Txakurrak gehiegi mimatzen ditugu?

Txakurrik badaukazu? Badakizu webguneak daudela zure maskotarekin dituzun arazoetan laguntzeko?

Askotan entzun dugu txakurrek jabearen antza dutela. Antzekoak izan ala ez, animalia bat etxean izateak hainbat ardura ekarriko dizkio jabeari, eta zaindu egin beharko du, noski.

Bestalde, animalia hauek hainbat lanetarako ere erabiltzen dira: etxeak zaintzeko, artzaintzarako laguntzaile bezala, ehizan, itsuak gidatzeko, drogen kontrolak egiteko… Hala ere, gaur egun, jabeei euren laguntasuna ematea da zeregina txakur gehienentzat. Familia askotan kide bat gehiago dira, eta asko zaintzen dituzte.

Etxean dugun animalia hori mimatzeko aukera asko ditugu: ile-apaindegira eramatea, tratamendu bereziak egitea, arropa panpoxoa janztea… Baina ez hori bakarrik, aukera berri bat topatu dugu: txakurren pintxo-poteoa. Ezagutzen duzu?

AUKERA BEREZIA
Duela bi urte hasi ziren Donostiako Gros auzoko Zoo-Can dendan txakurrei zuzendutako pintxo-poteoa egiten. “Ostegunetan, pertsonen pintxo-poteora eramaten zituzten txakurrak, eta, bertan, guretzat egindako janaria ematen zieten. Hori ez da osasuntsua animalientzat; beraz, aukera berri hau eskaintzea erabaki genuen”, kontatu digu Sonia Quintas (Donostia, 1978) dendariak.

Mikel Blanco (bere familiarekin), Naiara Zubimendi eta Sonia Quintas.

Poltsatxo batzuk eskaintzen dituzte: edateko arrain-saltsa berezi bat eta jateko hainbat gailetatxo. “Saltsa horrek azala hobetzen laguntzen die. Pintxo-poteoaren prezioa 1,95 eurokoa da”, adierazi digu. Jendearen erantzuna bikaina izaten ari da, dendariaren iritziz: “Auzokoak bakarrik ez, beste zonaldeetatik eta inguruko herrietatik ere etortzen da jendea”.

Naiara Zubimendik normalean ez du 14 urteko Kika txakurra eramaten. “Nire lagun asko etortzen dira beraien txakurrekin”, adierazi digu. Mikel Blancok, berriz, 11 urteko Tsunami eramaten du: “Neurea lasai asko ibiltzen da”. Biek txakurra asko mimatzen dutela aitortu digute eta beraientzat familiako kide bat gehiago dela. “Nik hezurrak ematen dizkiot eta ile-apaindegira eramaten dut. Niretzat ume bat bezalakoa da”, esan digu Naiarak. Mikel begetarianoa da, baina bere txakurra ez: “Tsunamiri txerriaren belarria asko gustatzen zaio”.

 

Nagore Cruceta, Dog Vivant enpresako langilea da.

NORA JOANGO GARA?
Txakurren jabeek, askotan, ez dakite nora joan daitezkeen euren animalia hartuta eta informazioa behar izaten dute. Non egingo dugu lo? Non afalduko dugu? Zein hondartzatara joan gaitezke? Horri guztiari erantzuna emateko sortu zen “Dog Vivant” webgunea. “Duela urte eta erdi sortu genuen, txakurra daukan jendeak informazioa eskura izateko”, azaldu digu Nagore Crucetak (Bilbo, 1973). Bere lana zerrendan sartzeko hautagaiekin hitz egitea da eta berak ere bi txakur ditu: 8 urteko Blas eta 12ko Pili. 
 

Guztira 550 establezimendu inguru biltzen ditu atariak: ostatuak, tabernak, txakurrekin lotutako negozioak, ibilbideak… “Normalean bakoitzak badaki bere herrian nora joan, baina hortik kanpo, zer egin? Horretan lagundu nahi dugu”, gehitu du. Zerrendan euren negozioa jartzeko, hainbat baldintza bete behar ditu interesatuak: “Ostatuen kasuan, adibidez, bezeroaren logela berean lo egiteko aukera eskaini behar zaio txakurrari. Argazkiak eta informazioa eskatzen dizkiegu gure webgunean fitxa bat betetzeko. Gainera, webgunean agertzeagatik tarifa bat ordaindu beharko dute”.

Ez omen da zaila Euskal Herrian horrelako lekuak topatzea: “Beste probintzia batzuetan baino aukera zabalagoa dugu. Izan ere, gero eta txakur gehiago ditugu geure artean; azken urteetan kopurua handitu egin da”.
Zuk ere horrela dela uste duzu? Zergatik handitu da, zure ustez? Gehiegi mimatzen al ditugu animaliak?

 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1. Zer iruditzen zaizu txakurren pintxo-poteoa?
NAIARA ZUBIMENDI: Ondo iruditzen zait, baina ez naiz etortzen. Baina badaukat (badauzkat) lagunak eta etortzen dira.
MIKEL BLANCO: Bueno, gu bizi ga (gara) hor bertan, kale bertan, eta orduan pintxo-poteo ostegunero egoten gara. Holan (horrela) jendearekin egoten da eta lasai asko ibilten (ibiltzen) da, neurea gitxienez (gutxienez).

2. Zer gustatzen zaio zure txakurrari?

NAIARA: hondartzara joatea, mendira joatea… Dena dena.
MIKEL: Hondartzara joatea.

3. Asko zaintzen duzu? Zer ematen dizu zuri txakurrak?
NAIARA: Bai, asko zaintzen dut. Bai, hezurrak, ileapaindegira joaten gara… Dena, dena, nire familia bezala da.
MIKEL: Ni begetarianoa naiz, baina asko gustatzen zaio txerrien belarria. Jo, maitasun asko, azkenean familiako bat da. Osea beste bat da.

4. Zer egiten duzue zuen enpresan?
NAGORE CRUCETA: Sortu zen duela urte eta erdi, gutxi gorabehera. Eta asmoa, txakurra daukagun jendearentzat informazioa edukitzea. Normalean zaila da edo ez da hain erraza, asteburu batean plan bat egin nahi baduzu zure txakurrarekin, nonbait bilatu behar duzu informazioa, ez? Nora joan zaitezke lo egitera? Edo afaltzera? Edo bazkaltzera? Edo bueltatxo bat ematera? Hondartzak baldin badaude txakurrekin joateko hondartzak… Eta orduan hor daukagu, saiatzen ari gara informazioa jartzea (jartzen) hor.

5. Orain lehen baino txakur gehiago ditugu? Zer aldatu da?
NAGORE: Nik uste dut lehen ikusten genuela txakurrak ikusten genituela, ba hori, gehiago igual baserrian edo lan egiteko txakurrak, ez? Eta orain, pixkanaka pixkanaka bueno zuk bueltatxo bat ematen baduzu hortik ikusi dezakezu daudela txakurrak pila bat… Eta gero eta gehiago, nik uste dut.

6. Euskal Herrian establezimenduak topatzea erraza da?
NAGORE: Nik esan dezakedana da Euskal Herrian pixkanaka pixkanaka zabaltzen ari garela, hori, aukera gehiago dauzkagula. Igual beste probintziatan, igual kanpotik ikusten duzu, badaude probintziak oso zaila da lekuak aurkitzea. Baina hemen, pixkanaka-pixkanaka zabaltzen ari gara burua, ez? Edo ez dakit.

B2
2017-10-06
16175852
00:03:30
9474