Izozte bidezko ugalketa-teknika
Apple eta Facebook enpresa multinazionalek obuluak eta haziak izozteko aukera eskaini diete bertako langileei, umeak izateko garaia atzeratzeko. Albiste horren inguruan iskanbila handia sortu da, eta baliteke askok Izozte bidezko ugalketa-teknika berri honengatik ezagutu izana. Seme-alabak denboran aurrerago izateko aukera ziurtatzen du izozte-teknikak, 45 urte ditugunean ere ama eta aita izateko modua da.
Gure obuluen eta hazien emankortasuna denboran atzeratzen
Haurdun geratzeko teknikak garatzen doaz. Gizakiak harreman sexualen bidez sortzen ditu haurrak, baina ikerketek eta teknologia berriek gaur egun bestelako hainbat modu ere lortu dituzte geure ondorengoak izateko: intseminazio artifiziala, in vitro edo espermatozoide-injekzio bitarteko ernalketa, enbrioien transferentzia... Laguntza bidezko ugalketak dira horiek, eta izozte bidezko ugalketa ere sail horren barnean dago.
Maria Belasko biologoa da, eta azken urteetan Donostiako El Pilar ospitalean Laguntza Bidezko Ugalketa sailean jardun du lanean. Ekainetik aurrera El Pilar ospitalean zegoen sail hori Donostiako Onkologikora pasatuko da, eta bertan jarraituko du laborategiko lanetan. Berarekin elkartu gara gai honi buruz gehiago jakiteko.
Maria Belasko biologoa da eta Laguntza Bidezko Ugalketa sailean lan egiten du.
Zer da obuluak eta haziak izoztea? galdetu diogu: “Izozteak esan nahi du obulu eta hazien emankortasuna denboran zehar mantentzea. Obuluak eta haziak izozten direnean, aurrerago gu geure buruaren emaile izateko erabiltzen dira”, azaldu digu Mariak. Teknika honen bidez, obulu eta hazi gazteak urte-pila baterako gazte gorde daitezke: “10-15 urte edo gehiago egon daitezke bankuetan gordeta, behar diren arte”, esan digu Mariak.
“Hazien izozketa 80ko hamarkadan hasi zen eta obuluena hurrengo hamarkadan, 90eko hamarkadan”, zehaztu digu Mariak. Dirudienez, hazien izozte-teknikak hasieratik emaitza onak eman zituen, baina obuluen izozketaren teknika ez zen gehiegi erabili duela 7 urte arte: “Duela 7 urtetik, obuluen teknika izugarri hobetu da eta orain asko erabiltzen da”, jarraitu du Mariak. Baliteke horregatik askori ezagun ez egitea.
Euskal Herrian laguntza bidezko ugalketa dagoen kliniketan izoztea-teknika eskaintzen da. Gaixotasuna tarteko denean, Gizarte Segurantza arduratzen da haren kostu ekonomikoaz. Gainerakoetan, gizonezkoen tratamenduak 200 euro eta emakumeenak 2.500 euro inguru balio du. Emakumearen prozesua konplexua delako garestitzen da.
Izozte-prozesuaren lehenengo zatia
Izozte-prozesua gizonen eta emakumeen kasuetan desberdina da. “Gizonezkoen kasuan, oso prozesu erraza da: 4-5 egun harreman sexualik eduki gabe egon, laborategira etorri, masturbazioz semena lortu eta teknika zehatz baten bidez semena izoztu eta nitrogeno likidoan gordetzen da”, azaldu digu adituak.
Emakumeen kasuan, berriz, prozesua konplexuagoa dela esan digu: “Obuluak obulutegitik hartu behar direlako da emakumeena zailagoa. Emakumeak hormona bidez estimulatu egin behar dira, gero ebakuntza kirurgiko batean obuluak atera, eta, obuluak eskuratu eta gero, izoztu eta nitrogeno likidoan gorde. Izozte-prozesuaren ondoren, banku batzuetan gordetzen dira”.
Obulu eta hazi izoztuak bankuetan gordetzen dira.
Prozesuaren bigarren zatia
Ondorengo prozesua, kontrakoa da. Nitrogeno likidotik atera, obuluak eta haziak laborategira eraman eta bertan ernaltzen dira obuluak. Hortik enbrioiak sortu eta gero, enbrioia emakumearen umetokira transferitu behar da. “Tratamenduaren bigarren zatia askoz ere prozesu errazagoa da. Medikuek, ginekologoek zehazki, emakumearen umetokia prestatzen dute, enbrioia transferitu ahal izateko. Umetokia prest dagonean, 3-5 egun geroago gutxi-gorabehera, enbrioia emakumeari transferitzen zaio, eta haurdunaldiaren prozesua hasten da”, kontatu digu Mariak.
Prozesuaren bigarren zatian, kalitate oneko enbrioiak aukeratzen dira: “Kalitate onena duen enbrioia hartzen da eta normalean enbrioi bakarra jartzen da umetokian”. Lehen enbrioi bat baino gehiago jartzen omen zen gehienetan, baina orain bakarrarekin aritzen direla azaldu digu Mariak: “Azkenean, tratamendu bidez sortutako biki asko daudela ikusi dugu eta badakigu bikien haurdunaldia ere arriskutsuagoa dela”, erantsi du.
Zenbait kasutan ez da lehenengotik lortzen haurdunaldiaren prozesuak aurrera egitea. Horrelakoetan tratamendua berriz egin behar da haurdunaldia lortzeko, baina azkenean lortzen dela esan digu El Pilar ospitaleko adituak. "Guk, laborategian enbrioiak sortzen ditugunean, kalitate onena duten obuluak aukeratzen ditugu, eta, horietako bakarra erabili ondoren, gainerakoak berriz ere izoztu egiten ditugu. Horrela, berriz ere egiteko aukera egoten da", azaldu digu.
Laborategian, obuluak eta haziak izozteko teknika berezi batzuk erabiltzen dituzte.
Onurak batez ere paziente onkologikoentzat
Onurak, batez ere, paziente onkologikoentzat direla esan digu Mariak. Izan ere, teknika honekin, kimioterapia-tratamenduaren ondoren beraien obuluekin eta haziekin haurdun geratzeko aukera ematen zaie. Hala ere, gaixotasun bat dugula esaten digutenean, etorkizunean haurrak izan nahi ditugun ala ez pentsatzea azkeneko gogoeta izaten dela onartu digu Mariak.
“Mutil bati esaten badiote minbizia duela edo tratamendua egitea komeni zaiola, adibidez, momentuan semena masturbazio bitartez hartzen da, eta kimioterapia tratamenduarekin has daiteke. Baina emakumeen prozesua zailagoa denez, hiruhilabeteko tratamendua egin ondoren hasi beharko luke kimioterapiakin. Horregatik, orain arte ez da hainbeste egin”, kontatu digu.
Bestetik, gaur egungo egoera eta bizimodua direla eta, batez ere emakumeen kasuan, 30-34 urterekin ez badute umeak izateko tarterik eduki, obulu horiek izoztu eta bertan gorde daitezke. “34 urtetik aurrera emakumeen obuluen kalitatea azkar jaisten dela jakin behar dugu”, azaldu digu Mariak eta teknika honek aukera ematen du urte batzuetan atzeratzeko.
“30 urtetik aurrera, obuluen kalitatea pixkanaka jaisten hasten da, eta 36 urtetik aurrera oso azkar doa”, argitu digu Mariak. Eta kalitateak zer esan nahi du? Haurdunaldia lortzeko zailtasunak daudela, horregatik 36 urtetik aurrera ez direla obuluak izozten eta 50 urterekin ez direla enbrioiak txertatzen esan digu Mariak.
Emakumeen eta gizonen prozesua oso desberdina da. Emakumearena hiruhilabeteko prozesua da eta gizonena, berriz, 5 eguneko kontua.
Noiz erabili. Maria Belaskoren gomendioa
Gaitzik tarteko ez bada, 25 urteko gazte gutxik izozten dituzte obuluak zein hazia. "Badut lagun bat 28 urterekin bikoterik ez badu, obuluak izoztuko dituela argi duena, eta momentua iritsi arte hor utziko dituela esaten duena. Informazio faltagatik ez dadila izan behintzat. Oso garrantzitsua da aukera hau badagoela jakitea eta zer-nolakoa den ezagutzea", zehaztu digu ikertzaileak.
“Batez ere paziente onkologikoekin ikusten dut gomendagarriena teknika hau. Horrez gain, emakume batek ez badu ikusten haurdun geratzeko momentua, ez badu bikoterik edo lanak une horretan lehentasuna badu, 36 urte baino lehen obuluak izoztea izango litzateke nire aholkua", aipatu du Mariak. "Etorkizunean umeak eduki nahi baldin baditugu, hobe da obuluak izoztea eta bertan edukitzea, nahi dugunean erabiltzeko, ezta?", esan digu.
"Hala ere, haurrak izateko 36 urte bete arte ez itxarotea da nire aholku pertsonala. Lehenago eduki behar ditugu haurrak eta, ahal bada, prozesu naturalaren bidez. Egia da, ezin bada egoera horretan izan, hobe dela haziak edo obuluak izoztea. Garbi daukat, gaur egungo egoeraren eta biologiaren aldetik, 31, 32, 33 edo 34 urterekin haurrak izatea dela egokiena. Agian nik orain 25 urte ditudalako esaten dut hau, baina kasuak eta kasuak egon arren, ez dezagun denok 40 urte arte itxaron haurrak izateko, egoera bereziak izan daitezela horiek", agertu digu gogoeta moduan Mariak.
Prozesua ezberdina da obuluen edo hazien kasuan. Mutilen kasuan, hiru, lau edo bost egun egon behar dira harreman sexualik eduki gabe eta ondoren, klinikara etorri, masturbazio bitartez lagina eman, semena eman, eta gero guk laborategian, teknika ezberdin batzuen bitartez, haziak izoztu egiten ditugu, nitrogeno likidoan murgildu eta ia bertan mantendu, erabili arte.
Emakumeen kasuan, prozesua ezberdina da, dezente konplexuagoa da obuluak hartu behar direlako zuzenean obulutegitik. Orduan egin behar dena da hormona bitartez emakumea estimulatu, gero ebakuntza kirurgiko sinple baten bitartez ateratzen dira obuluak eta behin obuluak laborategian ditugula, teknika espezial baten bitartez, obuluak izoztu eta nitrogeno likidoan murgildu eta bertan mantendu.
Onura garrantzitsuenak-edo dira paziente onkologikoekin. Tratamendua jaso ondoren, beraien obulu edo haziekin ondorengoak edukitzeko aukera ematen diolako, dielako etorkizunean. Eta gaur egungo bizimodua dela eta, emakumeen kasuan batez ere, haurrak edo umeak edukitzeko momentua ikusten ez duten emakumeei, komenigarria izango litzateke obuluak izoztea hogeita hamasei urte bete baino lehen, gero nahi dituztenean erabili ahal izateko.
Izozteak esan nahi du azkenean, obulu eta hazien emankortasuna mantentzea denboran zehar. Eta prozesua gero obulu edo hazi horiek erabili nahi badira egin behar dena da obulu eta haziak desizoztu eta behin laborategian ditugula, obulua ernaldu, enbrioiak sortu eta enbrioia emakumearen umetokian transferitu eta listo. Eta itxaron.
Gomendio pertsonala edo bueno, medikuen gomendioa da hogeita hamasei urte bete baino lehen, umeak edukitzea ez itxarotea hainbeste. Nahiz eta aukera dagoen berrogei urterekin haurdunaldia lortzeko, ez da berez prozesu naturala, eta hobe da lehenago edukitzea ondorengoak, ahal bada gutxienez.