Mikel Urdangarin musikariarekin solasean

Mikel Urdangarin euskal kantautoreak musikan orain arte egin duen ibilbideaz hitz egin digu. Euskaraz abesteak ateak ireki dizkiola uste du, besteak beste.

Mikel Urdangarin (Amorebieta-Etxano, 1971) euskal kantautorea da. 1997. urtean argitaratu zuen Haitzetan izeneko lehenengo diskoa eta 2017an, berriz, Margolaria izenburupean orain arteko azkena. Hogei urte hauetan, hamabost disko kaleratu ditu guztira. Hori gutxi balitz, iaz, azken diskoaren izenburu berarekin, Oier Aranzabalen agindupean egindako dokumentaleko protagonista ere izan da Urdangarin. Esperientzia horrek “zinema barrutik ezagutzeko” balio izan diola kontatu digu. Bizkaitarra Gasteizen bizi da, eta bertan izan gara musikan egin duen ibilbideari errepasoa emateko.

Mikel Urdangarinek hogei urte baino gehiago daramatza musikagintzan.

1. Bertsolaritzan hasi zinen, baina musikaren bidea hartzea erabaki zenuen. Zerk eraman zintuen erabaki hori hartzera?
Doinu zaharrek eta bertso zaharrek sorginduta hurbildu nintzen bertsolaritzara. Arbe izeneko irakasle bat genuen eta oso kantari ona zen, asko gustatzen zitzaidan nola abesten zuen entzutea. Bertsolaritzatik atera ere arrazoi beragatik egin nintzen, musikagatik. Izan ere, bertsolaritzak musikari gisa garatzeko eskaintzen zidana ez zen nahikoa. Horregatik, zeru zabalago baten bila joatea erabaki nuen, musikaren esparru zabalaren bila, hain zuzen ere. Hala ere, oraindik hurbileko mundua da bertsolaritza niretzat.

2. Gitarra eskuan duzula ikusten zaitugu beti, noiz hasi zinen jotzen?
Lehenengo diskoa konposatu baino bi urte lehenago ikasi nuen gitarra jotzen. 13 urte nituenean oparitu zidan aitak, baina ez nion kasurik egin. 22 edo 23 urte nituela Ana Agirre irakaslearekin eskola batzuk jaso nituen Amorebieta-Etxanon. Hiru hilabete inguru izan ziren eta akorde batzuk ikasi nituen. Ondoren, nire kabuz hasi nintzen eta bizio asko neureganatu ditut. Hala ere, ez dut gitarra-jotzailea naizenik uste, gitarra batek lagunduta abesten duen kantaria naizela esango nuke.

Mikel Urdangarin Okinawako (Japonia) abeslari batekin eskainitako kontzertuan.

3. Konpositorea ere bazara, zerk inspiratzen zaitu zeure letrak sortzerakoan?
Musika egitea errazagoa iruditzen zait letrak sortzea baino. Musikaren eremu zabal horretan gustura aritzen naiz, eta konposizio-lanetan denbora luzez aritu naiteke.  Behin tonuak, koloreak eta paisaiak zehazten ditudanean, galdera bat egiten diot neure buruari: “Mikel, zeri buruz idatzi nahi duzu bizitzaren momentu jakin honetan?”. Behin hori erabakita, doinu jakin batean idazten hasten naiz.

4. Nolakoa da disko bat sortzeko prozesua? Zein dira eman beharreko urratsak?
Ez da prozesu bera izaten beti. Normalean disko bat argitaratu aurretik denboralditxo bat ematen dut doinuekin, batzuetan urteak ere bai. Tarte horretan bizipenak gertatzen dira eta, nahi izan gabe ere, abesti-sorta bat osatzen dugu, unitate bat. Orduan, osotasuna irudikatzen hasten naiz eta, horretan zentratzean, idazten hasten naiz, pentsatzen kantu batek beste batekin izan dezakeen lotura zein den. Gero, musikariei erakusten diet idatzitakoa eta konposatutakoa. Hor hartu-emana egoten da, talde-lana, prestakuntza, entseguak, grabaketa… Nahiko eredu orokorra da abeslarien artean, nire kasuan behintzat horrela izaten da, gutxi gorabehera.

Mikel Urdangarin bere taldekideekin entsegu batean.

5. Publiko fidela duzu eta jende asko joaten da zure kontzertuetara. Nola bizi duzu ezaguna izatea? Inoiz pentsatu duzu “hobe ezaguna ez banintz…”
Fideltasuna ez da existitzen, aldakorra da. Pertsona bat kontzertura etortzea, ni entzutera, hori da fideltasuna; baina desagertzen da etortzen ez denean. Beraz, nik ez dut sekula esaten entzule fidelik dudanik. Horregatik eskertzen dut jendea etortzen denean. Neure buruari ez diot gai horretan eroso egoten uzten. Argi dut zortea dudala egiten dudana egiten dudalako eta nori kantatua daukadalako.

Egia da euskal unibertsoan nahiko ezaguna naizela eta horrek ere, ziur, lana edukitzen laguntzen didala. Horregatik ematen diot garrantzia, ez beste ezergatik. Gainera, gure ofizioan egoa ongi kudeatzea garrantzitsua da, umiltasuna izatea.

Batzuetan ezezaguna izatea eskertuko nukeela pentsatu izan dut, baina ez dago egoera idilikorik. Nik neure buruari garrantzia kentzen diot, normaltzat hartzen dut, garrantzirik kendu gabe egiten dudanari, noski. Besteen begiak dira apartekotzat hartzen nautenak. Entzuleen eta kantariaren arteko erakarpena sortzen da eta ez da zerbait solidoa, etereoa da, baina benetakoa. Zerbait lainotsua da, lainoa existitzen da, nahiz eta lainoa bera desagertzen den. Hori guztia hor dagoela jakin behar dugu, hori kudeatzen jakin behar dugu, laino batek eraman ez gaitzan. Mundu ederra da gurea: magikoa, lanbrotsua eta, erakarpen-harreman horretan, kontzertuetan, bizipen ederrak gertatzen dira. Aitortzen dut batzuetan nekagarria dela ezaguna izatea; nolanahi ere, ni zoriontsu izaten saiatzen naiz. Abila izan behar da horretarako.

Mikel Urdangarin kontzertu bat eskaintzen, gitarra esku artean duela.

 

6. Euskaraz abesten duzu, erabakia kontzienteki hartua da? Inoiz pentsatu duzu ateak itxi zaizkizula horregatik?
Euskaraz abesteak ateak ireki dizkidala uste dut. Hogeita bat urtez euskaraz abestu dut eta bizimodua egin dut. Beraz, ez dit aterik itxi. Prekaritatea ezagutu dut eta baldintza duinak ere ezagutu ditut. Oro har, pribilegiatutzat daukat neure burua. Madrilen kazetari batek galdetu zidan zergatik ez nuen gaztelaniaz abesten, eta erantzun nion ez nuela beharrik izan. Euskalduna ez denarentzat eta kultura hegemoniko batetik begiratuta, asko kostatzen zaie errealitate hori ikustea. Hark pentsatzen du gaztelaniaz badakidala eta merkatua zabalagoa dela; baina nik bizimodua egin dut euskaraz abestuta, duintasunez, gainera: etxea erosi dut, zorrak ordaindu ditut, oporretara joan naiz, lagunekin partekatu dut eta bizitza ederra eduki dut. Egia da txanponaren beste aldea ere ezagutu dudala, prekaritatea, alegia. Edonola ere, gauza on asko ekarri dizkit.

Inork beldurrik badu euskaraz abestea aukeratzeko garaian, animatu egingo nuke, hori sentitzen badu batez ere. Ez badu sentitzen, ez dezala egin. Gure kulturak aukera hori hartuko duen jendea behar du.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

“Askotan entzun izan dot (dut) nik pe (ere), Mikel baina egiozu aurre, ez ihesik egin, ez zatte (zaitez) eskapa. Baina gero benetan hotzean pentsata (pentsatuta) esaten dut, aizu, akaso ihesa ez al da legitimoa? Bertan geratzea bezain…”

1. Nor da Mikel Urdangarin?
Nik ez dut nire (neure) burua definitzen, bakarrik definitzen dut eskatzen didazuenean, ezta? Elkarrizketetan. Eta hala ere, kostatzen zait pila bat. Mikel da Mikel, horrela definitzen dut eta zer egiten dut? Ba gauza asko, eta tarteka kantuak egiten ditut. Eta esango nuke, ba bai, kantaria naizela, musikaria, ez? Eta gero, beste gauza asko, ezta? Pertsonok, denok, gordetzen ditugu ertz asko. Horiek guztiak gara.

2. 15 disko kaleratu dituzu 20 urteko ibilbidean. Zer aldatu da urte horietan?
Denok aldatzen gara eta ni ere aldatu naiz. Eta zorionez esan behar dut aldatu naizela, ezta? Eta nire musika, musikarenganako harremana ez da lehengoa, eta kantatzeko era guztiz ere ez da lehengoa eta sentitzeko era ere, gauzak sentitzeko era ere seguramente (ziurrenik) aldatu da. Eta gauzak sentitzeko era horretan ere isla bat dago gero kantuetan, islatzen da pertsonaren aldaketa, niri hori asko gustatzen zait. Uste dut eboluzio hori berez jada ona dela, horrek ez du esan nahi egiten duzuna, denbora batetik aurrera egiten duzunak aurrekoa hobetzen duenik. Ez nuke esango, baina nik uste dut, nik bai horretan sinesten dut, gauzak hobeto egiten ari naizela, edo behintzat hori sentitzen dut, pentsatu nahi nuke. Baina jende batek esango dizu: “O, Mikel, lehenengo diskoa modukorik ez dago, ezta?”. Eta esaten duzu, “ba, bale”. Baina horrela da, guzti hau (hau guztia). Zalantzarik gabe, ez naiz lehengoa, ni ez naiz lehengoa, nahiz eta lehengotik zer edo zer geratzen den.

3. ‘Margolaria’ dokumentaleko protagonista zara. Nolako esperientzia izan da?
Ezagutu dut mundu bat, lehenago ba bueno, ezagutzen nuena, baina ez hainbeste, ez hain era sakonean eta polita izan da, ezta? Zinea (zinema) zer izan daitekeen barrutik ikustea. Eta bueno, eta bestetik, uste dut, Oierrek benetan nigandik harago doan historia, nire buruagandik harago doan historia kontatu duela, historia eder bat kontatu duela, horixe pentsatzen dut, horixe sinesten dut. Zorionez, hor geratu da nire ama eta nik maite dudan jendea betirako (betiko) batuta, oso modu ederrean baita ere eta ez dakit, nik bizi dut esker on puntu batetik guzti hau (hau guztia). Pribilegiatua sentitzen naiz.
 

B1
2019-10-10
  • Malutafilms
20771096
00:03:53
1101