detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Bagan, hiru mila pagoda dituen hiria

Myanmar, garai bateko Birmania, izango da ziur aski Asia hego-ekialdeko herrialderik erakargarriena. Pagodez gain, kostako paraje, mendi eta oihanek xarma berezia ematen diote.

Myanmar, garai bateko Birmania, izango da ziur aski Asia hego-ekialdeko herrialderik erakargarriena. Konforme, esan dudana eztabaidagarria da, Laos ere hor baitago, hau ere herrialde interesgarria eta turista gutxi jasotzen duena oraindik. Baina Laosek ez du kostarik, eta Myanmarrek, aldiz, hondartza apartak ditu, eta horrek bere alde lerratzen du balantza.

Bagango tenpluen barruan beti dago Buda

Myanmarrek badu jakina zerekin erakarri!: monumentu budista ikusgarriak, kostako parajeak, mendiak eta oihanak, ibai luzeak ur askorekin, garai bateko zibilizazioen hondakinak… Eta batez ere bertakoen irribarrea. Eta hori haserre izateko arrazoia edukita! Izan ere, 40 urte daramatzate herrialdea txirotu duen diktadura militar baten menpe.
Kontsumo-gizartea dagoeneko sartuta dago Thailandian, Malaysian eta Vietnamen, baina bizimodu hori ez da oraindik Myanmarrera iritsi: hemen ez da saltoki-gune handirik, eskuko telefonoak luxuzko tresnak dira eta izen handiko dendarik ez dago. Jantzi tradizionalak darabiltzate egunerokoan gizon-emakumeek, longyia delakoa, gona antzeko luze-estu bat.

Bagango emakumeak ohiko zigarro lodiak erretzen

Myanmarren dago arkitektura aldetik munduan dagoen eraikin-multzo ikusgarrienetako bat: Bagango 3.000 pagoda. Tenplu budistek (eta hinduistaren batek) lautada handi luze-zabal bat betetzen dute, zerumugaraino. Tenpluok XI-XIII mende-tarte horretan eraiki ziren. Eraikin horiek ez daukate parekorik munduan, ez bada Kanbodiako Angork Wat, askoz ere ezagunagoa denontzat.
 

Edonora begiratuta ere tenpluak

Tenplu batzuk oso luzeak dira, 50 metrotik gora. Terrazak dituzte, eta ikusmira ederra eskaintzen dute, bertatik pagoda guztiak ikus daitezke-eta. Badira pagoda txikiagoak ere, baina denak ezberdinak dira. Batzuk hondakinak dira, baina badira ondo zaindutako beste hainbat ere. Azken hau nabarmendu egin behar da. Izan ere, beste zenbait tokitako hondakinak ikusten dituenak irudikatu egin behar du, harri batzuek bertan segitzen dutelako, hura arkeologia aldetik nolakoa izan zen benetan. Baganen ez, han daudelako zutik 3.000 pagoda. Antzina 4.500 ere baziren, eta erraz senti daiteke Baganek sasoirik onenean izan zuen handitasuna.  

Zagurdian bisita egiten

Hain handia denez, oinez igarotzeko egun batzuk behar dira, eta autoz joanda xarma galtzen da. Beraz, zalgurdia da aukerarik onena. Hautu honek badu exotismo-ukitua, eta tenplu garrantzizkoenak ikusteko erarik onena da.

Zenbaitetan ematen du Indiana Jones zarela, altxor galduren bat non aurkituko. Mila urtetik gorako eraikin batean zaude, estatuak dituzu aurrean, Budari buruzko margoak, eta inguruan ez duzu inortxo ere. Erraza da pentsatzea zeu zarela hara iritsi zaren lehena. Laster esnatuko zara, baliteke eta autobusean etorritako turista-piloa hurrengo eraikinean izatea. Eta berdintsu gertatzen da eguzkia sartzen ikusteko asmoz ondo kokatuta dagoen, edo altu samar dagoen, pagodaren batera joaten bazara. Ilunabarrean hortxe biltzen da jende guztia. Baina egia esanda, jakina Bagan bisitatzea merezi duela! Turista gutxi daude, eta askotan zaude bakar-bakarrik. Korridore batzuk ilunak dira, eta terrazetara doazen eskailerak ere bai. Beraz, bertatik pasatzeko linterna bat eramatea da onena!

Ikusmira paregabea

Baganen handitasunak 1050-1287 urte-tartea hartu zuen, bi mende eta erdi iraun zuen, beraz. Baina 1287an Kublai Khan-en mongoliarrek menpean hartu zuten hiria. Aipatutako urte-tarte horretan Bagango erregetzak 20 bat tenplu eraiki zituen urtero. Mongoliarrek hainbat hondatu zituzten, baina asko zeudenez, ezin denak puskatu. Orduan zutik geratutako haiek dira gaur egun bisitarien gozagarri. Eraikitzeko modua oso ona zen, lurrikara bati ere aurre egin zioten! 1975ean gertatu zen hori, eta lurrikarak 6,5 gradu zituen Richter eskalan.

Budaren irudia

Bitxia da, baina Baganek handitzen jarraitzen du. Leku oso sakratua da budista birmaniarren ustez, eta berraragiztatzean sinesten dutenez, hurrengo bizitzarako meritutzat daukate han tenplu bat izatea. Beraz, Yangongo aberatsek, hiriburukoek eta gobernuko funtzionarioek euren tenpluak eraikitzen dituzte bertan. Handitasunean ez dira garai batekoen antzekoak, nabari da modernoak direla, baina, horrela segituz gero, arkeologiaren ikuspegitik asko hondatuko da inguru hura guztia.

Monje budista gaztetxo bat

Mongoliarrek hiria hartu ondoren, ia hutsik geratu zen Bagan hainbat gizalditan. Birmaniarrek uste zuten leku madarikatua zela, nats (izpiritu) gaiztoz betea. XIX. mendean britainiarren kolonia zen Birmania, eta orduan hasi ziren Baganera itzultzen. 1990. urtean pagoden artean bizi ziren bagandarrak handik atera zituzten gobernuaren aginduz, eta Bagan Berria izeneko toki batera eraman zituzten. Atera baino astebete lehenago eman zieten abisua. Militarrek Birmanian nola lan egiten duten jakiteko adibide egokia.


detalle2

Dokuteka

B1
2012-07-02

x61pRelaContWAR

  • Torquemada, Jesús
16264128

x61pViewCountWAR

6173

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR