Franz Kafka eta Metamorfosia, Pragatik Bilboraino

Ekainaren 9an, Bilbo Zaharra Euskaltegiak "Metamorfosia" irakurtzera gonbidatu nahi du jendea, Bilboko Arriaga Antzokira, Ikasleen Jaia ekimenaren barruan.

Kafkaren brontzezko estatua Pragan

Franz Kafka 1883an jaio zen erdi-mailako familia judu batean, Pragan, Austria-Hungariako inperioan. Inperioko hizkuntza ofiziala alemana zen, herriaren gutxiengo batena, Kafkaren amarena tartean. Aitaren hizkuntza txekiera zen. Alemaniarrak eta txekiarrak borrokan zebiltzan, eta Kafkak borroka horren erdian ikusi zuen beti bere burua, deseroso. Izan ere, alemanek ez zuten guztiz onartzen, judua zelako, eta txekiarrei ez zitzaien ondo iruditzen Kafkak alemanez idaztea. 6 hizkuntza zekizkien Kafkak, bestalde.

Haurtzaro gogorra izan zuen Kafkak. Franzek 6 urte bete baino lehen, bere bi anaiak hil ziren, umetan. Ondoren 3 arreba jaio ziren. Garai gogorra izan zen hori; juduen arazoak ez ziren amaitzen. 1897ko abenduan, Kafkak 14 urte zituela, juduen negozio asko eta milaka etxeren leihoak puskatu zituzten antisemitek Pragan, 5 egunez. Gerra-egoera ezarri zen triskantzaren ondorioz.

Beraz, giro zailean hasi zen Kafka idazten, 1899an. Hori gutxi balitz bezala, handik bi urtera Oskar lehengusua suizidatu egin zen, 17 urterekin. Egoera ikusita, Franz nerabeak pentsatzen zuen: “Egun batetik bestera nire bizitza pikutara joan daiteke”. Hala ere, Zuzenbide-ikasketak hasi zituen eta idazten segitu zuen. Karrera bukatu eta gutxira, Zuzenbidean doktore egin eta aseguru-enpresa batean aritu zen debalde urtebete. Gero goizez hasi zen lanean enpresa berean; gauez idazten zuen.

1910ean bere egunerokoa idazten hasi zen, baina bidaiatzea atsegin zuenez, egindako bidaiez ere idazten zuen: Suitza, Paris, Italia… Bidaia hauek egin ondoren, Epaia narrazioa argitaratu zioten.

 

 

Lehen Mundu Gerra, Kafkaren andregaia, tuberkulosia… 

 

1914an, Kafkak bere andregaiarekin ezkontzeko asmoa zuen, baina tuberkulosiaren lehen sintomak sumatzen hasi zen. Oraindik ez zekiten Kafkaren gaixotasunaren izena, baina, hala ere, ezkontzeko prest zeuden. Lehen Mundu Gerra heldu zen, ordea, eta ezkontza atzeratzea erabaki zuten. Gerrak harremana hautsi zuen une batez, eta Kafkak andregaiaren lagun batekin semea izan zuen, baina lagun horrek Kafkari ezkutatu egin zion aita izan zela. Aurreneko andregaia eta Kafka saiatu ziren harremana berpizten. Alferrik.

 

Gerrak izan zuen beste ondorio bat ere Kafkarengan. Maiz gaixotzen zenez, ez zioten deitu soldadu joateko, baina bai bere koinatu bati. Koinatua enpresaria zen, eta Kafkak hartu zuen enpresaren ardura.

 

Handik gutxira Metamorfosia argitaratu zuen. Liburuan gizon bat ageri da, berak dakar etxera soldata, etxeko soldata bakarra, baina intsektu bihurtzen da gizona eta familiak baztertu egiten du. Hauxe da narrazioa interpretatzeko modu bat, hau da, familiaren esker txarra ikusten dute Metamorfosian. Eta interpretazio hori egiten dute, besteak beste, Kafka ez zelako ondo konpontzen bere aita zorrotzarekin.

 

Zenbait literatura-adituk, ordea, Metamorfosia, intsektuaren istorio absurdoa, Kafkaren osasunarekin lotzen dute. Liburua argitaratu zuenean tuberkulosiaren lehen arrastoak bazituen, baina gaitza gero diagnostikatu zioten, 1917an. Europako toki askotara joan zen Kafka sendatzeko, begetariano ere egin zen... Gaixotasunak ordu asko kentzen zion idazteko.

Hala ere, 1919an, 103 orrialdeko eskutitza idatzi zuen aitarentzat, bere sentimenduak adieraziz, baina amari eman zion eskutitza eta aitak ez zuen sekula jaso.

Azkenean, eskutitza erretzeko eskatu zion Kafkak lagun min bati: bera hil eta gero, argitaratu gabeko lan guztiak erretzeko, eskutitza barne. Eskaera hori 1922an egin zion. Urte horretan bertan tuberkulosiak aseguru-enpresatik jubilatzera behartu zuen. Gaixotasuna sendatzera joandako toki batean neska bat ezagutu zuen; maitemindu ziren. 1924an ezkondu behar zuten, baina andregaiaren aitak ezkontza zapuztu zuen. Andregaia Kafkaren ohe-ondoan zegoen idazlea hil zenean, 1924ko uztailean.

 

Metamorfosia irakurtzen Arriaga Antzokian

Hil eta urte askotara argitaratu ziren Kafkaren lan ugari, aitari egindako eskutitza tartean, lagun minak ez zuelako Kafkaren desioa bete, eskutitza erretzea. Prozesua eta Gaztelua obrak ere idazlea hil ondoren kaleratu ziren. Metamorfosia liburuaren ospea ere asko handitu zen Kafka hil ostean. Adibidez, Gabriel Marquez idazleak esan zuen Metamorfosia dela Latinoamerikako literatura gehien eragin duen obretako bat. Eta, gaur egun, egoera bat absurdoa denean, “kafkianoa” dela esaten da. Hori ere utzi digu, beraz.

2014an Pragan Kafkaren burua izeneko eskultura mugikorra inauguratu zen. Eta 2016an, gurean, Metamorfosia berrargitaratu zen, oraingoan Anton Garikano itzultzaileari esker.

 

2016ko ekainaren 9an, Bilbo Zaharra Euskaltegiak, euskarazko itzultzaileen alde eginez, Bilboko Arriaga Antzokira Metamorfosia irakurtzera gonbidatu nahi du jendea, Ikasleen Jaia ekimenaren barruan. 

 

Denborazko testu-antolatzaileak

Ohiko egiturak eta kokapenak

 


B1
2016-05-16
16241901
4150