Txirrita, mingain zorrotzeko bertsolaria
1936ko ekainaren 3an hil zen Joxe Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita, alegia. Hamaika bertso idatzi eta kantatutakoa da, eta horietako asko jasota geratu dira liburu, disko eta baita telebistako marrazki bizidunetan ere.
Bere garaiko kezkak askotan ekartzen zituen bertsoetara Txirritak.
Txirritak eta Saiburuk askotan abesten zuten elkarrekin. Argazkia: Xabier Cañas (CC BY-SA 4.0)
HIZTEGI LAGUNGARRIA Ezizena bizilekutik jaso: pertsona izendatzeko bizitokiaren izena erabili. Afizioa ofizio bihurtzea: denbora-pasa egiten den zerbait lanbide bihurtu. Aitzindaria izan: zerbait egiten lehena edo lehenengoetarikoa izan. Mingain zorrotza izan: iritzia argi eta garbi adierazi epelkerietan ibili gabe. Bertso-jartzaile gisa nabarmendu: bertsoak idazten bereziki trebea izan. Plazagizona izan: jendaurrean eroso aritzen den pertsona izan. Txapela jantzi: txapelketa irabazi. Hamaiketakoa egin: goiz-erdian zerbait jan. Itzal luzea izan: ospe handia izan. |
Joxe Manuel Lujanbio, Txirrita, Hernaniko Ereñotzu auzoko Latxe-Zar baserrian jaio zen, 1860ko abuztuaren 14an. Mutil koskorra zela, ordea, familia Errenteriako Txirrita baserrira joan zen bizitzera, eta bizilekutik jaso zuen, hain zuzen, hain ezaguna den ezizena. Altzako Gazteluene baserrian egin zituen bizitzako azken urteak.
Txirrita hargina zen ofizioz, baina bertsotarako zuen trebetasunari esker afizioa ofizio bihurtzea lortu zuen. Aitzindaria izan zen, bertsolari gisa bizimodua ateratzea ez baitzen erraza orduan, ezta orain ere. Mingain zorrotzeko eta bizkorreko bertsolari gisa nabarmendu zen, eta garaiko kezkak bertso-gai izan zituen: gerrak, grebak, foruen galera, Norteko trena… garai hartako herri-klasearen pentsamoldeak eta kezkak plazaratzen zituen.
Horietako asko, gainera, jasota geratu dira: Antonio Zabalak eta Juanjo Uriak hainbat liburutan bildu zituzten Txirritaren bertsoak; Xabier Letek eta Antton Valverdek, berriz, ahotsa jarri zieten, eta Juanba Berasategik marrazki bizidunetan jaso zuen haren bizitza.
Bertso-jardunean ezaguna zen, baina bertso-jartzaile gisa nabarmendu zen, batez ere. Jende asko joaten zitzaion bertsopaperak eskatzera. 10 duro sortako, gaur egungo 0,3 euro, kobratzen zituen. Plazagizona izanik, herrietako jaialdietan Txintxua, Artzai Txikiya, Saiburu, Pello Errota edota Otañotarrekin aritzea ohikoa zuen.
Txapelketak ere ezagutu zituen. 1935. urtean jokatu zen lehenengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bigarren sailkatu zen, Basarrik txapela jantzi zuen hartan. Bigarren edizioan, berriz, 1936an, bera izan zen txapeldun. Ez zuen lorpenaz gozatzeko aukera handirik izan, hilabete gutxira hil baitzen. Goizuetara bertsotara zihoala, hamaiketakoa egin ondoren, gaizki sentitu eta bizitokira eraman zuten. Hiru egunera hil zen, 1936ko ekainaren 3an, Francoren altxamendua hasi baino egun batzuk lehenago.
Itzal luzea du Txirritak. Horren adierazgarri, Bilbon, Hernanin eta Donostiako Altza auzoan bere izenean dituen hiru kaleak, eta baita Errenteriako Txirrita parkea ere.