Ane Irazabal, atzerriko berriemailea

Ane Irazabal Elkorobarrutia kazetaria korrespontsal lanetan aritzen da EITBrako. Egiptotik, Palestinatik edo Italiatik albisteak ematen ikusi izan dugu. Argi du zein albiste eman nahiko lukeen: "Hemendik 20 edo 30 urtera, Italiara pateran iritsitako neskato bat bertako lehen ministro izendatu dutela kontatu nahiko nuke".

Ane Irazabal Elkorobarrutia (Arrasate, 1984) kazetaria aspalditik bizi da Euskal Herritik kanpo. 2010. urtean, Historiako eta Ikus-entzunezkoetako ikasketak amaitu zituenean, Palestinara joatea erabaki zuen kazetari freelance izateko. Ordutik, Egipton, Gazan, Libanon eta beste hainbat lekutan egon ostean, Italian bizi da egun. Iheslarien egoeraren berri ematen du handik, EITBko korrespontsala baita. Save the Children elkarteak Bilbon kongresu batean parte hartzera gonbidatu duela aprobetxatu dugu berarekin tartetxo bat igarotzeko.

Ane Irazabal kazetaria Arrasatekoa (Gipuzkoa) da.

1. Ikasketak amaitu eta kazetari freelance joan zinen Palestinara. Nolako esperientzia izan zen hura?
2010. urtean ikasketak amaitu nituenean, hemengo egoera ekonomikoa ez zen oso ona, eta nazioarteko politika gustatzen zitzaidanez Israel eta Palestinaren arteko gatazkak jakin-mina sortu zidan. Ez neukan ezer galtzeko, ilusio handia nuen, eta, motxila bizkarrean hartuta, Palestinara joan nintzen.

Hastapenak ez ziren errazak izan, hasiera guztiak bezala: kultura berri bat, toki ezezaguna eta dinamika berrietara egokitu behar izan nuen. Hala ere, oso polita izan zen. Palestinarrak oso abegitsuak dira eta erraztasun guztiak eman zizkidaten. Nire ibilbide profesionala horrela hasi zen.

2. Gazan, adibidez, kazetari asko batera bizi zineten. Bazuten euskaldunon berri? Nolakoa izan zen elkarbizitza hura?
Nazioarteko kazetariek asko bidaiatzen dute eta, hainbat arrazoi tarteko, ezagutzen dute Euskal Herria: batzuk Euskal Herriak izan duen historia politikoagatik; beste batzuek surfa gustatzen zaielako eta horretara etortzen direlako; beste batzuek musikagatik…

Harremana oso polita izan zen. Nire lagun batek esaten duen bezala, Babelgo dorre antzerako bat osatzen genuen, eraikinak sei edo zazpi solairu zituen eta esatari bakoitza herrialde batekoa zen: italiarrak, poloniarrak, estatubatuarrak, frantziarrak, txinatarrak, japoniarrak… Beraz, imajinatu zenbat hizkuntza! Denok freelanceak ginen eta oso harreman ona genuen.

Gertatzen denak, denok kontziente izateko balio beharko luke Irazabalen lanak bere ustez.

3. Orain, Italian, errefuxiatuen egoera ari zara ikusten bertatik bertara. Zer ari da gertatzen?
Matteo Salvini Italiako Barne ministroak migrazioaren aurkako politika ezarri du, eta, hori gauzatzeko, hainbat neurri hartu ditu: adibidez, iragan maiatzetik gobernuz kanpoko erakundeen ontziek ezin dute Italian porturatu. Ondorioz, gutxitu egin da Mediterraneo itsasoko salbamendu-ontzien kopurua. Bestalde, harrera-zentroak itxi egin ditu, eta horren eraginez, iheslari askok, kalean egiten dute lo. Gainera, adin txikiko errefuxiatuen babeserako programak bertan behera utzi ditu.

Beraz, oso egoera iluna bizi dugu, migratzaileen aurkako kriminalizatze-kanpaina bat da, eta Europa guztira zabaltzen ari da, zoritxarrez.

4. Korrespontsalaren egitekoa da zaudeten lekuetan ikusi eta bizi duzuena zabaltzea. Transmisio hori nahi duzuen bezala egitea lortzen duzuela uste duzu?
Denetarik dago, baina gure esparru txikian ahalik eta zintzoenak izaten saiatzen gara, gertatzen ari dena ahalik eta ondoen kontatzen, eta  kontatzen dugunari denboran jarraipena ematen. Nire ustez, oso garrantzitsua da jarraikortasuna ematea, eta, denbora pasa ahala, egoeraren berri ematea. Bestela, gertaerak ez ditugu testuinguruan kokatzen, momentu zehatz batekin geratzen gara, eta ez gara gai hori beste testuinguru batean ulertzeko. Zirikatzailea izatea eta kontakizunari jarraipena ematea garrantzitsua iruditzen zait.

Emakume beduino batekin Negev-eko basamortuan irribarretsu Irazabal.

5. Demagun bihar zuk nahi duzun albistea emateko aukera duzula: zer albiste eman nahiko zenuke?
Hemendik 20 edo 30 urtera, Italiara pateran iritsitako neskato bat bertako lehen ministro izendatu dutela kontatu nahiko nuke. Horrek erakutsiko luke bizi dugun egoera gainditu dugula eta aurrera egiteko gai izan garela.

6. Zure lana egoera hori aldatzeko baliagarria dela uste duzu?
Nik uste dut baietz, bestela ez nuke lan hau egingo. Zerbaitetarako balio duela pentsatu nahi dut, kontatzeko bai behintzat; denok kontziente izateko gertatzen ari denaz, jendeak ez esateko “nik ez nekien”. Nazioarteko kazetaritzaren ikuspuntutik gure lana beharrezkoa dela pentsatu nahi dut, baita Euskal Herrian daudenena ere. Erredakzioko lanak eta kanpoan gaudenonak bat egiten dute eta elkarri laguntzen diogu. Hori oso garrantzitsua da.

2012.urtean Hosni Mubaraken aurkako epaiketan jendearen iritzia biltzen aritu zen Irazabal.

7. Argia Saria eta Euskal Kazetari Saria jaso zenituen 2017. urtean, eta ‘Ekialde hurbila, muinak eta ertzak’ liburua argitaratu zenuen Mikel Ayestaran eta Karlos Zurutuzarekin… Urte oparoa izan zen, ezta?
Urte polita izan zen. Gertatzen ari den momentuan ez zara kontziente, baina ezustekoz betetako urtea izan zen. Sarien ikuspuntutik, adibidez, nire gurasoak asko poztu ziren eta haiek horrela ikusteak ilusio handia egin zidan. Nolanahi ere, garrantzitsuena liburua izan zen, barruan geneukan guztia atera genuelako. Oso pozik nago izan duen harrerarekin, eta etorkizunera begira, hor geratuko den zerbait da.

8. Etorkizuna esan duzu… Korrespontsal izaten jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, gustatuko litzaidake. Pasioa da eta osasunak laguntzen badit, horrela jarraitu nahiko nuke.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1. Palestinan, Egipton, Libanon, Gazan… Nolakoa da herrialde gatazkatsuetan lan egitea?
Funtsean, egunerokotasuna ez da oso desberdina, harreman pertsonalak unibertsalak dira, eta beraz, moldatu behar zaren lehenengo(ko) gauza da non aurkituko dut bizitzeko toki bat, zenbat balio dute barazkiek, nora joan naiteke arabiera ikastera, non egin ditza(z)ket lagunak, non dago zinemarik hurbilena, ez? Horiek dira pixka bat… Eta ikuspuntu politikotik, nahiko zaila… Palestinara iristen zaren momentutik konturatzen zarelako ez dela toki arrunt bat. Okupazio militar eta politiko bat pairatzen duen toki bat da, eta orduan, iristen zaren momentuan, eta harresia, murrua, ikusten duzun lehenengo(ko) unetik, konturatzen zara horrek eragina izango duela zure egunerokotasunean. Eta zu nazioarteko demagun kazetaria izanda, erraztasun gehiago dituzu; baina horrek inpaktu handia dauka palestinarren egunerokotasunean. Eta orduan, konturatzen zara zer den okupazio baten menpe bizitzea. Eta orduan, ba mugimenduan dituzun muga guztiak, alde batetik bestera pasatzeko egiten dizkizuten kontrol-militarrak… Horretara moldatzea da agian zailena, baina konplikazio guztien gainetik, palestinarrek badaukate modu bat haien duintasuna aldarrikatzeko. Eta duintasun hori aldarrikatzeko modurik eraginkorrena da egunerokotasunari eustea eta erakustea gai direla traba horien gainetik bizitza bat, bizitza “normal” bat izateko.

2. Nolakoa da korrespontsalaren lanbidea?
Denetarik dago: badaude egunak non, agian, egun guztia pasatzen duzun albisteak irakurtzen eta emailak bidaltzen, eta gero badaude egunak non albiste-kontzentrazio handia dagoen, eta orduan goizeko 6:00etatik gaueko 10:00etara lan egiten duzu gelditu gabe. Eta zaude boom, boom, boom, boom zuzenekoak egiten, bideoak produzitzen, gelditu gabe. Orduan, ez da egunerokotasunean, badago lan-errutina bat eta garrantzitsua da lan-errutina bat izatea. Baina, gero, albiste handiak dauden tokian, hor ez dago ordutegirik, hor uneoro lan egin behar da.

3. Momentu gozoak ere bizi dituzue?
Bai, pertsonekin duzun hartu-emana agian da politena ez? Sortzen den enpatia, errealitate desberdinak ezagutzea, asko ikasten da.

4. Zer ematen dizu zure lanak?
Nire lana oso polita da, oso aberasgarria da. Gustatu egin behar zaizu egiten duzuna, baina gustatzen baldin bazaizu, munduko lanbiderik ederrena da: izugarri ikasten delako, pertsonak zuzenean ezagutzeko aukera daukazulako… Eta nik beti esaten dut esker onekoa naizela haien bizitza edo haien pribatutasuna irekitzen didaten pertsona guztiekin, elkarrizketatzen ditudan protagonista guztiekin. Zeren nik askotan esaten dut ez dakit gai izango nintzatekeen nire bizitza horrela kontatzeko. Orduan, oso oso, ez dakit, oso eskuzabalak dira gurekin. Eta orduan, eskuzabaltasun horren aurrean, guk ere errespetu bat zor diegu.


 

B1
2019-06-05
20766532
00:03:51
4150