detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Xabier Paya, DSS2016ko programazio kulturalaren zuzendaria

Elkarrizketa honetan Xabier Payak kultur hiriburutza zer den kontatu digu, eta, horrekin batera, zer ari den egiten eta etorkizunean zer geldituko den.

Konstelazioak erakusketa San Telmon, Uda-gau bateko ametsa Kristina Enean, Gabon Txirrita, 2016 Bidea, Donostiapedia, Europako Hizkuntza Aniztasunaren foroa, Tosta 2016… Hainbat ekimen antolatu dituzte 2016an Donostian, DSS2016 izeneko kultur hiriburutzaren baitan. “95 ekimen daude programa osoan, 160 koprodukzio hiriko eta lurraldeko beste jaialdi askorekin, eta ez nituzke ahaztu nahi, hiritarrek proposatu eta diru-laguntza ematen diegun 132 proiektuak”, adierazi du Xabier Payak (Getxo, 1982), programazio kulturalaren zuzendariak. Urtea amaitzen ari da, eta berarekin bildu gara 2016ak eman duena aztertzeko.

1.    Noiz hasi zineten Donostia 2016 proiektua garatzen?
Hiri batek epe bat du, kultur hiriburua izan nahi badu, bere burua aurkezteko. 2016aren kasuan, 2008 edo 2009. urterako erabaki behar zuten. Orduan, Donostiak bere hautagaitza aurkeztu zuen, eta zuzendaritza-talde txiki bat jarri zuten lanean: programa garatzen, partaidetza sustatzen, mintegiak antolatzen… Poloniako eta Espainiar estatuko bi hiriri zegokien kultur hiriburu izatea, eta 15 hiriren artean, 2011ko ekainaren 28an, Donostia aukeratu zuten.

2.    Zer da kultur hiriburu izatea?
Proiektu hau da Europan kulturaren inguruan dauden bakarrenetariko bat. Duela 31 urte, Melina Mercouri izeneko Greziako ministroak proposatu zuen europar identitatea sustatzeko. Europarren eta herritarren arteko konexiorik onena herriak zirela esan zuen. Horrela sortu zen Europako kultur hiriburutzaren ekimena. 2006 eta 2009. urteen artean argitaratutako ebazpenak bi kultur hiriburu egongo zirela zehaztu zuen; bat mendebaldeko herrialde batean eta, bestea, ekialdeko batean.

Europako Batzordeak irizpide batzuk ezartzen ditu eta bete egin behar dira: Europako hainbat lekutan lan egitea, kulturaren erreferente bat izatea, hautatutako programazioa betetzea… Ez da hirira jendea erakartzeko bakarrik. Izan ere, turismoan gorakada bat eragiten duela argi dago, baina Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak gehiago nahi dute: hautatutako kultur programa garatzea, Europako kultur eredua sustatzea, identitate horren inguruan gogoeta egitea, eredu hori partehartzailea izatea, nazioartekoa eta, batez ere, egindako ahalegin horri ondoren urteetan eustea.

3.    Zer ekarri dio kultur hiriburu izateak Donostiari? Eta donostiarrei?
Gaur egun, kultura lau esparrutan identifikatzen da: identitatea, transformazio soziala, hezkuntza eta ekonomia. Identitateari dagokionez, Donostiaren nortasuna nazioartera zabaldu dela uste dut. Bazter guztietara iritsi eta ezagutzera eman da. Transformazio sozialaren esparruan, nire ustez, kulturaren balioa ulertu da: patrimonio bat izan daiteke eta gizartearekin oso lotuta dago. Gainera, elkarbizitzari garrantzia eman diogu, eta, hori neurtzea zaila bada ere, hobera doala esan dezakegu. Hezkuntzaren inguruan hitz egiten badugu, kultur eredua aldatu dugu. Izan ere, guk sustatu ditugun proiektuetan jendeak hasieratik amaierara arte hartu du parte. Ez da aretora joan eta txalo egitea soilik, pauso guztietan parte hartzea baizik. Azkenik, arlo ekonomikoan, Donostiak 48 milioi euroko aurrekontua du 2012. urtetik 2018. urtera; beraz, ohiko programaziotik kanpo egindako inbertsioa handia izan da. Sektorean eragina izan du, lanpostuak sortu dira…

Horiek dira hobekuntza batzuk; arlo askotan eragin du Donostia 2016 egitasmoak.

"Uda-gau bateko ametsa" hiriko parke batean.

4.    Proiektua zer den ulertzeko zailtasunak egon dira. Denborarekin jendeak barneratu duela uste duzu?
Hori da eliza zer den galdetzea bezala, jendeak zer erantzungo luke? Eta beste zerbaiti buruz galdetuta berdin. Errazagoa da zerbait zehatzagoa galdetzea. Kultur hiriburu izateak zailtasun handi bat du: bost urte lehenago esan behar izan genuen programazioa zein izango zen eta zer egingo genuen. Horrek espektatibak handitzen ditu, eta arriskutsua izan daiteke. Kultur Hiriburua zer den galdetzea baino hobe da ikusitako antzerki edo ekimen bati buruz galdetzea, zehatza den zerbaiten inguruan.

Nire ustez, jendeak ulertu du: badakite ez dela azpiegitura handiak dituen kultur hiriburutza bat, elkarbizitzan eta pertsonengan inbertsioa egingo duen proiektu kultural bat dela. Gainera, aukera izan dute beraien gustuko ekimenetara gerturatzeko.

Donostia 2016 Zinemaldi handi bat da, film asko daude eta bakoitzak berea topatu behar du. Datuek diote jendeak bere gustukoa aurkitu duela, eta interesa duenean, mugitu egiten dela.

5.    Partaidetza nolakoa izaten ari da?
Partaidetza modu askotan uler daiteke: aretoa betetzea bada helburua, hori oso ondo doa; lehenago ere ez zegoen horretarako arazorik. Guretzat partaidetzak hiritarren inplikazioa bilatzea esan nahi du: hainbat gauza aukeratzeko lehiaketak egin ditugu, ia 200 herritar izan dira epaimahaian eta 500.000 euro banatzeko ardura beraiena izan da. Bestalde, herritarrak proiektuetan lanean eduki ditugu, erabakitzen, balioesten, sortzen, proposatzen… Kopuruekin pozik gaude.

6.    Ekimenaren zein balorazio egiten duzu? Hasierako aurreikuspenak betetzen ari direla esango zenuke? Urtea bukatzen denean, zer geldituko da?
Oraindik hainbat ekimen falta dira, eta zaila da osotasunean balorazio bat egitea. Nire ustez, programan esandakoa betetzen ari gara, eta, horrez gain, jendeak argi du elkarbizitza sustatu nahi dugula eta gure ekimenek beti dutela gizartearen onura helburu. Ez dakigu partidaren azken unean zenbat gol sartuko ditugun, baina oraingoz aurreikuspenak betetzen ari gara. Kulturaren laborategi bat gara. Esperimentu bat da eta jendeari ulertarazi nahi diogu beste eredu batzuk daudela. Gainera, egitasmoa ez da urtea amaitzean bukatuko. Saretze-lana egin dugu eta legatua utziko dugu; proiektu guztiekin ez, baina asko berriro egingo dira. Eta, hortik aurrera, hiriak kultur hiriburu izatea nola asumituko duen ikusi beharko da. Zein den bere estrategia eta zein den erakundeen erabakia ikusiko dugu.
 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

1.    Zer da Kultura Hiriburua izatea?
Berez, kultur hiriburuen proiektua da Europan, kulturari dagokionez, dagoen proiektu bakarrenetako bat. Duela 31 urte, Melina Mercouri izeneko Greziako ministroak eta aktorea ere bazenak, proposatu zuen, ulertu zuen, europar sentitu behar bagenuen denok, europar identitatea sustatu beharra bazegoen, ba zerbait beharrezkoa zela, programaren bat, proiekturen bat. Gainera, Europaren identitate-ezaugarrietako bat izango denean aniztasuna. Eta hala sortu zen proiektu bat. 2006tik 2009ra bitartean ebazpen horrek esaten du urtean bi kultur hiriburu izango direla; bat mendebaldeko herrialde batean, bat ekialdeko herrialde batean. Eta hiri horrek edo herri horrek, aukera izango duela urtebetez, Europako kultur hiriburu izateko. Eta horrek esan nahi duela, Europako kulturaren irizpide asko jarraitu behar dituela, Europako hango eta hemengo artistekin lan egin, Europako hainbat  lekutan lan egin… Ez da bakarrik hirira jendea erakartzeko kontu bat… Baina benetan Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak ere adierazi dutena da nahi dutela Europako hiriburutza bat izatea, kultur programa hautatua garatzen duen hiri bat, Europako kultura eredua edo sustatzen duena, identitate horren inguruan gogoeta egiten duena, eta eredu hori oso partehartzailea dena, oso nazioartekoa, Europara zabaldua, eta batez ere ez bakarrik urte batean gertatzen dena, baizik eta egindako ahalegin hori guztia nolabait gero mantentzen dena…

2.    Zer ekarri dio hiriburu kultural izateak Donostiari?
Orduan, gaur egun kultura lau esparrutan identifikatu daiteke edo analizatu daiteke, eta da identitatea, transformazio soziala, hezkuntza eta ekonomia, esan dezagun. Lau horietan neurtu daiteke, ez? Identitateari dagokionez, ba Donostiaren identitatea izugarri nazioartekotu du, eta aldi berean, eta transformazio sozialera egiten dut salto, balio izan du ulertzeko nolabait bueno kulturak badu balio bat, patrimonio izan daiteke, ukigarria-ez ukigarria, baina gizartearekin oso lotua dagoela. Bigarren ekarpen bat transformazio sozialaren ildotik, hori zailena da neurtzeko, azken batean elkarbizitza nola hobetu den galdetzen baldin badidazu, ba ezin dizut esan “Ba begira, orain, istripu gutxiago daude edo jendeak gutxiago jotzen du elkar, zorionez, elkar bizitza hobera doa”. Hezkuntzari dagokionez, kultura ulertzeko beste esparru horretatik, adibidez, kultur eredua erabat aldatu dugu. Gure kasuetan, sustatu ditugun proiektuetan jendearen parte hartzea hasieratik eta bukaerara, hau da, proiektuen diseinuan, baina mediazioan adibidez. Gaur egun, kultura pentsatzen dugu dela ekitaldira joan, txalo jo eta alde egin. Bai baina eta prozesu hori? Nola sortu da obra hori eta zeren arabera? Eta sortzaileak herritarrekin daukan esperientzia hobetzen baldin badu horrek ez al du hobetuko emaitza ere? Eta ez al ditu fidelago egingo ikusleak eta horrek sortuko du jadanik dinamika bat eta kultur sormena ez da izango bakarrik ebento (ekimen) bat, baizik eta jadanik konstante bat izango da. Orduan hori guztia agerian jartzea edo hiriko parte ere egitea, eta ez dut esan nahi hirian lehenago egiten ez zenik, baina agian ez hain apustu handi bat eginda, ez? Eta azkenik, ekonomiari dagokionez, nolabait datu batzuk ematearren, Europako kultur hiriburu honek 48 milioi euroko aurrekontua du 2012tik 2018ra. Horrek esan nahi du, hiri honek eduki duen kultur inbertsioa sekula izan duen handienetako bat izan dela, bere ohiko programaziotik kanpora.
 

detalle2

Dokuteka

B2
2016-10-28

x61pRelaContWAR

  • Malutafilms
16244080
00:05:01

x61pViewCountWAR

6377

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR