Belkroa, ustekabeko asmakizuna
Gure egunerokoan arruntak dira belkroa duten produktuak. Nondik dator, ordea? Naturak egiten dituen opari horietako bat dela esan daiteke. Hor zegoen, denon bistan, baina inork ez zuen ikusten. Azkenean, ezustean etorri zen aurkikuntza 1958ko maiatzean.
Belkroaren sorrera lapa-belarrarekin lotuta dago. Lapa-belarraren haziak gantxo moduko batzuk ditu, eta gantxo horiek modu naturalean itsasten dira, ileek, ilajeek edo arropek dituzten espiral itxurako kiribil mikroskopikoetan.
Lapa-belarrari (Arctium lappa) irastor, lapatx edo maite-belar ere esaten zaio. Argazkia: Commons Wikimedia, Pethan (CC BY SA 3.0)
George de Mestral ingeniari suitzarra bere txakurrarekin ehizean zebilen Alpeetan, lapa-belarrarekin topo egin zuenean, 1941ean. Lapa-belarraren haziak bere arropetan eta zakurraren ilajean itsatsi ziren. Kentzeko zailak zirela konturatuta, haiei begira jarri zen, haiek aztertzen hasi zen. Urteak pasatu zituen lapa-belarraren hazien egitura ikertzen, eta azkenean 50eko hamarkadan argitu zuen misterioa.
Lapa-belarraren hazia
Hala, lapa-belarraren hazian inspiratuta sortu zuen lotzeko sistema, gantxoz eta kiribilez osatutako lehendabizikoa. Bi zati ditu: batetik, gantxo txiki-txikiak dituen ehun-zati bat, eta bestetik kiribil ikusezinak dituen beste ehun-zati bat. Bata bestearekin elkartzen dira norbaitek banatzen dituen arte. Banatzean soinu berezia egiten du, zerbait urratzen denean egiten duen soinuaren antzekoa.
Belkroaren zati batek gantxoak ditu eta besteak kiribilak. Argazkia: Alberto Salguero (CC BY SA 3.0)
Hasieran kotoiz egiten zituen, baina ez ziren oso praktikoak, berehala hondatzen ziren. Beraz, material egokia aurkitu beharra zegoen. Gantxoen zatia osatzeko materiala nahiko azkar aurkitu zuen: nylona. Baina beste zatia egiteko behar zuena aurkitzea gehiago kosta zitzaion. Zortzi urte behar izan zituen poliesterra kiribilen zatia egiteko egokia zela konturatzeko. Behin produktua edukita, patentea lortzeko eskaera egin zuen Suitzan, eta hori eskuratzea ere ez zen erraza izan, baina, itxura batean, 1958ko maiatzean lortu zuen. Hala ere, data hori gorabeheratsua da, izan ere, hainbat herrialdetan egin zituen eskaerak, eta erantzunak data desberdinetan iritsi ziren.
Velcro enpresa
Mestralek enpresa bat sortu zuen bere asmakizuna ekoizteko eta Velcro izena jarri zion. Frantsesetik hartutako bi hitzen hasiera da: velours (belusa) eta crochet (gantxoa). Hasiera batean arropetan erabiltzeko sortu zituzten lotzeko sistemak, eta gaur egun oso produktu arrunta den arren, sortu zenean zaila izan zen ehungintzaren industrian tokia egitea. Itxurak ez zituen konbentzitzen bezeroak: sobratutako materialekin eginda zegoela ematen omen zuen.
NASAko jantzi bat. Argazkia: Jawed (CC BY SA 3.0)
60ko hamarkadan NASAko astronauten jantzietan erabiltzen hasi ziren, haiek janztea eta eranztea errazteko asmoz. Eta segidan eskiatzaileen jantziekin gauza bera gertatu zen. Ondoren, grabitaterik ez zegoen lekuetan gauzak itsatsita edukitzeko erabiltzen hasi ziren NASAkoak, eta horrela, belkroak ospe handia lortu zuen. Garai horretakoa da belkroa NASAko ingeniarien asmakizuna izan zela dioen uste faltsua ere.
Imitatzaile asko
Gauzak horrela, mundu guztia konturatu zen erabilera asko zituela eta imitatzeko ahaleginak ugaritu egin ziren. Baina produktuaren masifikazioa urte batzuk pasata iritsi zen. Izan ere, 1978an Mestralen patentea iraungi egin zen, eta ekialdeko enpresa asko hasi ziren produktua imitatzen. Orduan Velcro enpresak bere estrategia bideratu zuen erregistratutako marka gisa agertzeko, eta gaur egun ere, hori defendatzeko beti gogorarazten du Velcro ez dela produktu bat, enpresa baten izena baizik.
Produktu askotan aurkitzen dugu belkroa gaur egun, adibidez, oinetakoetan. Argazkia: Pxhere
Oraindik ere horrelako lotzeko sistemak egiten jarraitzen du Velcro etxeak. Baina esan dugun bezala, gaur egun, industriako sektore askotan erabiltzen dira: medikuntzatik hasi eta arlo militarreraino, lorategietako apainketetatik edo ehungintzatik pasata. Sektore bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina oinarrizko ezaugarriak berdinak dira kasu guztietan. Zer zorte izan zuen Mestralek lapa-lorearen hazia arropan itsatsi zitzaion egunean!