James Joyce, Ulises baino gehiago

James Joyce idazlea 1882ko otsailaren 2an jaio zen Dublinen, oso familia katolikoan, eta 1941eko urtarrilaren 13an hil zen Zurichen. Berriki idazlearen bizitza atera du Astiberri argitaletxeak: euskarazko komikia. Eta 2015ean, Ulises, Joyceren lanik mardulena, euskaratu zuen Xabier Olarrak.

 

Kondairak dio, itzultzaileak salbu, inork ez duela Ulises, 1.000 orrialde inguru, osorik irakurri. Egia edo gezurra, zer da Ulises, eta batez ere, nor zen James Joyce?


Joyceren ama, Ulises liburuko Dedalus andrea bezala, 15 aldiz geratu zen haurdun, baina Joycek 9 anai-arreba izan zituen. Jesuitekin ikasi zuen; ikasle bikaina izan zen, matematiketan salbu. Eskola utzi zuen  4 urte pasatu eta gero, aitak ez zekielako dirua aurrezten eta gehitxo edaten zuelako. Etxe eta eskola merkeagoetara joan behar izan zuen mutikoak.


  

 

 

 

Irakurlea,  edalea, tenorra…
Maiz, eskolan hainbat sari irabazi zituen Joycek, eta lortutako diru horrekin arropa-eta erosten zien senideei. Frantsesez eta ingelesez asko irakurtzen zuen. Norvegiera ere ikasi omen zuen Ibsen idazlea norvegieraz irakurtzeko. Bestalde, esan behar da oso gazte bakartia zela.

 

 

 1902an, 20 urterekin, Parisa joan zen medikuntza ikastera, baina Dublinen miseria gorrian zeukan familia eta itzuli egin zen. Sasoi hartan jada bazuen aitaren akats bat: gehiegi edatea. 1903an ama hil zitzaion. Lur jota, besteak beste, bere tenor-ahots ederraz lortzen zuen diru apur bat.

1904an Dublindarrak idazten hasi eta Nora andregaia ezagutu zuen. Bien arteko lehen enkontrua ekainaren 16an izan omen zen, eta Ulises osoa egun bakar horretantxe gertatzen da. Gurasoei esan gabe, biak Suitzara joan ziren lana eskaini ziotelako Joyceri, baina azkenean Triesten lortu zuen ingeles-irakasle izatea, Italian. 1905an lehen semea izan zuten.

 

Sasoi horretan, Joycek Stanislaus anaiari Triestera joateko esan zion lan-aukera hobeak zeudela eta. Elkarrekin bizi izan ziren, baina harremana oso zaila izan zen: Joycek anaiaren dirua edarian xahutzen zuen. 1907an alaba jaio zen, Lucia, eta idazlearen glaukomaren lehen sintomak ere garai horretakoak dira.

1909an emaztea Italian utzi eta Dublinera joan zen semearekin aita bisitatu eta Dublindarrak argitaratzeko asmoarekin.

 

Xabier Olarra itzultzailea Dublinen, Joyceren eskultura baten ondoan.

 

Nora eta Joyce Italian
Urrutiko maitasunari eusteko, Norak eta Joycek gutun erotiko pornografikoak idazten zizkioten elkarri. Biak ziren jeloskorrak. Horietako gutun batengatik norbaitek 445.000 dolar ordaindu izan ditu, baina gehienak erreak izan ziren. Norari iluna iruditzen zitzaion senarraren literatura, oso ulergaitza. Nahiago zuen senarra abeslari aritzea eta, bestalde, zinema zuen oso gustuko. Horregatik, Joyce saiatu zen zinema-areto bat martxan jartzen Triesten, baina ez zuen lortu. 


1912an funtzionario-azterketa bat gainditu zuen, baina Italiako burokraziak bertan behera utzi zuen, Joyce atzerritarra zelako. Dublinen arazoak zituen Dublindarrak argitaratzeko, bertan pertsonaia bat homosexuala zela iradokitzen zelako. Garai hartako Irlanda katolikoan ez da harritzekoa. Azkenean, 1914an argitaratu zen, Lehen Mundu Gerra hurbil zela. Gerrak asko gutxitu zuen Dublindarren salmenta. 1915an Suitza neutralean zen Joyce familia. Idazleak The Egoist aldizkarian idazten zuen, eta bertako editoreari eta beste lagun batzuei esker lortu zuen aurrera egitea. 1916an, AEBetan argitaratzen hastearekin batera, bere ekonomiak hobera egin zuen. Ezkutuko mezenas bat ere bazuen, andre bat; Zurichen beste mezenas batek 1.000 franko ematen zizkion hilero, eta Joyce antzerki-ekoizle egin zen. Festarik festa zebilen, edan eta edan, baina itsu geratzen ari zen, eta Nora haserre, ez zuelako Ulises bukatzen; zatika argitaratzen zuen, Little Review aldizkarian.


Zurichen lurperatuta
Bere lan batzuk frantsesera itzuli nahi zituztelako, astebeterako Parisa joan zen, eta astea 20 urte bihurtu zen. Liburuzain paristar batek argitaratu zion Ulises ingelesez; liburuan klase ertaineko hiru dublindarren bizitza kontatzen da. Askorentzat maisulana den arren, lan zail hori ulertzeko gidak ere argitaratu izan dituzte, oso idazketa-estilo desberdinak uztartzen dituelako, eta hizkuntzarekin esperimentu asko egiten dituelako nobelan. Estatua eta Eliza gupidarik gabe zigortzen ditu idazleak.

 

Idazlearen hilobia Zurichen

 

Ulises argitaratuta, bazituen bi egiteko garrantzitsu Joycek: begietako operazioak eta Lucia, bere alaba eskizofrenikoa, zaintzea. Aita-alabek milaka gutun idatzi zizkioten elkarri, baina guztiak erre zituen Joyceren oinorde batek. Azken lana lagun batzuen laguntzari esker argitaratu zuen; izan ere, ia guztiz itsu zegoen ordurako.


1940an, naziak Frantzian sartu zirenean, Suitzara ihes egin zuten Joycetarrek. 1941ean peritonitisak eraman zuen betiko. Zurichen dago lurperatuta, Irlandako gobernuak ez ziolako baimenik eman Norari gorpua Irlandara eramateko.
 


B1
2016-02-08
16138529
4805