Eskerrak balkoia daukagun!

Osasun-alarman gaude koronabirusaren ondorioz. Etxetik atera gabe daude pertsona asko. Egoera honetan protagonismo berezia hartu du etxeetako toki jakin batek: balkoiak.

Egun hauetan jende asko etxean sartuta dago ia egun osoan, eta balkoietara ateratzen da komunikatzeko: osasun-arloko eta merkataritza-arloko jendea txalotzeko, bizilagunekin abesteko eta abar. Baina Euskal Herrian behintzat balkoiak aspalditik erabili izan dira ekintza askotarako. Hona hemen batzuk.

Arropa zintzilikatuta balkoi batean. Argazkia: pxhere (CC0)

Festak eta beste

Aste Santuan saetak abesteko erabiltzen dira balkoiak; adibidez, oso ezagunak dira Bilboko Zazpi Kaleetakoak. Euskaraz ere abestu izan dute, Youtuben sartzea besterik ez dago adibideak aurkitzeko. 2020an ez euskaraz ez inola, bertan behera geratu baitira ospakizun guztiak.

Eta izango ote dira sanferminak? Espero baietz. Sarean sartzen bazarete, berehala aurkituko dituzue zezen-entzierroa ikusteko balkoiak, alokairuan. Aukera zabala da: gosariarekin, telebistarekin kazetarien iruzkinak entzuteko… Salneurriak ere denetarik.

Balkoiak festarekin lotzen dira. Herri batzuetan gaztetxoek balkoietan daudenei ura botatzeko eskatzen diete, batez ere uda-partean. Beste herri batzuetan lehiaketak egiten dituzte balkoiak edo/eta etxeak loreekin apaintzeko festetan: Bilbon, Pauen, Lesakan, Elgoibarren, Ordizian… Beste batzuetan, ordea, ez dago festa-beharrik balkoiak loreekin dotore edukitzeko urte osoan: Auritzen, Beran, Elizondon, Ainhoan…

Sanferminetan balkoiak alokatzen dituzte entzierroa ikusteko. Argazkia: pxhere (CC0)

Bertsolaritzan ere balkoiak badu bere tokia. Balkoitik Balkoira izeneko ekimena Tolosan sortu zen 1802an, eta herri batean baino gehiagotan egiten da, Algortan adibidez. Balkoitik balkoira aritzen dira kantari. Bertsolari askok abestu dute balkoitik: Andoni Egaña, Alaia Martin, Maddalen Lujanbio… Eta ez da erraza, zeren bertso-saio arrunt batean elkarren ondoan daude, eta hor, ez. Oso adi egon behar da.  

Balkoiak gauza arriskutsuetarako erabiltzen dituzten pertsonak ere badaude; adibidez, balconing egiten dutenak. Hoteleko balkoitik igerilekura salto egiteari esaten zaio balconing egitea. Altura handia dagoen lekuetatik salto egiten dute, eta zoritxarreko istripuak gertatu izan dira, baita heriotzak ere.

Protesta eta aldarrikapena

Protesta egiteko ere erabiltzen dira balkoiak. Zerrenda luzea da baina bi protesta aipatuko ditugu. A8 autobidea hartzen duenak, bai Donostian, bai Bilbon, pankartak ikusiko ditu balkoietan auobideko zarataren aurka. Beste bat Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbidea pasatzen den herrietakoa da. Herri horietan, etxe askotako balkoietan, AHT gelditu leloa duten oihalak ikusiko ditugu.

Eta aldarrikapena ere non-nahi ageri da balkoietan. Horren adierazle garrantzitsuenetakoa da Aberri Egunean balkoian ikurrina jartzea, zer esanik ez Kataluniako Diadan senyera jartzea.

Pasai Donibaneko batelerak Euskotren Ligako bandera astintzen. Argazkia: eitb.eus

Udaletxeko balkoia eta kirola

Balkoiak beti erabili izan dira kirol-emaitzak ospatzeko, baina gurean kirol bat badago balkoiarekin, batez ere udaletxeko balkoiarekin, zerikusi handia duena: arrauna. Arraunlariek irabazitako bandera astintzen dute herritarrei eskaintzeko: zirraragarria da oso!

Eta zuk, zertarako erabiltzen duzu balkoia?

Noski, ez gara ari betikoaz: eguzkia hartzeko, trasteak gordetzeko… Ari gara, egun hauetako itxialdia dela-eta, ikusten ari garen kontuez: osasun-langileak eta beste hainbat alorreko jendea txalotzeko, bizilagunei bizitza eramangarriagoa egiteko musikaren bidez, gimnasia egiteko… Zer egin daiteke balkoian egun hauetan?     


B1
2020-03-20
21729000
14676