egingo duten…
2. Gaur egun Whatsapp edo sare sozialen bidez. Deitu? Gero eta gutxiago hots egiten dut. Familiakoei ere goizean goiz mezu bat bidaltzen diet normalean Whatsapp bidez. Gainera, emotikonoak jar ditzakegu, zoriontzeko beste modu bat da.
3. Gero eta komunikatuago bizi gara gaur egun. Telefonoak eta Internetek azkartasuna eman digute, prezio aldetik merkea da eta, gainera, egunero jar gaitezke harremanetan edozein momentutan. Azkenean, teknologia aldatu egin da, baina helburua, komunikatzea, hori beti mantentzen da. Antzina txalaparta erabiltzen zuten mendian komunikatzeko, eta gaur egun beste teknologia bat erabiltzen dugu. Mundu osoko jendearekin konektatuta gaude, ez gugandik gertu bizi direnekin bakarrik. Horregatik, ez dugu komunikazioa galdu, nire ustez, komunikatzeko modua aldatu baizik.

 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]
1. Telefono mugikorra, etxeko telefonoa, sare sozialak… Zein dituzu?
Janire Arroyo: Ba telefono mugikorra badaukat, etxeko telefonoa ere (bai) eta sare sozialak Facebook, Instagram eta Twitterra.
Eva Mendiola: Etxean daukat telefono finkoa Internetekin, gero daukat mugikorra eta sare sozialak ere (bai): Instagram daukat, Facebooka daukat, Whatsappa erabiltzen dut…
Maite Luelmo: Etxean zenbakia badaukagu, baina ez daukagu telefonorik; zeren ez dugu erabiltzen eta ez dugu erosi. Eta telefono mugikorra bai eta sare sozialak ba Facebook eta Instagram, baina ez ditut gehiegi erabiltzen.
Antton Larrea: Bai noski, telefono mugikorra badaukat, nik uste gazte denok bezala; etxeko telefonoa ere badaukagu, ez da asko erabiltzen baina… Dauzkaten sare sozialak ba Instagrama, Whatsappa, Twitterra eta Facebooka.
 
2. Zein kasutan deitzen duzu telefonoz?
Maite Luelmo: Amarekin edo lagunekin elkarrizketa luze bat eduki nahi badut, ba bueno, ba hori, “zer moduz zauz” (zaude) eta hitz egiteko ba harremana beroagoa iruditzen jatelako (zaidalako) eta, azkenean, zauz (zaude), Whatsappetik horrelako elkarrizketa luzeak ez ditudalako gustuko. Eta, noiz hitz egiten dut? Ba bueno, tramiteren bat edo egin behar bada noski, eta, eta, edo momentuko gauza baterako bada ere bai.
Antton Larrea: Aer (ea) bada, telefonoa, telefonoz deitzen dut ba bueno, urgentzia bat denean edo serio hartzea nahi dudanean, horrela. Ba adibidez, lagunekin ez badago plana egiteko asmo asko (handirik), deitu eta orduan jada, bai ez dakit, ba soluzio bat jarri.
Janire Arroyo: Bai, amari beti normalean deitzen diot, aitari ere (bai) eta Whatsappa ez badute erantzuten, eta presa baldin badaukat deitu egiten dut. Bai, lagunekin asko hitz egiten dut telefonoz, baina mobiletik (mugikorretik).
Eva Mendiola: Erakunde publikoetara deitzeko, edo bestela puntualki (unean-unean) zer edo zer, ba ez dakit, edo konbertsazio oso luzea eduki behar baldin badut nahiago dut telefonoz hitz egin edo batzuetan, ba aspaldi ez badut hitz egin pertsona batekin ere gustatzen zait deitzea, ahotsa entzutea (entzuteko), eta bueno, batzuetan gustatzen zait. Baina egia da gehienbat erabiltzen dudala Whatsappa edo…
 
3. Whatsapparen aurretik, nola komunikatzen zineten?
Antton Larrea: Nik beti eduki dut Whatsappa, duela lau urte existitzen zen.
Janire Arroyo: Telefonoz, etxeko telefonotik edo bestela portaleko tinbretik (ezkaratzeko txirrinetik).
Maite Luelmo: Telefonoz bai, edo bestela ba hori, aurreko egunetan, aurreko egunean edo ikusten ginenean ba jada hitzordua jarri eta agertu. Ez zegoen besterik.
Eva Mendiola: Telefonoz, noski, bai.
B1
2019-11-15
  • Malutafilms
21070735
00:03:42
245