Martxel Arribillaga: "Salto egiten ari naizela, jendearen erreakzioak ez du preziorik"

Martxel Arribillaga (Bera, Nafarroa, 1993) eliteko kirolaria da, dirt-jump modalitatean. Bizikletarekin salto egin, eta airean figurak egitean datza arrisku-kirol hau.

Txirrindulari hauek pilotu izena hartzen dute, eta arriskua maite dute. Arribillagak Espainiako txapelketak irabazi ditu, eta duela gutxi munduko onenen artean bosgarren postuan gelditu zen. Beratarrak bizimodutzat dauka bere kirola, eta zorioneko dela dio. “Guraso hauek izan ez banitu, nik ezin izango nuen ezer egin”.

Aurkeztu zure kirola, mesedez. Zein da bere izena eta zertan datza?
Kirol honen izena dirt-jump [lurreko saltoa], eta funtsean bizikleta batekin saltoak egitean datza. Hau da, saltatzea eta airean gauden bitartean figurak egitea da helburua. Adibidez, txilinbuelta egitea, edo hankak askatzea. Skate-parkeetako arrapala batzuk erabiltzen ditugu, baina nik arrapala handiak erabiltzen ditut, lurrezko aldapa handiekin. Lehiaketetan puntuak lortzeko, airean gauden guztietan zerbait egin behar dugu, eta zenbat eta arriskutsuagoa izan, orduan eta hobeto.

Moto-kros izeneko kirolaren antza du, beraz.

Hori da, bai. Nik badaukat arrapala bat, eta horren berdina erabiltzen dute moto-krosean ere.

Arrisku-kirola al da?

Bai, hagitz arriskutsua. Nik esango nuke arriskutsuenetako bat dela. 


Arribillagak Berako pabiloi batean entrenatzen du, eguraldiak kanpoan egitea eragozten dionean.

Hau ez da oso kirol ezaguna, zenbat kirolari zarete Euskal Herrian?
Euskal Herriko lehian, maila nahiko dezentearekin, bost pilotu izango gara. Gehiago, ez. Profesionaletan ni naiz bakarra. Profesional izatera iristea oso zaila da. Hagitz ona behar da izan. Euskal Herriko onena izateko ez da askorik egin behar, baina Espainian badago hagitz ona den jendea.

Beraz, kanpora joan behar al duzu lehiatzera? Nora?

Bai, noski. Lehiatzera Europa osora joaten naiz, adibidez, Alemania, Italia edo Frantziara. Entrenatzera, berriz, Bartzelonara joaten naiz askotan. Han badut lagun bat. Bera ere profesionala da eta bere etxera joaten naiz. Elkarrekin entrenatzen dugu, eta hara joaten naizen guztietan pila bat ikasten dut.

Garrantzitsua al da beste kirolariekin batera aritzea kirol honetan?
Nik badaukat Hondarribiko lagun bat, eta entrenatzen dudan gehienetan berarekin egoten naiz. Berak ere maila handia dauka. Berarekin ibili ezean, nik erdia entrenatuko nuke. Bakarrik entrenatzea hagitz-hagitz gogorra da. Beste norbaitekin ibiltzeak duen gauzarik politena pikea da. Lehia sanoa, ea zeinek egiten duen hobekien hau edo beste. Pila bat ikasten da.

Zein da zure palmareseko punturik altuena?
Bi aldiz izan naiz Espainiako txapelduna, profesionaletan. Urteko pilotu onenaren saria ere eman zidaten. Bueno, estatuko probetan beti ibiltzen naiz lehena, edo hor aurrean; baina nazioarteko ekitaldi handietara joaten naizenean, klasifikatzea ere zaila izaten da. Uztailaren hasieran Bartzelonan izan nintzen, eta munduko 20 piloturik onenak etorri ziren. Lehiaketa horretan bosgarren gelditu nintzen. Nazioarteko proba garrantzitsuetan parte hartu dut, baina gauza bat da parte hartzea eta beste bat aurrean egotea. Aurrean egotea ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina entrenamendu askorekin bada... lortu dut!

Hobetzeko tarterik gelditzen al zaizu? Zer beharko zenuke horretarako?
Nik uste dut aurrerago joaten ahalko naizela, asko entrenatzea da kontua. Bestalde, tristea da, baina oso garrantzitsua da dirua. Niri babesleek-eta ematen dizkidate gauza asko, eta bidaiak ordaintzen dizkidate, baina, azkenean, ni ez naiz honetaz bizi; ez ditut 1.500 euro ateratzen hilero niretzat, eta ni ikasten ari naiz. Ez nago ehuneko ehunean bizikletarekin, eta badago jendea hori egiten duena. Badago ikasketarik eta lanik egiten ez duen jendea eta bizikletan egun osoan ibiltzen dena. Horiek aurrean daude beti. Nik nire biziaren % 70 ematen diot honi, ezin diot % 100 eman.

Dirt-jump kirola oso arriskutsua da, baita oso ikusgarria ere.

Elkarrizketa egiteko garaian denboraldia bukatzen ari da, baina zein da zure hurrengo jomuga?
Denboraldia amaitzean erakustaldiak eta abar egingo ditugu; baina ni, dagoeneko, datorren denboraldian pentsatzen ari naiz. Apirilean hasiko da denboraldia, eta ni dagoeneko ari naiz datorren urteko proba puntakoenetan ateratzea aurreikusten. Aurtengoa baino gehiago, datorren urterako egin behar dudan horretan ari naiz pentsatzen.

Zer espero duzu datorren denboraldiari dagokionez?
Bada, ez dakit. Nik ez dut espero munduko onena izatea. Nik bilatzen dudana zera da: bidaiatzea, ondo pasatzea, kultura bat bizitzea, azkenean kirol hau bizimodua da; heziketa da.

Hori guztia mundu profesionalari dagokionez, baina ba al dago harrobirik?
Bai, egon badaude kimuak. Badira haurrak, eta ikusten da gustatzen zaiela kirol hau, baina haurrak gurasoengana joan eta esaten diete hau bezalako bizikleta nahi dutela –bere bizikletari keinu eginez–, eta prezioa ikustean patinetea ematen diete. Hori izan zen niri gertatzen zitzaidana; nire gurasoek erosi zizkidaten lehenengo bizikletak ikastearen truke, ongi portatzearen truke. Gero, lehiaketetan aurrean egoten hasi nintzenean, babesleekin hasi nintzen.

Zein da kirol honetan hasteko bidea? Materiala garestia al da?

Errazena bizikleta erostea da. Zailena entrenatzeko tokia izatea. Guk ez dugu ezer publikorik izan. Nik Hegoi Adorekin ikasi dut, bera profesionala izandako mutila da. Berak bazituen arrapalak, eta ni bizikleta normal batekin hasi nintzen. Probatu nuen eta gustatu zitzaidan, eta bizikleta hobea erosi nuen. Gero, ikusi nuen gustatzen zitzaidala eta ona nintzela eta ez nuen besterik pentsatzen.

Kirola praktikatzeko toki publikorik al duzue?
Ez, eta hagitz tristea da. Gogoa zuten guraso hauek izan ez banitu, nik ezin izango nuen ezer egin. Azken batean, pabiloi hau aitarena da eta tartea kendu diot, eta honengatik ez balitz, nik ez nuke entrenatuko.

Skate-parkeak horretarako balio al du?
Hasteko agian bai, ni neu Donostiako skate-parkean hasi nintzen, baina modalitate ezberdinak dira.

Zer gustatzen zaizu gehien kirol honetan?

Kirol hau gustatzen zait hagitz-hagitz arriskutsua delako, hagitz zaila; eta gehien gustatzen zaidana da nik ongi egiten dudala kirol honetan. Salto egiten ari naizenean, jendearen erreakzioak ez du preziorik. Hagitz gustatzen zait.

Kirol honetan batez ere kontzentrazioa behar da, ezta?

Bai, esaterako, ordu-erdiz korrika egiten ohituta dagoen pertsonak erabaki dezake hurrengo egunean ordubete egitea. Helburua lortzen ez badu, ez da ezer gertatzen 45 minutuz korri egiteagatik. Nik, berriz, txilinbuelta edo bestelako figuran akatsa egiten badut, min hartuko dut.
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Garrantzi handikoa al da sasoi fisikoa dirt-jump kirolean?
Beno, fisikoa garrantzitsua da, bai. Baina garrantzitsuagoa da buruan baduzuna. Azkenean, kirol honetan baduzu arrisku-maila altua. Orduan, zu izan behar zara beti kontziente, beti erortzen ahal zarela, edo xehetzen ahal zarela zerbait edo. Orduan, pues, jakin beharra dena da egoten lasai, gauzak pen... gauzak egitea buruarekin.

Zein osagai ditu kirol honek?
Hemen batez ere da abilezia. Belozidaderik ez, ze... ba guk erabiltzen dugu bajada bat, belozidadea hartzeko. Orduan normalean, bidez.. belozidadea egoten da beti kalkulatua. Eta gero zuk saltoan, bizikleta ondo mantentzea, eskuak soltatu, noiz... buruz beheiti zaudenean jakitea noiz zauden jakitea, non zauden, da abilezia gehiena.

B1
2014-10-17
16345828
00:56
9447