Karmele Jaio: "Nire pertsonaiek esan gabe uzten dutenari garrantzi handiagoa ematen diot"

Gasteizen hirigunean dago Emakunderen egoitza. Bertan, bere jaioterri eta bizitokian, egiten du lan Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970), komunikazio-bulegoan. Emakundek egiten duen lana kaleratzeaz arduratzen da. "Lan handia" duela aitortu du, "askotan kanpotik zaila delako berdintasunaren arloan egiten den lan guztia ikustea".

Baina lau pareta horietatik haratago ere badu zeregina gasteiztarrak: idazlea, kazetaria, ama… Denbora nondik lapurtu aritzen da, guztiak txukun bete ahal izateko. Hori da bere erronka nagusia, “guztietan kalitatez aritu ahal izatea”.

Emakunderen komunikazio bulegoan egiten duzu lan. Zein da zure lana bertan?
Hemen gertatzen edo egiten den lana kaleratzea da nire egitekoa, prentsa-oharren bitartez, prentsa-agerraldiak antolatuz eta horrelako ekimenekin. Berdintasunak bizitzaren arlo guztiak hartzen dituenez, lan zabala da.

Berdintasuna aipatu duzu. Badakit oso galdera orokorra dela, baina zer egoeratan bizi da emakume euskalduna?
Aurten, hain zuzen, Emakundek 25 urte bete ditu eta data ona da atzera begiratzeko. Egia esan, 25 urteotan aurrerapen nabarmenak eman dira, ordezkaritzan, esaterako. Parlamentuan, adibidez, duela 25 urte sei emakume zeuden. Orain orekatuago dago. Dena den, mundu bat geratzen zaigu. Asko aurreratu da eta, horregatik, askotan zailagoa izaten da desberdintasun hori ikustea, ez delako orain dela 25 urte bezain agerikoa. Baina hor dago.

Adibide bat?
Etxeko lan eta zaintza-lanetan, adibidez. Emakume euskaldunek bere gain hartzen dute oraindik lan hori, % 75ean. Hau da, lan-munduan daude, kanpoan, baina zama hori daramate gainean eta horrek ere eragin handia du lan-munduan edo erabakiguneetan daukaten presentziarekin. Bai, lanean badaude emakumeak, baina enpresa handienetako administrazio-kontseiluetan, adibidez, ez daude. Hainbat arlotan daude, baina egunkari bat hartu eta argazki gehienetan gizonak agertzen zaizkigu. Oraindik ere asko egin behar du aurrera.

Komunikazioa da zure lanbidea. Baina zer garrantzi dauka komunikazioak?
Handia. Nik uste dut ez dakigula komunikatzen. Inoiz baino tresna gehiago ditugu komunikatzeko -nik Australian lagun bat baldin badut, une honetan bertan hitz egin dezaket berarekin-, baina komunikazioa zer kalitatetakoa den, hori beste kontu bat da. Hau da, harremanetan jartzen gara, baina ez dakit komunikatzen garen… Azalean bizi garela iruditzen zait eta azaleko gauzei buruz hitz egiten dugula gure eguneroko horretan. Denok ditugu barruan hainbat kezka, arazo eta abar, baina horiek ez dira gure eguneroko jardunean irteten. Horregatik, nik beti ematen diot garrantzi handiagoa nire ipuin edo nobelako pertsonaiek esan gabe uzten dutenari, esaten dutenari baino. Iruditzen zaidalako esaten ez dugun hori dela, azkenean, garrantzitsuena.
 


 

Karmele idazlea aipatu duzu. Zer moduzko harrera izaten ari da ‘Ez naiz ni’, zure azken lana?
Oso ona. Askotan zaila izaten da jendearen iritzia jasotzea. Nik beti zera esaten dut, liburu bat argitaratuz gero,  oso zaila dela jakitea jendeari gustatu zaion edo ulertu duen esan nahi nuena. Idazleok ez gaude hor beraiek irakurtzen ari diren bitartean. Baina jaso ditudan iritziak eta kritikak onak izan dira eta pozik nago.

40 urteren bueltan dabiltzanen istorioak bildu dituzu. Nola sortu zen ideia?
Ez dakit. Idazten hasten naizenean, normalean, hasi eta ez dakit zertaz idatziko dudan. Ez dut pentsatzen “hamabi ipuin idatziko ditut honi buruz”. Ez. Idazteari ekiten diot, barruan daukadan hori ateratzen hasten da. Kasu honetan, adibidez, behin ipuin batzuk idatzi ditudanean, orduan konturatzen naiz, “kontxo, gai hau dago, gai hau agertzen ari da”. Idatzi bitartean konturatzen naiz buruan daukadanaz. Kasu honetan izango da neu ere adin horretan nagoelako eta nire ingurua bera ere adin horretakoa delako. Sumatu ditudan kezkak eta ezinegonak jasotzen saiatu naiz.

Euskara ikasten ari direnak nola erakarri zure liburua irakurtzera?
Hizkera aldetik, nik beti bilatutako sinpletasun bat lortzeko saiakera egiten dut. Batzuetan zailagoa izaten da testu bat garbitzea eta sinpletasun hori ematea zenbait hitzekin malabarismoak egitea baino. Nik ideia bat daukat buruan eta hori eraman nahi dut irakurlearen burura. Hori lortzeko, bidean ahalik eta oztopo gutxien jartzen saiatzen naiz. Beraz, zentzu horretan, euskara ikasten ari den batentzat bada aproposa, ez da liburua saltzeagatik! (kar, kar). Ulertzeko ez da zaila. Beste gauza bat da bigarren zentzua ulertzea edo horrekin zer esan nahi dudan.

Azaldu zer den euskara zuretzat.
Ez da bakarrik hizkuntza edo tresna bat. Hori baino gehiago da. Euskaraz idazten dugunean kontuan daukagu hizkuntza honek ez daukala bermerik, hau da, ez dakigu jarraituko duen aurrera begira. Geurea den heinean, ardura bat daukagu, nolabait, laguntzeko. Ez baita ingelesa, ez gaztelania. Hori da hizkuntza handi edo txikian idaztearen alde nagusia.

Liburua amaitutakoan, nola sentitu zinen?
Lehenengo liburutik aldea dago. Alde batetik, poz handia sentitzen da. Egin nahi nuen lan bat egin dut eta neure buruari esaten diot “Egin dut, bukatu dut”. Aldi berean, liburu horretan gertatzen dena atzean uzten dut. Asmatu dudan hori utzi eta burua beste zerbaitetan hasten da. Liburuak idatzi bitartean izan du zentzua neure baitan. Baina, bestalde, bitxia da, behin argitaratuta hasten bainaiz gehien liburuaz hitz egiten. Orain, ordea, liburua ez da horrenbeste nirea, irakurleena baizik.


 

Literatur sariak ere irabazi dituzu. Beharrezkoak al dira mundu honetan tarte bat izateko?
Bide bat dira, Literatura ez da idaztea bakarrik, inguruan dagoen guztia ere bada. Sariak geure burua ezagutzera emateko modua dira. Ez dira, berez, behar-beharrezkoak literaturan aritzeko, baina promozionatzeko plataforma bat dira.

Komunikatzaile, kazetari, idazle… Nola definitzen duzu zeure burua?

Neure buruan ere Karmele Jaio desberdinak ikusten ditut. Hau da, lanean nagoenean Karmele bat naiz, idazten dudanean beste bat naiz, eta umeekin nagoenean beste bat. Uste dut denok daukagula hori, norekin gauden desberdin ikusten dugu geure burua. Nik, behintzat, asko bereizten dut. Beraz, lanean nagoenean guztiz ahazten dut idazle naizela. Idazten ari naizenean, kazetari naizela ahazten dut... Gauza desberdin asko dira, horrek ere bere zailtasunak ditu, guztiak kalitatez egin ahal izateko tartea ateratzea, hain zuzen. Hori izan daiteke, beharbada, nire arazorik handiena uneotan.


Etorkizunari begira, zein dira zure erronkak?
Idazten jarraitzea, hori da gehien gustatzen zaidana, behar dudana eta gorputzak berak eskatzen didana. Erronka hori gauzatzeko, kalitatezko denbora lortzea izango litzateke, idazten dudan horrek merezi duela sentitzeko. Idazteko, irakurtzeko, pentsatzeko… denbora izatea. Izan ere, idazteak lasaitasuna eskatzen du eta, agian, azken bolada honetan lasaitasun hori falta zait.
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zuk ezagutu edo bizi izan dituzun alorretan (kazetaritzan, literaturan) nola dago emakumea?
Besteetan bezala. Hau da, literaturan adibidez. Zuk irakurtzen duzu literaturaren historia, euskal literaturaren historia, lehenik eta behin, deigarria egiten dena da emakumeak ez direla existitu, eta egon egon dira. Garai batean, aldizkarietan idazten zutenak, batzuk argitaratzen zutenak… Baina horiek gero literaturaren historia bat jorratzen joan denean ez dira kontuan hartu. Hau da, prestigioa edo inportantzia ez zaie eman. Gaur egun emakume gehiago gaude idazten baina hor ere badago, nik uste dut, kontuz ibili behar garela, ze askotan esaten da, “beno, boom-a egon da, eta emakume pila bat daude idazten”. Beno, gaur egun, euskal literaturan %15a gara. Beraz, bai normalizatzen doa, gero eta emakume bereziki belaunaldi gazte batetik etorritakoak idazten daude, baina oraindik gutxiago gara, beste alorretan gertatzen den bezala, baditugu zenbait zailtasun gizonek ez dituztenak, adibidez, prestigioa eta alor guzti honetan badaude gai batzuk adibidez, emakumeen lanetan agertzen direnak, agian orain arte agertu ez direnak eta horien unibertsaltasuna ere aldarrikatzen dugu, hau da, ez dira emakumeentzako gaiak bakarrik, emakumeek idatzitako gaiak dira, baina literatura guztia biltzera datoz, hau da, ikuspegi orokor bat osatzera datoz.
 

Komunikaziora bueltatuz, azken urteetan komunikatzeko era aldatu da erabat. Zer ekarri du onetik eta zer txarretik aldaketa horrek?
Argi dago Internetek asko aldatu duela eta sare sozialek asko aldatu dutela, hau da, orain badago, legeak nolabait aldatu egin dira. Lehen jendea informatzen zen telebista eta egunkarietatik, edo irratietatik bakarrik. Eta orain beste alor batzuk daude, komunikatzeko beste modu batzuk daude eta horrek ere behartzen zaitu erabiltzen duzun hizkuntza edo estiloa aldatzera. Orain flash modukoekin informatzen gara. Jendea ez da gai sakonetara edo artikulu luzeetara sartzen. Hori kontuan eduki behar da komunikatzeko orduan. Eta bereziki nik azpimarratuko nuke azken urteetan sare sozialek duten garrantzia. Heltzeko bereziki, batez ere guretzat heltzeko, adibidez, jende gaztearengana.
 

Zein da, bada, komunikazioaren garrantzia?
Oso handia. Gauzak egitea da inportantea, programak, hemen egiten diren gauza guztiak, baina hori ez bada komunikatzen, askotan zaila da justifikatzea egiten den lan hori. Horregatik, komunikatzea alor guztietan, baita pertsonalean ere, bada giltza, bada elementu oso inportante bat.
 

Gizartean ongi komunikatzen gara?
Nik uste dut ezetz. Nik uste dut inoiz baino tresna gehiago ditugula komunikatzeko –nik Australian lagun bat baldin badut momentu honetan hitz egin dezaket berarekin- baina komunikazioa ze kalitatekoa den, hori ez dakit. Hau da, kontaktatzen dugu, harremanetan jartzen gara, baina ez dakit komunikazioa… Iruditzen zait, niri behintzat, pixka bat azalean bizi garela. Pixka bat azaleko gauzei buruz hitz egiten dugula gure eguneroko horretan. Denok ditugu barruan hainbat kezka, arazo eta abar, baina horiek ez dira gure eguneroko jardunean irteten. Nik horregatik, adibidez, idazten dudan horretan, beti horregatik ematen diot garrantzi handiagoa ipuin edo nobela horretako pertsonaiek esan gabe uzten dutenari esaten dutenari baino. Iruditzen zaidalako esaten ez dugun hori dela azkenean inportanteena.

 

Interesatzen zaizu



B2
2013-05-27
16290137
04:50
7125