Atsotitzak: euskararen altxorra
Euskararen ahozko tradizioa oparoa da. Bertsolaritza izango da ziurrenik tradizio horren adierazpenik ezagunenetarikoa, baina ez bakarra, atsotitzak ere sailkapen horretan koka daitezke-eta. Hain zuzen, atsotitzen jatorria eta erabilera aztertuko ditugu besteren artean.
Atsotitzak edo esaera zaharrak gure hizkuntzaren altxorra dira. Ahozko hizkeran dute jatorria eta herrietako bizipenen lekuko izaten dira. Zergatik esaten zaie atsotitz edota esaera zahar? atsoen (edo agureen) esanei erreferentzia egiten dietelako; hau da, urteek emandako jakituria eta eskarmentuagatik gure arbasoek erabiltzen zituzten esaera zaharrak dira.
Herri baten filosofiaren bilduma direla ere esan izan da, herria ulertzen laguntzen dutela. Atsotitzek euskal gizartea deskribatzen dute, gogoeta filosofikoak jasotzen dituzte edota gure ohiturak eta sinesmenak dituzte hizpide. Finean, antzinako usteak, jokamoldeak eta tradizioak ezagutzeko bitartekari apartak dira.
Atsotitz batzuk naturako fenomenoekin dute zerikusia. Argazkia: Pixnio, moldatua
Fenomeno unibertsala dira atsotitzak, hizkuntza bakoitzaren gatza eta piperra. Etengabe aldatzen eta berritzen ari dira, egoera sozial berrietara egokituz. Garaian garaiko ikuspegia ematen dute eta horregatik galtzen dute atsotitz batzuek gaurkotasuna; gizarte jakin bateko bizimoduarekin oso lotuta daudelako.
Jatorria eta erabilera
Atsotitzak herriak sortutakoak dira eta, askotan, bere jatorria aurkitzea zaila da, gehienak anonimoak direlako. Adituen hitzetan, idatziz jasotako lehen atsotitzek ahozko literaturan dute jatorria. Esperientzian oinarriturik emandako aholkuak dira, eta, irakasbide direnez, antzinako zibilizazio guztiek dituzte.
Maitasuna, afektibitatea, adiskidetasuna, bertuteak, bizioak, harreman sozialak, lege-kontuak, diru-kontuak, eta abar adierazteko erabiltzen dira atsotitzak. Baina baita ere aholkuak emateko, konparatzeko, argudioak emateko, kritika soziala egiteko, iritziak leuntzeko edota irakasteko. Sarritan, helburu didaktikoa dute eta gogoetarako bide ematen dute.
Adiskide onekin, orduak labur atsotitzaren azalpena: Argazkia: Jackie Lou Dl (Pixabay), moldatua.
Errima, aliterazioa eta hitz-jokoez osatutako esaerak dira, metaforikoak eta umore ukitukoak. Atsotitzen ezaugarriak kontuan hartuta, azpiko sailkapena egin dugu.
● Izaerak eta jokamoldeak adierazteko atsotitzak: “A zer parea, karakola eta barea”; “Ezer ez duena, emateko prest”.
● Aholkuak, desirak eta baloreak adierazteko: “Gezurtiak zer duen merezi? Egia esatean ez sinetsi”; “Gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak gogoan hartu”.
● Heziketaren ingurukoak: “Etxean ikusia, umeak ikasia”; “Bakoitzari berea, eta beti adiskide”.
● Lanaren ingurukoak: “Lan lasterra, lan alferra”; “Nahi bada jan, egin behar da lan”.
● Naturako gertakizunak: “Goiz gorri, arrats euri”; “Urte berri, asmo berri”.
● Adiskidetasuna/afektibitatea adierazteko: “Adiskide onekin, orduak labur”; “Gaur hitza eman, bihar haizeak eraman”.
● Ohiko gertakizunak eta esperientziak adierazteko: “Barrika txarretik, ardo on gutxi”; “Arrain handiak jaten du txikia”.
Atsotitz-lehiaketa
Urteak joan urteak etorri, kalean gero eta gutxiago entzuten dira euskal atsotitzak, batez ere gazteen artean. Haiek berreskuratzeko asmoz, Iberba Euskara Zerbitzuak enpresak eta Oskia Karrera argazki estudioak atsotitz-lehiaketa antolatu dute.
Atsotitz-lehiaketako kartela. Argazkia: Iberba
Atsotitz bat aukeratu eta irudi batean txertatuta e-posta bidez bidali behar zuten parte-hartzaileek. Bozketa fasea amaituta, irabazlea nor den otsailean zehar jakinaraziko dute antolatzaileek. Patxi Alañak, Iberbako kide eta lehiaketako antolatzaileetako batek, hala adierazi digu. Lehiaketa hiru hilean behin antolatzeko asmoa ere azaldu du.
Atsotitz lehiaketaren nondik norakoak galdetuta, galtzen ari den tradizioa berreskuratzeko ahalegina dela aipatu digu Alañak. “Atsotitzak berreskuratu nahi ditugu gure kulturaren sena, filosofia eta zantzuak gordetzen dituztelako, euskal kulturaren osagai garrantzitsuak direlako eta gure herriaren gakoak ematen dituztelako”.
Baina ez da helburu bakarra. “Atsotitz berriak sortzeko bidea zabaldu nahi dugu gaur egungo bizimoduak sortzen dituen egoera berriei erantzuteko”, azaldu du. Izan ere, bere iritziz, atsotitzek “fresko eta bizirik mantentzen dute euskara, euskara aberasteko berebiziko altxorra eskaintzen dute”.
Lehiaketan parte hartzeko atsotitz bat aukeratu eta irudi batean txertatu behar da. Argazkia: Pixnio, moldatua
Patxi Alañak jakinarazi duenez, gaur egun, 14.000 atsotitz baino gehiago daude. “Gotzon Garatek liburu batean jaso zituen. Gure erronka atsotitz horien erabilera areagotu eta ondorengoei transmititzea da”. Bere iritziz, “esamolde oso politak dira atsotitzak, “bizitzako pasarte bat laburtzeko ere balio dutenak; egoerak baldintzatzen du atsotitz bat edo beste bat erabiltzea”.
Horixe bera eskatu diogu erreportajea amaitzeko, 2020. urtea laburtuko duen atsotitza aukeratzea. Ez du askorik pentsatu behar izan: “Ez dago gaitzik on ez dakarrenik. Ea pandemiak utzitako gaitz hauen guztien artean gauza onak ateratzen ditugun”.
Pixkat bizitza osoa euskalgintzari dedikatuta (dedikatu diot), bai irakaskuntzan, zortzi urtez, eta, baita ere, gero bi enpresetan (enpresatan) (aritu naiz) euskara bultzatzen. Enpresetan euskara planak egiten, laguntzen, trebakuntzan... eta hainbat, hainbat gizarte ekimenetan (aritu naiz).
Zer da atsotitz bat?
Atsotitz bat da berba oso-oso-oso polita. Guk ikusten dugu eta badaude ikerle (ikerlari) asko, Lagarde adibidez, eta beste ikerleek (ikerlariek) esan digutena orain dela 500 urte (arte) eduki genuela hemen egoera nahiko berdintsua gizon eta emakumeen artean. Matrimonialismoa zegoela? Hor dago Mari Carmen Basterretxea ere bai ikerlea (ikerlaria), Ane Mari Lagarde. Eta bitxia da, zeren gaur egun atsoa (atsoak) batzuen iritziz zentzu peioratiboa dauka, ez dauka zentzu positiboa. Baina hor daukagu berba bat non esaten digun atsotitza, hau da, atsotitza zen jakintsu batek esandako berba bat. Osea (Hau da) kontuan hartu behar genuen gure nagusiek esandako aholku bat zela eta, beraz, kasu egitekoa, ezta. Orduan, badago ere bai esaera esateko, baina ikusi genuen atsotitza polita dela atsoari emateko dagokion balioa. Gure amona, amatxi, amama jakintsuen, ba hori, ba jarraibideak kontuan hartzekoa. Atsotitza da esaldi bat bizitzaren zerbait laburtzen duena eta aholku bat ematen dizuna zure bizitzarako.
Zer lehiaketa mota antolatu duzue atsotitzen inguruan?
Antolatu dugun lehiaketa hau, bi erakundeen (erakunderen) artean antolatu dugu: Tolosako Oskia Karrera argazkilaria eta baita ere Iberbako Kukubat ekimenaren artean. Oskia da argazkilaria eta liburu bat egin du oso polita atsotitzak eta argazkiak uztartuta. Eta Kukubat da ekimen bat, Euskal Herriko kultura, etnografia... erakusteko. Eta hainbat kontu egin ditugu; bisita gidatuak, baita ere Nafarroko tortilla berreskuratu dugu eta pixkat kulturarekin (lotura duten gauzak). (Hori horrela) Bururatu zitzaigun hau (lehiaketa) egitea, ikusten dugulako atsotitzak kriston altxorra (altxor izugarria) daukagula (direla), baina ez dugula behar bezala, ez dugu ezer egiten altxor hori eguneratzeko, zabaltzeko eta, bueno, horregatik bururatu zitzaigun lehiaketa hau egitea; atsotitzak eta irudigintza uztartuta.
Zein da lehiaketaren helburua?
Antolatzen dugu, esan dugun bezala, Oskia Karrera estudioa (estudioak) eta Kukubatek. Eta helburua da, jendea animatzea haien aitite-amamei edo aiton-amonei (aitita-amamei edo aitona-amonei) galdetzen zer atsotitz dituzten eta haiek ere haien ekarpena egiten (egitea) irudi baten, argazki baten bidez. Eta berreskuratzea, berreskuratzea, atsotitzek gordetzen dutelako (dituztelako) gure kulturaren zeinu asko, euskal sena, filosofia...
Zer egin behar da lehiaketan parte hartzeko?
Parte hartzaileek, oso erreza (erraza), hartu (behar dute) atsotitz bat, haiei gustatzen zaiena ahalik eta politena, eta txertatu irudi batean. Irudia izan daiteke haiek egindako marrazkia, izan daiteke argazkiren bat, eta bidali info@kukubat.eus-era. Eta hau hiru hiletik behin (hilean behin) egitea da asmoa.
Zein da zure atsotitzik kuttunena?
Egoeren arabera, oso desberdina da atsotitz bat edo beste bat, gaurko urteari ipini ahal diogun atsotitz egokienetakoa (ondorengoa litzake): “ez dago gaitzik on ez dakarrenik”. Ea gaitz guzti hauen (hauen guztien) artean gauza onak ateratzen ditugun.