Telelanerako aholkuak

Telelana enpresatik kanpo, normalean etxean, egiten den lana da; eta telekomunikazio-sareak erabiltzen dira lan egiteko. Oso ondo, etxean, baina nola egiten da hori?

Betiko ohiturekin segi: errutinak izan
Lan egiteko gune egokia aukeratu, hor egin lan, eta normal jantzita, ez oherako arroparekin.
Gogoratu: saiatu eguna normal hasten: dutxatu, gosaldu…

Ordutegia eta baldintzak
Lanorduak bete egin behar dira. Beraz, antolatu denbora. Zenbat denbora behar duzu? Zein denbora-tarte lan konkretu batean aritzeko? Bakarrik, kontzentratuta, inorekin hitz egin gabe? Aukeratu beste denbora-tarte bat mezuak erantzuteko, online-bilerak egiteko, talde-lana antolatzeko… Batzuek eskuko telefonoko datu mugikorrak itzaltzen dituzte.
Gogoratu: telelana ez da 24 orduz prest egotea enpresarentzat edo bezeroentzat.

Argazkia: Piksels (CC0)

Finkatu eguneko eta asteko helburuak: ikusi bete diren
Finkatu norberaren eta lantaldearen helburuak: zein lan egin behar da gaur edo aste honetan? Idatzi paperean, edo mugikorrean… Partaide bakoitzaren rola ere finkatu. Aztertu bete diren helburu horiek.
Gogoratu: elkarren arteko konfiantza ezinbestekoa da.

Atsedena
Hartu atseden, eta egin ariketa fisikoak. Denborarik ez baduzu, edo umeak badituzu, egin luzatze-ariketak: 10 minutu. Sarean badira tutorialak.
Gogoratu: etxe-zuloan egotea gogorra da.

Kontzentrazioa
Lana da telelana: ez galdu arreta. Ez da sukaldean aritzeko edo etxeko erosketak egiteko denbora.
Gogoratu: telelanak auto-diziplina handiagoa eskatzen du, eta norberak hartu behar du. Ez da komeni lanaldia egunero aldatzea: egun batean goizez, hurrengoan arratsaldez…

Argazkia: Pxfuel (CC0)

Bukatzen jakin
Eguna edo lanaldia bukatu bada, bukatu da. Finkatu bukatzeko ordua. Bihar egin behar den lana, ez egin gaur.
Gogoratu: ez sentitu errudun etxetik lan egiten duzulako.

Komunikazioa
Lantaldeko kideekin jarraitu harremanetan. Aplikazio asko daude online bilerak egiteko.
Gogoratu: izan proaktiboa.

Eta umeak badaude etxean?
Bereizi lan egiteko tokia eta umeekin egoteko tokia. Azaldu umeei, ahal den neurrian, zergatik egiten ari zaren telelana. Eta zer den telelana, ze ondorio dituen etxeko martxan.
Gogoratu: umeak aspertzen badira, kaosa ez da urruti izango.


B1
2020-03-13
21676943
13941