Jean Dubuffet: Abentura baten aztarna

Jean Dubuffet (Le Havre, 1901-Paris, 1985). Jean Dubuffeten lana sailka ezina, harrigarria, arraroa eta berritzailea dela diote arte-adituek.

Bizitzan zehar gorabehera ugari jasan behar izatean, saiakuntza berriak garatzeko aukera izan zuen.
41 urte bete ondoren bete-betean murgildu zen zeregin artistikoetan. Gaztetan pintura ikasketak egin zituen, baina gurasoen negozioa alde batera utzi arte, ez zion sakonki heldu bere abentura artistikoari.

Max Jacob, Leger eta Dufy pintore ospetsuen adiskidea izan arren, ez zuen inolako estilorik jarraitu. Bere obra ziklo desberdinetan bana daiteke: Metro (1943),  Erretratuak (1947), Corps de dames (1950), Testurologiak (1957-59), Paris Circus (1960) eta Hourloupe (1962tik 1974ra).

The cow with a subtile nose, 1954

Dubuffetek filosofia, poesia eta etnografia ikasi zituen, besteak beste; idazten eta musika konposatzen ere jardun zuen, betiere, adierazpide berriak urratzeko asmoarekin. Edertasunaren ohiko baloreak baztertu eta mespretxatutakoen lanak berreskuratzen saiatu zen artista frantziarra. Hartara, hondarra, kartoiak, ehuna eta artistek ordura arte inoiz erabili gabeko materialez baliatu zen bere ideiak gauzatzeko. Bere ustetan artea ez zen ikusmenera zuzendu behar, adimenera baizik. Ulertu gabeko pinturak eta eskulturak goza ezinak iruditzen zitzaizkion. Klasikoek edertasuna begietatik sartzen zela esanagatik, berarentzat ideiek zuten lehentasuna.

Informalismoaren bidea urratzen ez zen izan, noski, bakarra. Hans Hartung eta Henri Michaux ere lengoaia berri baten haziak botatzen ahalegindu ziren. Ez zuten lortu, ordea, Dubuffeten aniztasuna. Tradizioarekin amaitu eta eroen eta haurren ametsezko asmoak proiektatu nahi zituen Dubuffetek. Gauzez beteriko gizartean ez zuen ikusten zentzuzkoa apaingarri berriak asmatzen jardutea eta horregatik, materia arrunta indar poetikoz janzten saiatu zen.

 

Autorretrat II, 1966



1944an egin zuen bere lehen erakusketa eta iskanbila askorekin, gainera. 1945ean garun elbarrien eta gizartetik zokoratutakoen marrazkiak biltzeari ekin zion. Modan zeuden eredu artistikoak ez zitzaizkion iruditzen interesgarriak eta graffitiak, paper zirriborratuak eta libreki proiektatutako irudiak asmatzea eta biltzea egokiagoa iruditzen zitzaion. Dirudienez, Hans Prinzhornek garun elbarrien arteari buruz idatzitako liburua erabakigarria izan zen Dubuffeten jarrera aldaketan.

Grand Jazz Band New Orleans, 1944

“Art Brut” deituriko estiloa bultzatzerakoan ez zuen izan inolako eragozpenik galipota, eskoria edo oihal-zatiak erabiltzeko. Jarduera zakar eta basatiari egokia irizten zion gauzen hondoa adierazteko edo inkonszientea desestaltzeko. Kultura ofizialaren aurkako jarrera ez zen besterik gabe sortutako errebeldia hutsa, bere jarrera intelektualaren ondorioa baizik. Harri koxkorrak, ileak, materiaren zimurrak, laztasunak eta leuntasunak, aski ziren artelana sortzeko. Topografietan eta testurologietan ikus dezakegun bezala, edonor da gai artelanak asmatzeko eta, beraz, lokatza eta bide bazterreko hautsak ere, errealitatearen muinera iristeko baliagarriak dira. “Zoruak eta lurrak” seriea, “Galtzada bustia” edo “Biluzik kapelarekin” dira esandakoaren adibide.

Coucou Bazar, 1973

1963an Hourloupe deituriko obrak garatzeari ekin zion. Kartoiak, lokatzak eta bat-bateko jarduera utzi eta puzzle eta grafismo irudiak ikertzen hasi zen. Dekorazio itxurako lanak dira: irudi geometrikoak gorri, urdin eta beltzak hondo zuriaren gainean. “Coucou bazar” izeneko ikuskizuna, “Presidentea” eta beste zenbait pieza mugikor eta eskultura egokiak dira kaleak apaintzeko.
 

 


B2
2013-05-29
  • Juanjo Dorronsoro
16290220
5019