June Almeidak jarri zion izena koronabirusari

Mikroskopio elektronikoarekin bikain lan egiten zuen June Almeidak. Birusak ikusten eta identifikatzen aritu zen urte luzez, eta birus haietako bat koronabirus izenarekin bataiatu zuen 1967an. 53 urte geroago birus horrek hankaz gora jarri du mundua.

June Dalziel Hart 1930eko urriaren 5ean jaio zen Glasgow-n, Eskozian. Etxean baliabide gutxi zituzten, aitaren autobus-gidari soldatak ez baitzuen askorako ematen. Horregatik, Junek 16 urterekin utzi zituen ikasketak, eta lanean hasi zen. Glasgow-ko Unibertsitate Ospitalean lortu zuen lana histopatologiako teknikari gisa. Ospitale horretan eta Londreskoan ere lan egin zuen, eta urte haietan mikroskopio elektronikoa erabiltzen trebatu zen.   

June Almeida mikroskopio elektronikoarekin oso abila zen. Argazkia: Wikipedia

Garai horretan ezagutu zuen Enrique Almeida artista venezolarra, eta 24 urterekin berarekin ezkondu eta Hart abizenaren ordez senarrarena hartu zuen. Bikoteak alaba bat izan zuen, Joyce, eta Kanadara joan ziren bizitzera. June Almeidak ez zuen unibertsitate ikasketarik, baina ordura arte egindako lanari esker Ontarioko Minbiziaren Institutuan ikerketan aritzeko lanpostua lortu zuen. 1963an mikroskopio elektronikoarekin aritzeko teknika berriak garatzen hasi zen eta zenbait artikulu zientifiko ere idatzi zituen birusen egiturei buruz. Ezbairik gabe, aditu bihurtu zen irudiak aztertzen eta identifikatzen.

Birusak identifikatzen

Hala, June Almeidaren izena ezaguna egin zen berehala zientzia arloko akademikoen artean. Testuinguru horretan itzuli ziren Ingalaterrara, eta Londresko St. Thomas ospitalean hasi zen lanean. Garai hartan David Tyrrell medikua katarro arruntaren inguruko ikerketa egiten ari zen aipatutako ospitalean. Birusik gehienak identifikatzea lortu zuten, baina bazen bat, gripearen antzekoa, identifikatu ezin zutena, eta gainera, laborategian kultibatu ezin zena. Gripearen antzekoa izan arren, desberdina zela pentsatzen zuten, baina frogatu ahal izateko irudiak behar zituzten. Identifikazio lana egiteko gai izango zen pertsona bakarra bururatzen zitzaion Tyrrell medikuari: June Almeida. Ikerketan aurrera egiteko esperantzarekin birusaren laginak bidali zizkion Juneri.  

Koronabirusaren irudiak ikusi eta deskribatu zituen lehenengo pertsona izan zen Almeida. Argazkia: Wikimedia

June Almeidak azterketa-lan sakona egin eta azkenean, 1967an, birusaren irudi argiak lortu zituen. Ikusi zuena ahalik eta zehaztasun handienarekin deskribatu zuen: “halo batean bildutako birus baten modukoa da, eguzkiaren koroaren antzeko halo batean bildutakoa”. Hitz horiekin azaldu zuen ikusitakoa, eta eguzkiaren koroaren antzeko forma zuelako jarri zioten koronabirus izena.  

Bere lanean abilezia handikoa eta oso azkarra zela erakutsi zuen, izan ere, ikasketa formalik gabe hasi zen 16 urterekin Glasgow-ko ospitalean lanean, eta berdin jarraitu zuen Ontarion ere. Urtetan egindako lanak, eta bereziki koronabirusaren inguruan egindako aurkikuntzak, ordea, ekarri zion ordaina: egindako ikerketa guztiengatik doktoretza eta graduondokoa lortu zituen June Almeidak.

Errubeolaren birusa erretratatzen ere lehenengoa izan zen June Almeida. Argazkia: Herman, USCDCP (Pixnio)

Birologo lanak 1985ean utzi zituen formalki, baina lanean jarraitu zuen, eta ikerketa garrantzitsuetan lagundu zuen handik aurrera ere. Esate baterako, 1980ko hamarkadaren bukaeran GIB birusaren kalitate handiko argazkiak argitaratzen lagundu zuen. Era berean, errubeolaren birusa ikusten eta erretratatzen ere lehenengoa izan zen.

Bere garaian, jada, koronabirusak identifikatzea oso garrantzitsua izan zen birologoentzat, eta 53 urte geroago, agerian geratu da egindako lanaren garrantzia. Almeidak, ordea, ez du ikusi COVID-19ak mundua hankaz gora nola jarri duen. 2007ko abenduaren 1ean hil zen, bihotzekoak jota.  

   


B1
2020-10-27
23016272
669