Deskontu.com atarian eguneroko pagotxaren bila

Merkatuaren beharrak ikusi eta premia horiei deskontuen bitartez erantzutea da deskontu.com atariak egiten duena. Egunero, beherapen berri bat bistaratzen dute web gunean eta 17.000 erabiltzaile sartzen dira horiek ikustera, pagotxaren bila.

Egunero, eskaintza berri bat
Eskaintza ezberdin bat dago egunero deskontu.com atarian, gutxieneko %40ko deskontuarekin eta 24 ordu ditu bisitariak berau erosteko. Eskaintza balioztatzeko, ordea, erosle kopuru minimo bat behar da (bostekoa izan ohi da,  baina aldagarria da, eskaintzaren arabera) eta berau betetzen ez denean, ez da eskaintza aurrera ateratzen eta ondorioz, deskontua ez da baliozkoa.
Behin eskaintza balioztatuta, posta elektronikoan mezu bat jasotzen du erosleak aukeratutako dendan aurkeztu beharreko kodearekin eta bertara 24 ordu bete eta gero joan daiteke aukeratutako eskaintzaz gozatzera.


Estatu Batuetatik etorria
Ekimen hau Estatu Batuetan duela bi urte eta erdi hasi zela azaldu digu atariko arduraduna den Txomin Jauregik, Grupon izeneko web gune batekin. Joan den udan Madril eta Bartzelonara hedatu zen eta Donostiara iristeko asko falta zela ikustean, Txominek berak eman zuen pausoa egitasmoa Gipuzkoaraino ekartzeko.

Beste lan bat eduki arren, denbora omen dauka Txominek Internet bidezko negozio bat kudeatzeko; Kapital gutxirekin egin daitekeen salerosketa da, bere ustez: "Negozioa jartzea erraza eta merkea izan arren, erabiltzaileak zure negoziora erakartzea oso zaila izaten da"

"Ez nekien masa kritiko nahikoa egongo zen Donostian web gunea aurrera ateratzeko" esan digu deskontu.com-eko sortzaileak. "Nahiz eta hasieran beldurra izan, bezeroak egon badaudela ohartu naiz" gaineratu du. Gipuzkoa txikia izanda, proiektua segituan hedatu zela azaldu digu eta ahoz ahoko komunikazioarekin eremu zabalago batera ailegatzea lortu duela, gainera. Jendeak besoak zabalik hartzen du egunero gauza ezberdinak aukeran izatea deskontuarekin.

Donostialdeko 17.000 pertsona sartzen dira egunero web gunera. Ordenagailua piztu eta bihozkada natural bat bezala egunkarietan sartu, facebook eta twitter-a ireki, posta zabaldu eta deskontu.com-en sartzen dira. "Erabiltzaileen target-a mugagabea da, zozketaren arabera profil batek ala besteak hartzen baitu parte" esan digu. Facebooken egiten den zozketa bat izanik, esponentziala dela ere badio, epe motza duela. Zozketa egin, zure lagunak apuntatu, horien lagunak… horrela, gorantz doan kurba bat osatuz.

Deskontuak ipini nahi dituzten negozioak ere asko dira. "Hasiera oso gogorra izan zen. Lan komertzial handia egin genuen, ezezkoa hamaika aldiz entzun behar izan genuen" kontatu digu. Proiektuak funtzionatzen duela ikustean, erantzuten hasi da jendea eta "une honetan, gu negozioetara joan ordez, negozioak gugana etortzen dira. Egoerak buelta eman du, egun ez daukagu tokirik negozioek egiten dizkiguten eskaintza guztiei erantzuteko." gaineratu du.

Euskal Herrian egiten diren Internet bidezko proiektuak ezagutzera emateko aurkezpenetan parte hartu zuen Jauregik. "Elkarrizketa moduko bat sortu zen eta ikuslearen kezka nagusia lehiakideekiko desberdintasuna zein den zen" azaldu digu. Berezia egiten duen zerbait dauka deskontu.com-ek: hurbiltasuna. "Gertutasunarekin konfiantza eman nahi izan dugu. Jendeak negozioaren atzean zein dagoen jakiten ez duenean beldurra sentitzen du eta guk muga hori gainditu egin nahi izan dugu".

Jendearen konfiantza eskuratu dute. Horrek, hasierako helburuarekin jarraitu ahal izatea dakar: "Epe luzerako negozioa izatea eta bizibide izatea lortu nahi dugu." Internet bidezko negozioetan, konpetentzia berehala ateratzen da. Horrek ezustean harrapatu zuen Jauregi eta beste bide batzuk hartu behar izan ditu, lehia horrekiko duen abantaila mantentzeko. "Azkartasuna eskatzen duen negozioan, epe laburreko helburuak aldatu egiten dira, eskariari erantzun behar baitiozu" gaineratu du.

"Jende gehien jatetxeetan mugitzen da. Deskontu.com-ek astean jatetxe bat edo bi aukeran eskaintzen ditu eta hurrengo egunetik aurrera kontsumitu dezakezu deskontua" azaldu digu. Etorkizunean lortu nahi dutena da uneoro jatetxeek ze beherapen eskaintzen dituzten ikustea eta deskontua momentuan kontsumitzeko aukera izatea, kontsumo azkarra bultzatuz.

Informazio gehiago deskontu.com atarian.


B2
2011-12-01
16356915
998