Casilda Hernáez, itzaltzen ez den sua

Izaera gogorrekoa, eta ausarta zen Casilda Hernáez. Francoren aurka borrokatu zuen milizian aritu zen, baina, batez ere, mugimendu anarkistan aritzeagatik nabarmendu zen.

Zizurkilen jaio eta Donostiako Egia auzoan bizi izan zen familiarekin. Ondoren, Francoren tropengandik ihesi, Bordele eta Biarritz izan zituen bizileku.

 

 

 

 

 

Casilda Hernáez 80 urte inguru zituela. Argazkia: 'Casilda miliciana. Historia de un sentimiento' liburutik.


Jaitsi
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Casilda Hernáez Vargas Zizurkilgo Fraisoro etxean jaio zen 1914ko apirilaren 9an. Etxe hartan erditzen ziren ezkondu gabeko amak, eta haur umezurtzak ere han jasotzen zituzten. Zizurkildik Donostiako Egia auzora joan zen, amaren familiarekin. Anarkista eta bohemio xamarrak omen ziren amaren familian, eta askatasun-giro horretan hezi zuten. Egiako Eskola Publikoan ikasi zuen irakurtzen eta idazten, baina bere benetako eskola, anarkistek gidatzen zituzten Ateneo Libertarioak izan ziren.  

Donostian emakumeek antolatu zituzten lehenengo grebatan parte-hartu zuen, lehen lerroan gainera. Ordurako, CNTko kide nabarmena zen. Kartzelarekin ordaindu zuen militantzia. 1934. urtean lehergailuekin eta propaganda anarkistarekin atzeman zuten eta 29 urteko espetxe-zigorra jarri zioten. Bi urte baino ez zituen pasa kartzelan preso; 1936an askatu zuten, Frente Popularrak hauteskundeak irabazi eta amnistia eman zuenean. Kartzelaldiak ez zuen kikildu, alderantziz, bere ideiak indartu zituen.

Kartzelatik atera zenean ezagutu zuen bere bikotekidea, Felix Likiano anarkista. Bikote iraultzailea osatzen zuten, eta hainbat batailatan aritu ziren miliziano gisa. Guda, ordea, Francoren jarraitzaileek irabazi zuten, eta bikoteak deserria ezagutu zuen. Deserria eta konzentrazio-eremuetako bizitza krudela.

Askatasuna berreskuratu zutenean, 1940. urtean, Bordelera joan ziren bizitzera. Han ere, frankismoaren eta nazismoaren aurka borrokatzen ziren erresistentziakoei lagundu zieten; izan ere, beren etxea haien ostatu bihurtu zen: Euskal kontsulatua deitzen zioten.

Bordeletik Biarritzera joan ziren. Bikotea ez zen handik mugitu, baina ez zuen bere jarduna eten. Jarduera iraultzaileagatik jazarpena pairatu zuten: Biarritzeko etxeak iheslarien ostatu izaten jarraitu zuen, baita euskal errefuxiatuena ere. Urteak pasa zituzten ezkutuko jardun horretan, osasun-arazoengatik utzi zuten arte.

Felix 1982an hil zen, eta Casilda hamar urte beranduago, minbiziak jota. Biarritzeko hilerrian bisita daiteke bere hilarria. Eta hilarrian gure protagonistaren izaera adierazten duen esaldi hau irakur daiteke: “Zu zara itzaltzen ez den sua”.

B1
2021-04-14
28144643
00:03:02
817