Marc Duch: "Aizkoran badago oso ezaguna ez den mundu txiki bat, eta asko gustatzen zait"

Bartzelonatik (Katalunia) 15 kilometrora jaio eta bizi izan da Marc Duch (Molins de Rei, 1970) Nafarroara lekualdatu zen arte. Castell-ak utzi eta aizkoran hasi, beti eduki dituelako gogoko tradizioak eta ariketa fisikoa.

Euskal herri-kirolekin liluratuta, duela urte-erdi hasi zen entrenatzen Baztan Bidasoa Gure Kirolen Klubean. Bertan, Patxi Larretxea dauka irakasle eta entrenatzaile. Bartzelonako Euskal Etxean izan zuen Marc Duchek euskararen eta herri kirolen lehen berri, eta elkarrizketa oso hau euskaraz egiteko gai izan da, entrenatzera joan baino lehen.

Katalan bat Baztanen, nolatan?
Tira bada, hori historia luzea da. Orain dela zazpi urte, gutxi gorabehera, Bartzelonako Euskal Etxera joan nintzen euskara-ikastaro bat egitera. Hango giroa zoragarria zen. Han zeuden euskaldunek eta katalanek oso harreman berezi eta polita zuten. Bertan lau urte eman nituen euskara ikasten, eta euskal dantzak ere ikasi nituen. Denbora horretan, batzuetan, bisitan etortzen nintzen Euskal Herrira. Nik Bartzelonan lan egiten nuen, baina curriculumak bidaltzen nituen Euskal Herrira, Euskadira eta Nafarroara. Duela bi urte deitu zidaten Nafarroan lan egiteko, eta Iruñera joan nintzen. Bi urte izan nintzen bertan lanean, eta oso gustura egon nintzen. Zoritxarrez, 2013ko abuztuan enpresak porrot egin zuen, eta bikotekideak eta biok erabaki genuen hona bizitzera etortzea, Baztanera. Orain Iruritan bizi naiz.

Noiz egin zenuen topo aizkora-kirolarekin?
Hori ere historia luzea da. Ni euskal kirolen erakustaldietara joaten nintzen Bartzelonan, interesgarria iruditzen zitzaidan. Oso polita iruditu zitzaizkidan harriak altxatzea eta aizkorarekin ibiltzea. Gainera, nire jaioterrian, Molins de Rei-n, casteller-talde batean aritu nintzen. Casteller aritzea giza eraikinak altxatzea da; giza dorreak, alegia. Gero Colla Joves Xiquets de Valls-era joan nintzen; hau da, Valls-eko casteller-taldera. Han zazpi urte eman nituen; talde hori Kataluniako talderik zaharrena da, orain dela 200 urte sortu zuten, eta bere dorreak oso altuak dira. Bederatzi pisu dauzkate. Hona etortzean, oso gogorra izan zen talde hori uztea, eta antzeko zerbait bilatu nuen. Zorionez, egun batean mutil batekin herri-kirolei buruz hitz egiten hasi nintzen. Berak esan zidan bere aita herri-kirol irakaslea zela, eta posible zela niri herri-kiroletan irakastea. Aita Patxi Larretxea zen, eta Oronozen dago berak daraman kluba. Hori duela urtebete gertatu zen. Hona, Oronozera, etorri nintzen, eta txinga eroatea frogatu nuen, gero trontza, eta baita harria ere. Azkenean, aizkoran aritzea erabaki nuen.
 

 

Oronozeko pabiloi batean entrenatzen da Marc Duch, klubeko beste kideekin batera.

 

Noiz ikusi zenuen lehen aldiz aizkora kirol gisa? Zer oroitzen duzu aizkoran jardun zinen lehen aldiaz?
Bartzelonan ikusi nuen lehen aldiz, eta gero ahal nuen guztietan joaten nintzen ikustera. Hemen bisitan nengoenean ere joaten nintzen erakustaldietara, posible baldin bazen. Niretzat, herri kirol zailena da aizkora, eta politena ere bai. Honek dena daukalako: oreka, indarra, teknika... oso gogorra da gorputzarentzat, baina oso polita.

Zer da aizkoraren alorrean gehien gustatzen zaizuna?
Mundua, aizkoraren mundua; jendea ezagutzea eta abar. Aizkoran badago oso ezaguna ez den mundu txiki bat, eta asko gustatzen zait. Egurra nola prestatzen den, eta kirolarien artean dagoen giro ona. Noizean behin afari bat egiten dugu, eta gainera, poliki-poliki, kirolari guztiak ezagutzen ditugu, adibidez, Aimar Irigoien.

Larretxeatarrekin jarduten zara, baina ba al dago bereziki miresten duzun aizkolariren bat?
Niri hasieran, batez ere, harria gustatu zitzaidan, eta nire idoloa Iñaki Perurena zen. Leitzara joan nintzen ezagutzera, eta berarekin hitz egin nuen. Oso jatorra da. 100 kiloko harria altxatzen saiatu nintzen, baina oso gogorra zela konturatu nintzen. Ikusi nuen ez daukadala harria jasotzeko gorputza. Hori izan zen hasiera. Orduan ez zitzaidan aizkora gustatzen oso gogorra zelako, baina gero poliki-poliki esan nuen: “ostia, bai, gustatzen zait!”. Eta nire idoloa Donato Larretxea da. Urte batzuk dauzka, baina indar handia dauka, eta bere semeak, Oihanek, gauza bera. Izugarrizko indarra daukate.

Dematan hasi al zara?

Oraindik ez, baina Patxik, entrenatzaileak, esan dit hemendik gutxira afari baten edo zerbaiten apustua egin behar dugula gure artean, klubeko kideen artean. Eta berehala erakustaldi batera joatea espero dut.

Egurra oso garrantzitsua da aizkoran jarduteko.
Era askotako egurrak daude tamainaren arabera, kana-erdikoak, oin bikoak... momentuz ni enbor idorrekin bakarrik ibiltzen naiz. Hori indarra hartzeko da, Patxik esan dit oraindik ez dela garaia egur on-onarekin ibiltzeko. Nire enborrak handiak eta lehorrak dira, forma fisikoa hartzeko.
 

Aizkoran hasi berriek enbor handi eta lehorrak erabiltzen dituzte entrenamenduetan indarra eta teknika garatzeko.

Noraino iritsi nahi duzu aizkoraren munduan?
Egia da ni adinekoa naizela jada, 43 urte dauzkadalako. Baina saiatu egingo naiz aurrera joaten. Niri esperantza ematen dit Floren Nazabalek nire adina izateak. Horrek motibatu egiten nau. Donato Larretxeak 54 bat, eta Olasagasti ere inguru horretan dago. Nik uste dut ez naizela lehenengo mailan arituko, baina badago hirugarren maila, eta hori motibatzeko ondo dago. Helburu bat behar dut jarraitzeko.

Non egingo zenuke erakustaldi bat?

Nire ametsa da Kataluniara joatea eta bi gauza egitea: casteller aritzea eta gero aizkoran. Bi gauzak batera egitea, ekitaldi berean casteller-en alkandora janztea eta dorrera igotzea eta gero aldatu eta enbor bat moztea. Bi kulturen nahasketa egin nahi dut. Bestela ere, Iruñeko sanferminetan Foru plazan aritzea gustatuko litzaidake, hori da toki nagusia.

Bidasoako Herri Kirolen Kluba

Baztan, Bortziri eta Gipuzkoako 20 bat lagun dabiltza Baztan Bidasoa Gure Kirolen Klubean.

Donato eta Patxi Larretxea anaiek duela zortzi bat urte sortu zuten Oronoz-Mugairin Baztan Bidasoa Gure Kiroletako Kluba. Bertako ateak ireki zizkieten herri-kiroletan jarduteko gogoa zuten pertsona guztiei, eta denbora horren bueltan erreferente bilakatu dira. Oihan Larretxea puntako aizkolariarekin batera, herriko industrialdeko pabiloi horretan, beste batzuen artean, Marc Duch katalana eta Xanta Sousa emakumezko brasildarra ere entrenatzen dira. Sousa, esaterako, Euskal Herriko Txinga txapelduna da.


Txingak, trontza, aizkora eta harria jasotzea ez dira falta elkarte honetako jardueren artean, eta mailak ere askotarikoak dira. Patxi Larretxea arduradunak kirol hauen gogorra nabarmentzen du, baina kulturaren partetzat hartzen du, eta, beraz, gorde beharreko zerbait dela dio. “Gainera, guk geuk mantentzen ez baditugu, zeinek egingo du?”. Gogorra izanagatik, etorkizun ona ikusten die herri-kirolei; izan ere, jendeak beraiekin entrenatzea eskatzen baitie.


Denbora pixka bat behar izaten da kirol hauetan eroso sentitu baino lehenago. Larretxearen aburuz, asko nabaritzen da kirolari batzuen eta besteen arteko aldea. “Baserritik datozenak fisikoki lan egiten eta erremintekin lan egiten ohituta daude. Besteek, berriz, hori ere ikasi behar dute”. Entrenatzaileak dioenez, hori dela eta, bigarrenek punta-puntan aritzeko hiru bat urte behar izaten dute; besteek, berriz, hiru bat urtetan bere onena emateko moduan egon daitezke.


B1
2014-05-16
16344081
9549