Kulturak espiralean egin behar du aurrera

Gure kulturaren gaineko gogoeta egiten du Maialen Lujanbiok hemen. Bere irudiko, kulturak gurpil biren gainean mugitu behar du, atzera begirakoa eta aurrerakoa. Baina, betiere, espiralaren gisara, aurrerantz.

 

 

 

 

 

 

 

 

Irudia: 1239652, Pixabay


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Hizkuntza arrotz batean emana bezala zen notizia: webguneek edukien erabileragatik ordaindu egin beharko diete editoreei. Ez nuen tutik ulertu, baina segidan zioen lege berritzailea zela; eta orduan pentsatu nuen zerbait ona izango zela. Eta Wert ministroak gaineratu zuen erreforma hau Europan aitzindaria zela. Ez dakit aitzindari hitza Werten ahotan aitzin-atik edo antzina-tik datorren, baina dakidana da zer zen ulertzen ez nuen zera hori, zerbait ona bihurtzen zuela berritzailea zela esateak.
Berritasuna sobrebaloratuta dago. Artean, sorkuntzan ere badirudi zerbait berria denean, ona behar duela. Urrunago gabe, bertsolaritzan. Lehen aldiz entzun ziren zenbait gai bertsotan zioten bertso-eguneko hotsek. Baina lehen aldiz izan izanak ez dio, berez, baliorik ematen esaten denari. Edo lehen aldiz bertsoa musika esperimentalarekin; edo dantza tradizionala eta garaikidea; edo pintura, musika eta poesia bat eginda. Eta, badirudi, batuketa denez, emaitza positiboa eman behar duela. Baina sorkuntza ez da matematika.
Berria izate hutsagatik, zerbait askiestea gure ahalmena gutxiestea da. Ez dakigu nobedadearena kenduz gero, emanaldi hauek eusten dioten bere buruari, baina badakigu lehen aldia dela halakorik egiten dena, edo halakorik egiten dena euskaraz. Euskaraz egitea ere, balore bihurtzen baita bere horretan; balore eta askotan babesleku. Eta euskaraz izate hutsagatik zerbait askiestea, gure burua gutxiestea da.
Berria ez da derrigor ona; zaharra ere, berez, ez ona, ez txarra ez den bezala. Berriak ez ezik, zaharberrituak ere badu sona azken aldian bazter hauetan. Gure kulturaren izen handiei lekua egin nahian, zazpi aldiz, hamaika aldiz, mila eta bat aldiz, besteak sortutakoari tiraka gabiltza euskal eszenatokietan. Gogoratuz eta goratuz, eta ohoratuz, eta hitzak ahituz pixkanaka eta, akaso, sinesgarritasuna ere bai. Aresti, Laboa, Lete eta abarren merezimenduaz ez da noski zalantzarik batere, baina sintomatikoa da gaurko artista askoren atzeranzko joera hori: doinu berriak letra zaharrekin, gerrako kontuak emankizunetan, bertsio-diskoak... Ezer ez da berri eta orijinalik, ezer ez da hutsetik sortutakoa. Sormena beti da, neurri batean, bertsio, eta perbertsio, eta dibertsio. Eta gurea bezalako kultura batek, transmisioa hain tentuz zaindu behar duenak, espiralean egiten du aurrera. Atzetik bueltan etorriz eta, aldiro, lehen baino pixka bat aurreraxeago eginez. Gurpil bat iraganean eta bestea etorkizunean, eta tartean transmisioaren katea.
Baina azken aldian, ez dakit, ba, ez ote gabiltzan galtza-barrena atzeko pinoietan kateatuta. Gurpil bat iraganean eta bestea etorkizunean duen gure bizikleta honek ez al luke trakzioa aurreko erroberan izan behar?

Interesatzen zaizu



C2
2014-02-19
16236333
00:04:30
5477