Euskal bidegorriak, bidaiatzeko beste modu bat

Bizikletaren Munduko Eguna da ekainaren 3a. Munduan mila milioi bizikleta inguru daudela kalkulatzen da. Txinan 450 milioi daude, auto bakoitzeko 250, gutxi gorabehera.

Holandako eta Danimarkako hiri askotan garraiobide nagusia da, eta Amsterdam Bizikletaren Hiriburu izenez ezagutzen da. Esaten denez, Holandako hiriburuan 800.000 daude; biztanleen % 63k egunero erabiltzen du.

Euskal Herrian, berriz, egunerokoan dugun erabilera % 10 ingurukoa da, baina oso zaila da kopuru bat zehazki esatea. Gainera, asko aldatzen da probintzia batetik bestera. Garraiobide bezala erabiltzeko, azpiegitura beharrezkoa da; Euskal Herrian, lehenengo bizikleta-bidea Gasteizen egin zen, 50eko hamarkadan. Horrek zer eragin du? Euskal Herria kontuan hartuta, gaur egungo erabilerarik handiena Arabako hiriburuan izatea: biztanleriaren % 12.

Bidegorriaren bidez lanerako, erosketak egiteko, aisialdirako, kirola egiteko edo beste edozertarako bidea egiten dute erabiltzaileek. “Bidegorri-sarea handitu eta hobetu egin dute”, aitortu digu Ana Zuazagoitiak (Gasteiz, 1980). Bera “Bizikleteroak” elkarteko kidea da Gasteizen eta bertan elkartu gara berarekin.

BIDEGORRI SAREAK
Bizikletaren gainean bidaiatu ere egin daiteke, beste modu bat da. Europan, adibidez, “Eurovelo” izeneko bide-sare bat dago. Proiektua amaitzean, 70.000 kilometroko luzera izatea aurreikusten dute, 2020rako. “Herritik herrira, herrialdetik herrialdera, konexioa ikaragarria da”, deskribatu digu Zuazagoitiak. Bidegorrien sare europar honek bi ibilbidetan zeharkatzen du Euskal Herria: Ipar Atlantikoko kostaldeak eta Erromesen bideak. Baina Euskal Herrian ez daukagu bidegorri konektatu bat: “Plan bat abian jarri dute Euskal Autonomia Erkidegoko bidegorriak batzeko;  oraingoz, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herri lotu dituzte. Araban asko dago egiteko”.

Europako bidegorri-sareak bidaiariari erraztasunak eskaintzen dizkio: ibaiaren ondoan egiten dituzte, bidearen inguruan tabernak edo aterpetxeak edukitzen dituzte, nahiko lauak izaten dira… “Familiak eta adineko jendea ere ikusten ditugu ibilbideetan; niretzat, bidaiatzeko modu erosoa eta ekonomikoa da”, esan digu Anak.

GASTEIZ, EUSKAL EREDUA
Holanda, Danimarka eta Alemania eredugarriak dira: “Kopenhagen, adibidez, bizikletaren erabilera % 40koa da. Hango neguak hotzak dira, baina gureak baino datu hobeak dituzte hala ere. Zergatik? Urteetako tradizioa eta ohitura dutelako, mentalitate-kontua da”. Europako hegoaldean eguraldia hobea da, baina datuak okerragoak dira; Grezian edo Italian, esaterako. Afrikan eta Asian, berriz, trafikoa kaotikoa da, baita bizikletaren erabilera ere. “Kaotikotasun horren barruan badakite nola ibili, ohituta daude”, kontatu digu.

Bizikletaren erabilera urtetik urtera handiagoa da.

Euskal Herrira itzulita, daturik onenak Gasteizek ditu eta, Anak bezala, jende askok hartzen du egunerokoan bi gurpilen gainean mugitzeko erabakia. “Niretzat, garraiorako tresna atsegina, erosoa eta ezinbestekoa da. Horrez gain, bidegorri sarea ere asko hobetu dute”. Bizikleteroak elkarteak guztira 160 bazkide inguru ditu eta, 1999. urtean sortu zenetik, helburua argi dute: “Biztanleriaren kezkak eta salaketak jaso, eta udaletxera helduko direla ziurtatzen dugu, hori kudeatzen dugu-eta. Bitartekariak gara”.

Elkarteak ez du bidegorri gehiago eskatzen, baina baldintzak hobetzea nahi dute, dirua horretan inbertitzea. Horrez gain, heziketa falta dela azpimarratzen dute. “Ikastetxeetan segurtasunaren eta mugikortasunaren inguruko ikastaroak ematen ditugu, baina ikastetxe guztietan egin beharko litzateke, eta helduekin ere bai”, adierazi digu.

Eta zu, bizikletaz joaten zara lanera? Zertarako erabiltzen duzu? Bidegorririk ezagutzen duzu? Nongoa? Bidaiatzeko modu egokia dela iruditzen zaizu?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.    Zein dira bizikletaren erabileraren datuak?
Beste herrialdeekin konparatuta, egia da Europaz ari baldin bagara, gutxiago, depende zein herrialderekin konparatuta. Euskal Herri mailan, esan dezakegu Gasteizen biztanlegoaren % 12k inguru erabiltzen duela bizikleta. Ehuneko handi bat da, Bizkaia eta Gipuzkoan pixka bat baxuagoa da, eta estatu mailan ez daukagu datu zehatza baina baxuagoa ere badela badakigu. Gasteizen asko hazi da azkeneko urteetan, eta bueno, poliki-poliki badoa hazten.

2.    Nolakoa da Gasteizko bidegorria?
Bidegorri sarea asko hobetu da eta konexio asko egin dira. Horrek errazten du jendea, bueno, abiapuntu batetik bestera iritsi ahal izatea. Asko hobetu dira, eta gainera, uste dugu ez dela komeni ere bidegorri gehiago egitea, baizik eta daudenak hobetzea, asko egoera ez oso onetan daudelako.

3.    Beste herrialdeekin alderatuta, zein da gure egoera?
Oso aurreratuak goaz hemen, baina Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, adibidez, Danimarka, Holanda eta Alemaniarekin konparatuta, hango sareak askoz handiagoak dira; gero ere hango herritarrek onartuago daukate bizikletaren erabilera, hemen baino, oraindik hemen hezkuntza falta da, nolabait zentzu horretan. Eta esango nuke nahiko aurreratuta gaudela eta baita Espainia mailarekin edo konparatuta ere nahiko aurreratuak goazela.

4.    Euskal Herriko bidegorri sareak bidaiatzeko aukera ematen du?
Gaur egun ez dago bidegorri konektatu bat, Euskal Herrian gaur egun ez da existitzen. Baina bai egia da lurralde historikoetan dagoeneko existitzen diren bide horiek elkartu nahi direla, plan bat dagoelako abian, eta bai Gipuzkoan zein Bizkaian dagoeneko martxan jarri dute; lotzen ari dira hainbat herri, eta Araban oraindik(an), zentzu horretan atzeratuak goaz, bai beste lurraldeekin alderatuta. Orduan oraingoz hori abian dago. Nik bidaiatu izan dut Europan zehar bizikletarekin, badakit nola dauden beste herrialdeetako sareak, herritik herrira, herrialdetik herrialdera ere eta konexioa ikaragarria da ere, eta bueno, espero da Euskal Herri batean ere hori lortzea.

B2
2017-06-09
  • Malutafilms
16174331
00:02:55
11754