Bernardo Estornes Lasa: « Niri Eskerrik asko esaten zidatenean, ez nekien nola erantzun »

Euskal idazle eta kulturagilea Izaban jaio zen (Nafarroa) 1907ko maiatzaren 11n eta Donostian hil, 1999ko abuztuaren 10ean.

Bernardo Estornes Lasa, Biarnoko Areta (Arette) herriko abizena lehenengoa, birraitona hangoa baitzuen -Aretan euskaraz egiten zuten batzuek mende honen hasieran ere-; Lasa, berriz, Baigorri bailarakoa. Pirinioetako mugak, beraz, ez zuen eragin handirik hango bizilagunen joan-etorrietan.

Bernardo 1907an jaio zen, gurasoak Izaban finkatuta zeudenean. Nahikoa eroso bizi ziren dendak ematen zienarekin: «Denda entziklopedikoa - entziklopedia hitza oso errotua du- zen. Tabako eta ardo botilatua izan ezik, denetik saltzen zuten: ume jaio berrientzako arropetatik hasi eta gorpua biltzeko oihalak ere bai, eta altzariak, oinetakoak, zaldientzako tresneria...zer ez?».

Eskolako gogorapen gozorik ez du. Ia egunero paretari begira zigortuta egon beharrak ez zion onik egiten. Beste umeak ez zituen nonbait bakean uzten, bihurri samarra agian. Maisuaren eta aitaren elkarrenganako ezin ikusiak eraginik ba ote zuen susmoa du, hala ere, Bernardok.

«Izaban, sendiarekin»

Euskara liburuetan ikasi

Izaban garai hartan askok egiten zuten euskaraz; Estornestarrenean, ordea, galdua zen ordurako. Amak eta izebak ulertu ulertzen zuten, baina mintzatu ez. Hurrengo belaunaldiak, Bernardorenak, ezta ulertu ere. Horrela eten zen euskararen katea. Geroago bere kasa ikasi behar izan zuen, Zaragozara bizitzera joan zirenean. Lersundi eta Arrigarairen gramatikak erabili zituela dio, baina biek akats bera omen zuten: «Konplimenduak eta beste gauza asko ezin ikasi han. Niri Eskerrik asko esaten zidatenean, ez nekien nola erantzun. Horrelako gauzak ez zeuden gramatiketan, belarriak erne ibili behar horrelako gauzak ikasteko. Eta, zoritxarrez, hizkuntzetarako belarri onik ez dut izan. Frantsesa, ingelesa eta alemana ere ikasi nituen nik, baina idazteko eta irakurtzeko bakarrik. Eta euskararekin ere beste hainbeste gertatu zitzaidan». Hala ere, hurrengo belaunaldiak, Idoia Estornes alabak, esaterako, ikasi du euskaraz egiten.

Zaragozan perito mercantil eta profesor mercantil ikasketak bukatu -ohorezko matrikula dezente jaso zituen-, eta Donostiara doa 1929an. Eusko Ikaskuntzako udako ikastaroetan erakunde horretako idazkariak, Don Anjel de Apraizek, hiru hilabeterako lana eskaini zion, bulego-lanetan aritzeko. Epe horren ondoren, Eusko Ikaskuntzako bulego-buru eta liburuzain izendatu zuten. Hamar-hamabi mila liburu izango ziren gutxienik. Liburuzale honentzat mauka ederra. Kontabilitate-eskola bat ere bazuen garai horretan, Donostian, eta Eusko Ikaskuntzako lana bukatutakoan eskolak ematen zituen bertan. Liburugintzan hasia ordurako, besteak beste, «Sabin euskalduna. Eusko umeei euskaraz irakurtzen erakusteko bigarren liburua» idatzia zuen, ikastoletan erabiltzen zuten «Xabiertxo» liburua agortua zegoelako. Tarteka-marteka libururen bat argitaratzeak asetzen ez zuenez, euskal liburu-bilduma bat sortuko du. Gerra aurretik hogei liburu argitaratu zituen «Zabalkundea» bilduman. Garai hartako kultur gizon ospetsu askoren lanak kaleratu zituen bere anaia Marianorekin batera, Barandiaran eta Campionenak besteak beste. Gerra Zibilarekin topo egin zuten, ordea.

Donostiatik Zarautzera doa bizitzera, Donostian giroa erabat nahasturik baitzegoen. Hasieran aginterik ez zegoela dio, eta lrujorekin hitz egin zuela behin baino gehiagotan horretaz: «orduko anarkistak eta komunistak arriskutsuak ziren. Anarkistek Campionen bi iloba hil nahi zituzten, eta hark laguntza eske dei egin zidan. Nik lrujorekin hitz egiteko esan nion, hark konponduko ziola arazoa». Bitartekaritza horri eskerrak bi ilobak bizirik atera ziren.
 


«Zaragozan, jantzi-lehiaketa batean. Erronkarikoak jantzi genituen guk»

22 urte erbestean

Frankistak Donostiara sartzekoak zirela eta, itsasoz arrantza-ontzi batean Donibane Lohizunera joango da: «Almirante Cerveraren aurretik pasa ginen, eta haiek konturatu ez».Pauera joan zen lehengusina baten etxera. Hamabost eguneko kolpea izango zela uste zuen, berehala itzuliko zela Donostiara. Baina hamabost egunen partez, hogeita bi urte luzetan egon behar izan zuen etxetik kanpora, 1939ra arte Frantzian, eta ondoren Txilen. Ezkondu ere Pauen ezkondu zen Ameriketara abiatu aurretik. Frantziatik ateratzeko gorriak ikusi zituzten.

Txilera ez zen esku hutsik joan. Liburu batzuk eramatea izan zuen behintzat: Azkueren hiztegia eta Frantzian erositako lurringintzari buruzko liburu batzuk, Txilen lanbide hori hartu nahi baitzuen. Eta hasi ere horretan hasi zen. Santiagon etxebizitza bat errentan hartuta, lurrin-laborategia jarri zuten. Gainerako gelak besteri alokatuta, errenta ordaintzeko bazuten behinik behin. Negozio-sena antzematen zaio berehala Bernardo Estornesi. Kolonia-ura egiten zuten eta botikei saldu, Santiagoko judu baten dendan ezik, botiketan bakarrik saltzen baitzen kolonia. Juduak merke saltzen zuen eta, beraz, botikariek baino askoz gehiago. Ezin bezero hura harrapatu, ordea: «Halako , batean, istorio bitxi batekin etorri zitzaidan, errabinoak esan ziola euskaldunak Biblian azaltzen den herri (leinu) galdua ginela. Harrez geroztik, niri erosten zidan kolonia». Beste negozio batean ere hasi zen gero, kristalezko ontzi erabiliak garbitu eta berriz saltzen. Lurringintzak baino etekin handiagoa ematen zuen horrek eta laster utzi zuen koloniarena.

Egunak 24 ordu dituenez, lana bukatu ondoren, bazuen kultur ekintzetarako astia ere. 1941ean «Batasuna» kulturako aldizkaria argitaratzen hasi zen, bera zuzendari. Hurrengo urtean itxi egin zuten aldizkaria, eta berehala Santiagoko euskaldunen hilabetekari batean hasi zen lanean, «Euzkadin».

«Donostian ireki nuen kontabilitate-eskola. Donostian euskaraz eta erdaraz idatzitako lehen errotulua izan zen».
 

Entziklopedia, Bernardoren ametsa, gauzatzear

Urteak poliki joaten dira bizitzan; oroitzapenetan, berriz, abiada bizian ihes egiten dute. l958an gaude. Bernardo Donostiara itzuli da, ezkondua eta lau seme-alabarekin. Joan da gerra aurrean argitaletxea zegoen etxera, Falangek bere egindakoa, eta hantxe zeuden 22 urte lehenago utzitako liburu guztiak, atezainak eta lehengusu karlistak ondo gordetakoak. Anaia Mariano eta biek Auñamendi argitaletxea sortuko dute Franko bizi zela oraindik. Auñamendik Oriamendirekin antz handia zuelako aukeratu zuten argitaletxearen izena, zentsura errazago gainditzeko. Bestelako azpikeriak ere erabili omen zituzten, adibidez, liburuak Madrilera eraman, hango zentsoreak lanez gainezka zebiltzalako. Ez zuten liburu guztiak miatzeko astirik.

Geroztik, 142 liburu argitaratu dituzte Auñamendi bilduman. Lanik aipagarriena zalantzarik gabe, Enciclopedia General del Pais Vasco delakoa. 1969n kaleratu zuen Bernardo Estornesek «Literatura euskérica»-ren lehen alea: «Oteizak esan zuen Mitxelenaren eta Aita Villasanteren euskal literaturari buruzko liburuak irakurrita, ez zekiela nola idazten zuten euskal idazleek. Horregatik sartu nituen idazleen zenbait idazlan-zati entziklopedian, baita beste idazleen iritzi eta iruzkinak ere». Bost liburu bete zituen horrekin. Gero, «Historia General de Euskalerria»ri ekin zion. XIII. mendera artekoa aztertu bazuen ere, zazpi liburuki kaleratu zituen. Jon Bilbao zenak burututako «Eusko-Bibliografia» hamar liburukitan argitara eman dute, ikerketa askoren abiapuntu saihetsezina.

Entziklopedia horren hirugarren atala, ezagunena, hiztegi entziklopedikoa da. 1969an kaleratu zen lehen alea. Oztopo ugari izan dute urte horietan: «Beste argitaletxe batzuek esan izan dute gure entziklopedia ez dela sekula bukatuko, beren lanak errazago saltzeko. Baina guk frogatu dugu hori ez dela horrela». Lapurretak ere izan dira. Batez ere komunikabideak aritu dira langintza itsusi horretan. Entziklopediako idazlanak makina bat aldiz azaldu dira Euskal Herriko komunikabideetan, iturria aipatu gabe. «Mea Culpa» aitortu diogu guk apal-apal, eta Bernardok «Ego te absolvo» eman, iturria behintzat aipatu behar dela gogorarazi ondoren.

Bernardok presarik gabe lan egin du orain arte, baina orain bukatzeko irrikan dago. Bizitza osoko egitasmoa lehenbailehen burututa ikusi nahi du. Gerraren aurreko ametsa mende hau bukatu baino lehenago gauzatua ikusiko ahal du!

HIZTEGI LAGUNGARRIA

ABIZEN.- Deitura. Apellido.
AKATS.- Hutsunea. Defecto.
ALOKATU.- Akuratu, errentan hartu edo jarri.
ALTZARI.- Errediza. Mueble.
ANTZEMAN.- Nabaritu, sumatu.
ASE.- Gogobete. Saciar.
ASTI.- Beta, denbora.
BELAUNALDI.- Generación.
BENETAN.-Zinetan,egiatan. Verdaderamente.
BEZERO.- Parrokianoa. Cliente/a.
BIHARAMUN.- Hurrengo eguna.
BIHURRI.-Travieso/a
BIRRAITONA.- Bisabuelo.
BITARTEKARITZA.- Bitartekari+tza. Mediación.

ERABAT.- Guztiz,zeharo, arras.
ERBESTE.-Atzerria. Aurkakoa: aberri.
EROSO BIZI.- Lasai bizi. Vivir cómodamente.
ERROTU.-Sustraitua. Enraizado/a.
ETEKIN.- Mozkina, probetxua.
GAINDITU.- Goitu. Superar.
GAUZATZEAR.- Bukatzeko zorian. A punto de llevar a cabo.
GOGORAPEN.- Oroitzapena, gomuta. Recuerdo.
GORPU.- Hilotza. Cadáver.
IKUSIKO AHAL DU!.- iOjalá vea!
IRRIKAN EGON.- Biziki desiratzen egon, desioz amorratzen egon.
IRUZKIN.- Comentario.
JOSI.- Bete.
LEINU.- Tribu.
LIBURUKI.- Tomo.
LIBURUZAIN.- Liburu+zain. Liburuak zaintzen dituena. Bibliotecario/a. Era berean: etxezain, atezain, behizain...
LURRINGINTZA.- Lurrin+gintza. Elaboración de perfumes.
MAUKA EDERRA.- Buen chollo.
MIATU.- Arakatu. Escudriñar.
OHORE.- Honor.
OIHAL- Ehuna. Tela.
OINETAKO.- Hanketakoa. Calzada.
OSPETSU.- Ospe+tsu. Famatua, sona handikoa. Era berean: osasuntsu,iletsu, indartsu...
OZTOPO.- Eragozpena, traba.

PASADIZO.- Anécdota.
SAIHETSEZIN.- Saihes(tu)+ezin. Inevitable. Era berean: ahaztezin, ikusezin,esanezin... 
SASOIAN EGON.- Osasuntsu edo indarrean egon. Estar en forma.
TARTEKA-MARTEKA.- Noizbehinka.
 


C1
1995-05-10
16175133
1617