Euskal Herriko hilerrietan barrena, hainbat bitxikeria
Euskal Herriko hilerririk bitxienetako batzuk bisitatu ditugu erreportaje labur honetan.
Hildakoen egunean, azaroaren 1ean, jende asko joaten da hilerrira hildako arbaso eta lagunak bisitatzera. Euskal Herrian badira hilerri bitxi batzuk, edo zerbait berezia dutenak. Horri buruz hitz egingo dugu egun seinalatu hori aprobetxatuz:
Apotzagako hilerria (Eskoriatza)
Euskal Herriko hilerri biribil bakarra. Baserri bakoitzak bere hilerria du. Ez dago hilerri indibidualik. Ondare artistiko dago izendatuta hilerria.
Goikoelexaldeko hilerria (Larrabetzu)
Hilerri honetako hilobietan baserrien izenak daude idatzita, hain zuzen ere, Larrabetzuko auzo horretako baserrienak. Eta hildakoa zein baserritakoa den, hor ehortziko dute, hildakoaren izen-abizenak jarri gabe. Goikoelexalden bizi behar da, bertan ehortzia izateko.
Hilerri protestantea (Loiu)
Gurean beti izan da arazo katolikoak ez zirenak lurperatzea. Bizkaian, edo Bilbo inguruan hiltzen diren ingelesak –eta baita beste protestanteak ere– Loiuko hilerri protestantean lurperatzen dituzte, 1926az geroztik. Kuriosoena da hilerria kokatuta dagoen lurra Ingalaterrako erreginarena dela, eta beste bitxikeria bat: hilerri horretan elkartzen ziren espioi euskaldunak eta britainiarrak, Hitlerri aurre nola egin erabakitzeko.
Auritzeko hilerria
Ez dute uzten panteoirik eraikitzen. Heriotzak denok berdintzen gaituelako, hilobi guztiak ere berdinak dira, disko formako hilarriak. Hilerrira Alfa letra irudikatzen duen ate batetik sartzen da –Alfa, edo bizitza berri baten hasiera–, eta barruko hormek Omega letraren itxura dute, lurreko bizitza bukatu dela adierazten duen hizkia. Hilerri honek irabazi zuen estatuko hilerririk ederrenaren saria, 2014an.
Santa Isabel hilerria, Gasteiz
Hilerri honetan bisita gidatuak egin izan dituzte, eta musika-kontzertuak. Europan oso zabalduta dago ohitura hori, baina hemen bitxia egiten da. Garai batean hilerri honen eta alboko baten artean pareta zegoen. Batean katolikoak ehorzten zituzten eta bestean katolikoak ez zirenak. 1979an pareta bota egin zuten, ez kalapita gutxirekin elizaren aldetik. Bertan daude lurperatuta, besteak beste, Sebastian Iradier musikaria; Heraclio Fournier, jokorako karta famatuen egilea; edo Pankrazia Ollo, Zumalakarregiren alarguna.
Erronkariko hilerria
Bertan dago Julian Gaiarre tenoreari eskainitako mausoleoa, Benlliurek egina. Parisko Erakusketa Unibertsalean izan zuten erakusgai, eta eskultura-arloan ohorezko domina lortu zuen.
Ordiziako hilerria, Elgoibarkoa, Galdakaokoa…
Kolunbario izena dute eraikin horiek. Geroz eta jende gehiagok errausten ditu hildakoak. Baina zer egin errautsekin? Ba kolunbario izeneko eraikuntza horietan sartu, hilerri barruan.
Eskuernagako hilerria
Eskuernaga (Villabuena de Álava) Arabako Errioxan dago, eta bertan katolikoak ez direnentzat, ateoentzat barne, hilerria sortu zuten. Ez dirudi hilerria, lur-eremu zabal bat baizik. Ibaola Harria du izena, eta, adibidez, tamaina desberdinetako harriak saltzen dituzte, trikuharriak... Helburua era askotakoa izan daiteke: errautsak gordetzea, lagun-kuadrilla betiko elkarrekin egotea, zeure buruari hiltzen zarenerako oroigarri bat egitea… Harria eta errautsak 20 urtez han izango direla ziurtatzeko, dokumentu bat ematen dute.
Urgulleko Ingelesen hilerria (Donostia)
Donostia 1813an erre zuteneko kontua ezaguna da. Ingelesek –frantsesek hartuta zuten hiria salbatzera etorrita– su eman zioten, eta, bide batez, egoera aprobetxatu lapurreta eta beste hainbat sarraski egiteko. Borroka hartan eta I. Karlistaldian eroritako zenbait ingelesen kanposantua ikus dezakegu Donostiako Urgull mendian. Bisitak benetan merezi du; bakea transmititzeaz gain, beste garai batera eramaten zaitu.
Andre Mariaren Jasokunde eliza (Bidarte)
Hilerrian koronel ingeles bat dago ehortzita, Richard Lloyds, 37 urtekoa, berak hala nahita zutik lurperatu zutena, bizi izan zen bezala.