Apustuzalea zara? Zenbat diru jokatzera ausartuko zinateke?

Jokorako grina euskaldunon nortasunaren parte omen da. Zurea ere bai? Agian oraindik ez zara berezko grinaz jabetu…

Joan zaitez pilota-partida batera, idi-dema edo aizkora-apustuetara. Desafio baten lekuko izan zaitez. Arraunean, aizkoran, korrika, pilotan, segan, harriak jasotzen… ziur apusturako grina sortuko zaizula.

Idiek 1.500 kiloko harria arrastaka daramaten bitartean, ikusleen oihuak entzun. Harriaren soinua lurraren kontra, artekarien apustuak, zure ondokoaren hasperenak jokatutako dirua galtzera doala sentitzen duenean. Hor dago apustuaren koska. Dena irabazi edo dena galdu. Ez da tentagarria? Jokoa dirurik gabe zer da ba? Eta gure herri-kirolak apusturik gabe?

Apustuak egiteko makinak gero eta taberna gehiagotan daude.

Euskal herritarrok apustuzaleak gara. Aspalditik dugu jokorako zaletasuna eta oraindik ere gure herrietako plazetan horrelako zitak ohikoak izaten dira, baina, hala ere, apusturako bide berriak sortzen dira: Internet bidezkoak, tabernetako makinetakoak… Hainbat modu ditugu orain apustua egiteko.

Retabet bezalako apustu-enpresek egunean 400.000 euro fakturatzen dituzte eta, Jokoa Kudeatzeko Zentroak 2015ean emandako datuen arabera, 2015ean apustuak % 5 igo dira. Gainera, apustu guztien % 70 omen dira kirol-apustuak. Sarean, 360.000 lagun daude Internet bidezko apustu-etxeetan izena emanda, eta aurten 4 milioi euro jokatu omen dira. Duela hiru urte baino 1,3 miloi gehiago, hain zuzen. Beraz, urtez urte apusturako joera handitzen doa.

Euskaldunon apustuen jatorria ezagutzeko asmoz, Tomas Armendarizengana jo dugu. Tomas Elduaienen jaio den arren, herri-kirolen apustuen sorleku nagusietako baten jabea da: Tolosako Kantabriko taberna. Hamaika apusturen eta xelebrekeriaren lekuko izan da Tomas 40 urtean.

Tomas Armendariz apustu eder, ero, xelebre eta handiren testigu izan da 40 urtean.

“Irekiz geroztik egin dira hemen apustuak. Ohitura handia dago apustugileak gurean biltzeko.  Urtean bitan elkartzen dira, goiz-goizetik gosaldu eta, bitarte horretan, elkarri desafioak proposatzen dizkiote: pilotan, aizkoran, segan, harria jasotzen, korrika… horrelakoak”, azaldu digu Tomasek.

Bi eratako apustuak egiten dira Kantabrikon. Batetik, lehia jokatuko dutenen arteko apustua. Esaterako, Olasagastiren eta Larretxearen arteko aizkora-apustua. Jokoa, egur-mota, epaileak, zenbat diru jokatuko duten... erabakitzen dute. Ondoren, nondik norako denak forma legalean idazten dituzte.

Apustu horien inguruan lagun asko biltzen dira, eta baten edo bestearen aldeko apustuak egiten dira gero. “Eman dezagun, desafioa eginda dagoela eta guk Larretxearen alde 100 euro jokatu nahi ditugula. Orduan, orri batean formalizatu eta 100 euro utziko ditugu bertan, baina, jokatu ahal izateko, apustu hori besteren batek hartu behar du. Gisa horretan, 200 euro egongo dira jokoan. Irabazleak 200 euro poltsikoratuko ditu (100 berak jarritakoak eta 100 apustua hartu dionarenak) eta galtzaileak 100 euro galduko ditu”, gisa horretan jokatzen dira apustuak Kantabriko tabernan.

Ezinbesteko baldintza du Armendarizek apustua formalizatzeko orduan, dirua mahai gainean egotea. Inoiz ezusteko bat gertatu zaiola kontatu digu Tomasek: “Izan nuen behin 12.000 euroko apustua egin, banketxeko txekea eman eta dirurik ez zuen baten kasu bat. Orduan, erantzulea ni naizenez, aspaldi ikasi nuen dirua aurretik eskatu behar zela”.

Mahai gainean dirurik ez badago, Armendarizek ez du apusturik kudeatzen.

Tomasek apustua euskaldunon erro zahar gisa ulertzen du, nondik gatozen agertzen duena eta gure nortasunaren parte dena. Horregatik, izaerari eusteko, tabernak jarraitzen du izaten apustuak egiteko lekua. Ez du apustuetako komisiorik jasotzen, baina gustura aritzen da saltsaren erdian.

“Lehen, urte haietan, ez zen futbolik, ez saskibaloirik, ez horrelako kirolik. Mutil koxkorrak ginenean, pilotan pasatzen genuen egun guztia eta batak besteari apustuak egiten genizkion. Bestetik, idi-apustuetara ere goldearekin joaten ginen eta “gure idia hirea baino indartsuagoa duk” esaten ibiltzen ginen, elkarri tentatzen. Hori zen gure bizimoduan harremana eta jokoa uztartzeko modua”.

Lehen apustuak nola egiten ziren erakutsi digu.

Hamaika apusturen testigu izan da Tomas, eta baditu zenbait gogoan: “Behin, arditan ibiltzen zen mutil bat etorri zen eta ardien inguruko apustua egin zuen. Egun batzuk beranduago tabernara itzuli zen berak botatako apustua nork hartu zuen galdezka. Hasiera batean ez niola esango pentsatu banuen ere, gero esan egin nion: “Esango diat nork hartu duen apustua. Merezi duk eta jakitea nor den… Hire aita duk hire apustuan arerio”. Zur eta lur gelditu zen. Badirudi aitak eta biek ardiak ukuilu berean izaten zituztela, baina semeak bere ardiei bakarrik ematen ziela jaten. Aitak ere ez zekien semeak jarritakoa zela apustua, eta hartu nahi zuela esan zuenean gustura aski eman nion nik”.

GAUR EGUNGO APUSTUBIDE BERRIAK
Azken urteetan, apustua egiteko moduak aldatzen ari dira, eta Tomasek makina horietako bat jarri du Kantabriko tabernan. Tomasen hitzetan, ez dute lehengokoarekin zerikusirik: "Zeharo desberdinak dira, baina, tira, egungo egoerara egokitu behar dela-eta, makina jarri dugu azkenean”. Makina jarriz geroztik, zur eta lur dago zenbat jendek jokatzen duen ikusita: “Makina horretan 60.000 eurorainoko fakturazioa izan da hilabeteren batean eta normalean, 30.000-40.000 euro bitartekoa izaten da. Ikaragarria da gisa horretan jendeak zenbat diru jokatzen duen”.

Hala eta guztiz ere, betiko apustuak askoz nahiago ditu Armendarizek: “Kantitate txikiak jokatzen dira, baina apustu asko egiten dira. Hala ere, makinetan gol-kontuekin ibiltzen dira, 60. minutuan egingo duela Messik gola, Ronaldok 44. minutuan… horrelakoak. Askoz giro hotzagoko apustuak dira horiek. Lehengo apustu zaharrek giro gozoa izaten dute, elkarrekin gosaldu, elkarrizketak izan, apustuan lehiatu, familian egun ederra pasatu… Askoz ere giro hobea du betiko apustu-ereduak niretzat”.

Eta zuk jokatu duzu inoiz apusturik? Ezagutzen duzu inor apustuetan ibiltzen dena? Makinetan edo tabernako ohitura zaharrean, zein duzu nahiago?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

NOLA EGITEN DA APUSTU TRADIZIONAL BAT?
Egun bat jartzen dute seinalatuta bilera bat egiteko, eta hemen biltzen dira, ez? Eta, orduan, ordu bat jartzen dute, igual, 8tatik 9tara edo 7tatik 8tara, eta bi elkarte bat etortzen direnean, ba orduan jartzen dituzte mahaien gainean bere zeha batzuk, kondizioak, jokoa egiteko. Eta bi aldetatik baldin badaude konforme bezala, konforme, orduan joaten da paper batean dokumentu bat egiten da eta dokumentu horrekin gelditzen da joko hori seilatuta. Gero hortik aurrera eskatzen dira permisoak Gobierno Vascon, Udaletxean, eta haien autorizazioarekin martxan jartzen da joko hori. Eta, gainera, egun horretan bertan botatzen da diru seinale bat, lehengo eran bezala, eta gero beste egun batzuk jartzen dira diru hori konpletatzeko.

ZEIN ALDE DAGO BETIKO APUSTUETATIK MAKINETAN EGITEN DIRENETARA?
Niretzako, herri-kiroleko jokoek makinekin ez dute ezer ez ikusirik. Herri-kirolen jokoa da Euskal Herriko zain bat, zain bat datorrena bere kulturarekin, bere historiarekin batera dator euskaldunekin eta orduan  egun horretan hemen jokoa egiten denean, apustua egiten denean biltzen dena da euskaldun euskaldunak, gure kultura hori. Eta makinakoa da, hotzagoa da futbola-kontuekin, balonzesto-kontuekin, Messik gola sartu ahal duen, Cristiano sartu ahal duen… gauza desberdina da, ezer ez ikusirik ez dauka.

ZEIN DA GOGOAN DUZUN APUSTURIK XELEBREENA?
Bueno, pilota-final batean, finala zen, semifinala zen jokatu zuen Lajosek eta, Lajosek berriz, Belokik eta Santik, riojanoak, Beloki zen oso faboritoa jokatu zuen igual 3.000 euro 500 eurori eta Santik irabazi zion partidua 22-19. Egon zen Beloki irabazten 19 eta 14 eta Labriten hortxe gelditu zen. Joko hori berak eraman egin zuen, Santi horrek. Hori izan izan zen sorpresa handi bat. Eta hemen herri-kirolen gainean, ba bueno, hemen aizkora-apustuen gainean batzuk izan dira. Azkeneko jokoetan, Jose Mari Olasagastik irabazi zuena golpe batengatik, hor Rekondorekin, hori izan zen pum pum eta Jose Marik berak pentsatzen zuen ez zuela irabazi, baina irabazi egin zuen, golpe bat bakarra nahikoa izan zen etxera eramateko horko zera hori, txapel hori.

B1
2016-01-07
  • Zinea Sortzen
16238444
7422