Inazio Eizmendi Manterola, "Basarri"

Gaurko egunez jaio zen bertsolari eta kazetari gipuzkoarra (Errezil, 1913). Donostian egin zen Lehenengo Bertsolari Egunean, 1935. urtean, lehen saria eskuratu zuen.

Gerra zibilaren ondoren, 1950. urte inguruan, herriz herri hasi zen kantatzen Uztapiderekin batera, eta oso ospetsu bihurtu zuten artikuluak hasi zen idazten euskaraz Donostiako egunkarietan. Basarriren bertso moldeak beste tankera bat eman zion Gerra Zibilaren ondoren galbidean zegoen bertsolaritzari. 

 

 

 

 


Jaitsi
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Errezilgo Granada errekan jaio zen Basarri bertsolaria, mendi-zuloan sartuta dagoen baserri batean. Basarrik idatzi zuen gurasoak miretsi egiten zituela, hain leku aldrebesean zegoen baserri batean bizimodua atera zutelako. Inaziok zazpi urte zituenean familia osoa Zarautzen bizi zen. Beste bost anai-arreba jaio ziren herri honetan. Bertan Azken Portu taberna hartu zuen sendiak, taberna-ondoko lurrak barne. Hainbat bertsolari maiz joaten zen Azken Portura, Basarriren aita ere oso bertsozalea baitzen. Bat-bateko bertsorik ez zuen abesten baina bertso zahar asko buruz zekizkien. Giro horretan hasi zen Inazio mutikoa bertsoetara zaletzen.

Azken Portun jende ugari biltzen zen kontu-kontari: baserritarrak, ikazkinak, trenbidetako langileak, kirolariak…. Herri-kiroletan ere han hasi zen zaletzen mutila. Baita irakurtzen ere. Bertsotan, plazan hamazazpi urterekin hasi zen eta hogeita bi urterekin jantzi zuen Euskal Herriko lehen txapela, 1935ean.

1936an gerrak ez zuen soilik bertsolaritza eten, bertso-modu berri bat ere eten zuen, Basarrirena. Honen aurretik Txirrita zen izarra, eta bertsoa gehiago zen sagardotegi-giroko zerbait. Basarri, nahiz eta 11 bat urterekin utzi eskola, autodidakta zen, jantzia literaturan, musikan, kezka intelektual handikoa… Ez zuen batere atsegin bertsolariak elkarri trapu zaharrak astintzea bertsoz; aurreko belaunaldikoek bai, ordea. Basarrik gustukoagoa zuen beste bertsolaritza-mota egiten zuen bertsolari bat, poetikoagoa zena, Kepa Enbeita, Urretxindorra ezizenez.

Gerran gudamutil aritu zen Loiola batailoian, eta gorputz handi-sendoa zuenez, ertzain izendatu zuten. Euzkadi eta Eguna egunkarietarako idazten zuen tiro artean. Frenteraino etortzen omen ziren mezulariak artikuluak jasotzera! Frenteko guda-lagunak animatzeko, Bilboko Irratian bertsoak kantatzen zituen noizbehinka. Baina Bilbo frankisten esku geratu zen 1937ko uztailaren 19an, eta Basarrik ihes egin zuen Santanderra, gero Nantes aldera. Handik Iparraldera. Sasoi hartan bertso asko idatzi zuen. Baina mugan, frankistek Hendaian preso hartu zuten eta Langileen Batailoian lanean jarri, kaminoak egiten.

Zazpi urte eman zituen etxetik kanpo, 1943ko ekainean aske utzi zuten arte. Uztapide bertso-lagun hartuta herriz herri ibili zen Basarri Euskal Herri osoan, 1945etik aurrera.

La Voz de España egunkarian egunero hasi zen idazten Mi Atalaya Montañera izena jarri zion sailean. Hor, batez ere, herri-kirola izan zuen hizpide, herri txikietako demak, saioak, baita jaiak eta bertso-emanaldiak ere. Hasieran gaztelaniaz, euskaraz gero. Horrek euskaldun asko erakarri zuen nagusiki gaztelaniazkoa zen egunkari hartara. 40 urtetik gora egin zuen lan hau. La Voz de Guipuzcoa Irratian ere antzeko gaiak jorratu zituen Nere Bordatxotik saioan.

Basarrik bere bigarren txapela gerra ondoko lehen Txapelketa Nagusian jantzi zuen, 1960an. 1962an, Uztapideren atzetik bigarren gelditu zenean, txapelketa eta lehiaketa orotatik erretiratzea erabaki zuen. Nolanahi ere, bere ardura nagusia bertsolaritza duintzea zuen: bera izan zen bertsoa sagardotegi eta taberna-girotik jaso izanaren eragile nagusia. Basarrik bertsolaritza, bat-bateko bertsogintza batik bat, beste aro batera ekarri zuen.
 

B2
2013-11-13
16163508
00:06:15
10278