David Bowie hil da

Azken diskoa atera eta handik bi egunera, minbiziaren kontrako borrokan urte eta erdi eman ondoren.

David Jones 1947ko urtarrilaren 8an jaio zen, Brixtonen (Londres). Oso gaztea zela, ukelelea eta baxua jotzen hasi zen lagun artean, diotenez, aitaren zaletasunak eraginda, honek musika estatubatuarra asko maite baitzuen, besteak beste, Chuck Berry, Fats Domino, Elvis Presley, Little Richard…


Garai hartan, Bromley Technical High School-en musika eta diseinua ikasten hasi zen. Bere anaiordearen bitartez, jazz klasikoaren munduarekin zaletu eta amak plastikozko saxofoi bat erosi zion 1961ean.


1962an, neska baten gorabeheraren batengatik, bere lagun George Underwood-ekin borroka egin eta kolpe txar bat jaso zuen ezkerreko begian. Horrek lau hilabeteko ospitalizazioa eta hainbat operazio ekarri zizkion, eta, hala ere, ez zuten lortu erabat sendatzerik; begiko ninia handituta gelditu zitzaion betiko, eta, geroztik, bi begiak kolore ezberdinekoak zituela ematen zuen. Arazoak arazo, Underwood-ek bere lagun izaten jarraitu zuen –lehenengo diskoetako azalak diseinatu ere egin zituen–, eta begikoa bere ezaugarri bihurtu zen.


Bere lehen eta azken diskoak.

Hamabost urterekin lehenengo banda sortu zuen, The Konrads, Underwood ere tartean zela, eta bilera eta ezkontzetan hasi ziren jotzen. Hurrengo urtean, gurasoei kontatu zienean eskola utzi eta pop-izar izan nahi zuela, amak elektrizista-lanpostua aurkitu zion berehala.

Taldekideek bestelako asmo berezirik ez zeukatela ikusita, The Konrads utzi eta beste talde batzuekin jotzen hasi zen. 1966an izena aldatu zuen, bazegoelako beste David Jones bat Monkees taldean.


Aurretik hainbat lan argitaratu bazituen ere, Space Oddity izenekoarekin iritsi zitzaion arrakasta, Kubrick-en 2001 filmean oinarrituta, 1969an, gizakia Ilargira iritsi eta urtebetera.


70etan arrakasta handia lortu zuen. Beti muturreko joerak erakutsita, era askotako musika-estiloak landu zituen, eta beti zekien noiz eta non egon behar zuen bere izaera kamaleonikoarekin publikoa erakartzeko. Beti berritzaile agertu zen, nahiz eta berritu baino gehiago zubi-lanak egiten zituen, abangoardiak publikoari hurbiltzeko. Garai horretakoak dira Hunky Dory (1971), The Rise and Fall of Ziggy Stardust and Spiders from Mars (1972) eta Heroes (1977). 

Beti jakin zuen irudiari etekina ateratzen.

Beti polemikoa, drogak, sexua, lana eta beste dieta bitxien mende, bere famak gora egiten jarraitu zuen, zinean egindako lanak lagunduta: The Man Who Fell to Earth (1976), Merry Christmas, Mr Lawrence (1983), Labyrinth (1986). Broadway-n ere lan egin zuen, The Elephant Man antzezlanean, esaterako.

Bolada lasai baten ondoren, 1983an goia jo zuen berriro Let's Dance lanarekin, eta “Duke Zuria” goitizena jarri zioten, bere emanaldietan erabiltzen zituen jantzi eta ile oxigenatuarengatik.

2003an Reality argitaratu zuen, eta hurrengo urtean, Reality Tour egiten ari zela, bularrean mina sentitu eta angioplastia bat egin behar izan zioten Hanburgoko ospitale batean. Bira bertan behera gelditu zen.

2004an, Rolling Stone aldizkariak 39. postuan jarri zuen bere “inoizko 100 rock artistarik garrantzitsuenak” izeneko zerrendan, eta 23. postuan abeslarien artean. 2006ko otsailean Grammy bat lortu zuen, bizitza osoko lanarengatik.
2013ko urtarrilaren 8an, 66 urte betetzen zituen egunean, The Next Day izeneko diskoa atera zuen, eta urteko salduena izan zen hamaika herrialdetan.

Bowie bi aldiz ezkondu zen. Lehenengoa, Mary Angela Barnett-ekin (Angie Bowie, askorentzat), eta seme bat izan zuten: Zowie Bowie, Duncan Jones izenarekin ezaguna den zine-zuzendaria. Bigarrena, Iman izeneko modelo somaliar-amerikarrarekin, eta 2000. urtean jaiotako alaba bat daukate: Alexandria "Lexi" Zahra Jones.

1972an egindako elkarrizketa batean homosexuala zela adierazi zuen, nahiz eta geroagoko beste batean atzera egin eta bisexuala zela esan. Adierazpen horiek denek sortutako zurrunbiloa ederki baliatu zuen ondo saltzeko bere hurrengo albuma: Ziggy Stardust, askoren ustez bere albumik onenetakoa. Bere lehenengo emazteak, Angiek, Mick Jagger-ekin harreman sexualak izan zituela adierazi zuen, baina haren emazte Bianca-rekin ere lotu izan dute, eta baita beste askorekin ere: Susan Sarandon, Tina Turner, Nina Simone…

David Bowie 2016ko urtarrilaren 10ean hil zen, hilaren 8an, bere urtebetetze-egunean bere azken lana, Blackstar, argitaratu ondoren.

HIZTEGI LAGUNGARRIA.

Aitaren zaletasunak eraginda. Aitaren zaletasunarengatik gazterik hasi zen musika jotzen.
Bere anaiordearen bitartez.
Bere anaiordearen bidez, jazz klasikora zaletu zen.
Neska baten gorabeheraren batengatik.
Neska baten inguruan sortutako arazo batengatik.
Kolpe txar bat jaso zuen.
Kolpe txar bat eman zion lagunak ezkerreko begian.
Arazoak arazo.
Arazoak alde batera utzita.
Asmo berezirik.
Taldekideek helburu berezirik ez zuten.
Beti muturreko joerak erakutsita.
Beti muturreko bideak hartuta lortu zuen arrakasta musikan.
Goia jo zuen berriro.
Arrakasta lortu zuen berriro.
“Duke Zuria” goitizena jarri zioten.
“Duke Zuria” ezizena ipini zioten lanean erabiltzen zituen ile-motagatik eta jantziengatik.
Bira bertan behera gelditu zen.
Bira eten egin zuten.
Atzera egin.
Aurretik esandakoa ezeztatu edo aldatu zuen.
Zurrunbiloa ederki baliatu zuen.
Sortutako egoerari etekina ateratzen jakin zuen.


B1
2016-01-12
16238632
5168