Xabi Zabaleta, Go!azen telesailaren gidoigile eta produktorea

"Nik Norvegiako telesail bat azpititulatuta ikusten badut, zergatik ez du norvegiar batek euskarazko telesail bat azpititulatuta ikusiko?"

Xabi Zabaleta (Donostia, 1977) Pausokako proiektuburua da, baita Go!azen saioko gidoigile eta produktore eragilea ere. Go!azen ETB1eko telesail arrakastatsua da, eta bertan gazte batzuek udalekuetan bizi izandako istorioak kontatzen dituzte. 2008. urtean sortu zen EiTBko film musikal bezala, eta, honen arrakastaren ondorioz, 2010. urtean telesaila ekoitzi zuten. Orain, urteak pasatu ostean, telesaila berreskuratu dute, eta lehenengo denboraldia duela gutxi amaitu da. Pertsonaia berriekin itzuli dira, baina arrakasta izugarria izan da, hala ere: EiTBren ikusle kuota % 1,9 ingurukoa den bitartean, saioak batez beste % 4ko ikusle-kuota lortu du. Gainera, antzerkia egingo dute herriz herri; cd-ak, motxilak eta kamisetak saltzen ari dira, eta orain telesailaren bigarren denboraldia prestatzen ari dira. Gu Pausokako bulegora hurbildu gara Zabaletarekin hitz egitera.

1.    2008. urtean estreinatu zenuten Go!azen film musikala. Nondik sortu zen ideia?
Garai hartan, EiTBn Joselu Blanco zen programen arduraduna, eta berak Jabi Elortegi zuzendariari deitu zion: “Musikalak orain modan daude, High School Musical eta beste hainbat. Euskaraz horrelako zerbait proposatuko zenuke? Denek ezetz esan didate, ezinezkoa dela…”. Orduan, ni Madrilen bizi nintzen, Andaluziako pisukide batekin. Bera musikaria eta gidoigilea da. Jabik deitu zidanean, pisukideari esan nion Txoriak txori abestia hainbat estilotan grabatzeko: rap, sanba... Gure ideia komedia itxurako musikal bat egitea zen… Horretarako, euskal abesti ezagunak moldatuko genituen. Gure sinopsia irakurtzean eta, Txoriak txori abestiaren bertsioa entzutean, EiTBk baiezkoa esan zigun.

2.    Eta lehenengo telesailari amaiera eman ondoren, zergatik bigarrena?
Film musikatua 2009. urteko Errege Egunaren bezperan estreinatu genuen, eta ETB1eko historiako pelikularik ikusiena da oraindik ere. Ondorengo telesailak ere arrakasta izan zuen, eta, amaitzean, guztia YouTuben zintzilikatu genuen. Urte batzuk igarota, jendeak sarean ikusten zuen oraindik ere. Horregatik, ia urtero EiTBri berriro egitea proposatzen genion; azkenean, iaz, baietz esan zuten arte. Guk zalantzak bagenituen ere, babesleek Go!azen marka ezagutzen zuten eta aktoreek ere aurreko edizioa ikusi zuten. Horrek asko erraztu digu lana.

3.    Hainbat aktore aldatzeaz gain, zer gehiago aldatu duzue lehenengotik bigarrenera? Gidoigile gisa ideia berriak edukitzea zaila izaten ari da?
Hasieran, udalekuko gertaerak film batean kontatu behar genituen; formatu horretan errazagoa da tentsioa mantentzea, epe-muga bat dagoelako. Baina, ondoren, 12 ataleko telesaila iritsi zen, eta orain, zortzi urteren ondoren, argi geneukan udalekuak berdin jarraitu behar zuela. Zaila izango da hurrengo denboraldia prestatzea, istorio asko lehenengo denboraldian itxi ditugulako, denboraldi batetik bestera urte bat igaroko delako…  

 4.    Aktoreek euren rola jokatzeaz gain, abestu eta dantzatu egin behar dute. Nolakoa da horretarako jasotzen duten prestakuntza?
Gidoigileok, istorioaz gain, abestia aukeratu behar dugu; musikariek moldatu egin behar dute; aktoreek erreferentziazko ahotsak grabatzen dituzte, errodajean abestia euren ahotsean entzuteko. Ondoren, errodatu egiten da, eta, azkenik, aktoreek euren ahotsa grabatzen dute, entzungo dugun azken bertsiorako. Gainera, errodajean, Karlos Ngema koreografoak aktoreen dantzak zuzentzen ditu. Hamar ordu inguruko lana izaten dute egunero, eta, askotan, etxera itzultzean, koreografiak edo gidoiak ikasi behar izaten dituzte. Uda polita baina gogorra izaten dute.

5.    Telesailak izugarrizko arrakasta du Euskal Herri osoko gaztetxoen artean. Zein dira arrakasta horren gakoak?
Jakingo banu, beti lan egingo nuke modu horretan! (Kar,kar,kar) Alde batetik, ez zegoelako euskarazko produkturik. Gainera, gurasoek haurrek euskaraz kontsumitzea nahi dute, eta gazteek ere euskaraz ikusi nahi dute telebista. Hor gabezia bat zegoen.  Ondoren, gertutasuna: aurretik ikastetxeetara egindako bisitak, Donostian egindako Flashmob-a… Istorio unibertsalak euskaraz kontatu ditugu, eta, gainera, komediak eta musikalak ere erakargarriak direla uste dut. Horrez gain, pertsonaia oso desberdinak sortu ditugu jendeak bere burua identifikatzeko.

6.    Bi telesail: Txatxangorriari eskainitako bideoklipa eta, orain, herriz herri egingo duzuen antzerki musikatua. Horrekin ere sarrera guztiak agortzen ari zarete… Zergatik erabaki duzue formatuz aldatzea? Arrakasta hau aurreikusten zenuten, ala?
Argi geneukan ez zela telesail soil bat izango, ahalik eta esparru zabalena hartu nahi baikenuen. Telesaila enborra izatea nahi genuen, baina, hortik abiatuta, gauza asko sortu nahi genituen: ikastetxeetara bisitak egitea, umeen eta gazteen artean euskararen garrantzia bultzatzeko; antzerkia; merchandising-a… Datorren denboraldiari begira, zerbait berria sortuko dugu ziurrenik. Adibidez, grabaketetara bisitak egiteko aukera ematea edota hainbat zozketa.

7.    Gidoigile eta ekoizle bezala, zer eragin jaso duzu Go!azen proiektuan parte hartzeagatik?
17 urte daramat ikus-entzunezkoetan, 1999. urtean egin nuen EiTBrako nire lehendabiziko lana; ondoren Madrilen egon nintzen… Baina, profesionalki, 2008. urtean, Donostiako Antzoki Zaharrean Go!azen estreinatu zen gaua izan da niretzat egunik zoriontsuena.  Inork ez zekien zer gertatuko zen, euskaraz horrelako zerbait egiten zen lehenengo aldia zelako, eta film hura oso gutxik ikusi genuelako estreinaldi horren aurretik, baina jendeari izugarri gustatu zitzaion. Beraz, ordutik, Go!azen oso gauza berezia izan da guretzat. Orain, bigarrenez, gauza bera bizi dugu eta hori oso pozgarria da. Ingurukoak zoriontzera etortzen zaizkit, eskerrak ematera, aktoreen sinadurak eskatzera… Kalean ere haurrak Txantxangorria edo Go!azen abesten ikusten ditut… Oso zaila da –eta euskaraz are zailagoa– horrelako arrakasta lortzea. Ilusio handia egiten du.

8.    Euskal Herrian inoiz telesail batek izan du horrelako arrakastarik?
Goenkale telesailak arrakasta handia izan zuen, baina beste garai bat zen. Gaur egun, gero eta kanal gehiago daude, gero eta jende gutxiagok ikusten du telebista, Internetek zeresan handia du, jendea jada ez da familian telebistaren aurrean elkartzen… Ez da hori bakarrik, aurrekontuan aldea handitzen ari da: une honetan, EiTBren aurrekontua Madrileko telebista batena baino 8 edo 10 aldiz txikiagoa izan daiteke. Zaila bada ere, gertutasunaren aldeko apustua egin behar dugula uste dut. Azkenik, plataforma digitalekin hainbat lurraldetako telesailak ikusten ohitzen ari gara, eta hori ona izan daiteke guretzat. Orain arte euskara arazo bat izan da kanpora joateko, baina nik Norvegiako telesail bat azpititulatuta ikusten badut, zergatik ez du norvegiar batek euskarazko telesail bat azpititulatuta ikusiko?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.    Lehenengo Go!azen 2008. urtean izan zen. Nondik sortu zen ideia?
Bai, ideia etorri zen, bueno, ETBk berak, garai hartan Joselu Blanco zen programen arduraduna. Eta berak Jabi Elortegi zuzendariari deitu zion eta esan zion “ikusi dut orain musikalak modan daudela, bai High School Musical, bai beste serie batzuk, eta ausartuko zinatekete horrelako, euskaraz zer edo zer proposatzen? Badakit ideia eroa dela, oso eroa dela, jende guztiak ezetz esan dit, ezinezkoa dela…” Eta orduan, Jabik deitu egin zidan, orduan ni juxtu Madrilen nengoen. Eta orduan, Jabi eta biok ETBra joan ginen, gure sinopsitxo batekin eta, Txoriak txori-ren sanba, rap… estilo ezberdinekin. Eta atentzioa deitu (atentzioa eman) zien eta baietz esan ziguten.

2.    Zure ustez, zein da arrakastaren gakoa?
Musika, komedia, gertutasuna, euskaraz egiteak, gero guk ere abestiak gurasoentzako (gurasoentzat) abestiak nolabait aukeratzen ditugu, eta, orduan, gurasoek ere gustura ikusten dutela telesaila. Alde batetik, gustura daudelako seme-alabek ikusten dutelako eta, beste aldetik, eurek ere kuriositate puntu hori daukatelako. Eta nik uste dut hor, konbinazio guzti horretan (horretan guztian), hor dagoela. Guk ere apustu handia egin genuen gertutasunagatik. Telesaila emititu aurretik, 50 eskola inguru bisitatu genituen; Donostian Flashmob bat antolatu genuen eta 700 ikasle etorri ziren gurekin dantzatzera; aurrestreinaldiak egin genituen hiriburuetan, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñan; gure apustua izan zen ere gertutasuneko apustu bat, ez? Nolabait ikasleek aukera izan zezaten gure protagonistak ukitu, eurekin argazkiak atera, eurekin hitz egin. Eta nik uste dut gauza horiek guztiak eta, antzerkia ere, prozesu horren parte da, gertutasun horrena.

3.    Gidoigile eta ekoizle gisa, zer suposatzen du Go!azen proiektuan parte hartzeak?
Nik 17 urte daramatzat ikus-entzunezkoetan lanean, eta beti esaten nuen, edo beti esaten dut, 2008an Antzoki Zaharren Go!azen pelikula eman genueneko egun hura izan zela profesionalki egunik zoriontsuena ziurrenik. Hor inork ez zekien zer pasatuko zen, pelikula oso gutxik ikusita genuen, ez zen euskaraz sekula horrelako gauzarik egin eta, han, antzokia umez eta gurasoz bete zen eta pelikulak izugarri ondo funtzionatu zuen. Ordudanik (Ordutik) Go!azen guretzako (guretzat) zen oso gauza berezia. Eta orduan, Go!zen-ekin berriro antzeko zer edo zer bizitzea egia esan oso pozgarria da eta, gero, etortzen zaizkizu zoriontzera, eskerrak ematera, motxilak edo kamisetekin ea sinadurak ekarri ditzakezun galdetzera… Orduan, egia esan, oso gauza polita da. Kaletik zoaz eta entzuten duzu jendea Go!azen-en abestia kantatzen edo Txantxangorriarena Orduan, gauza horiek izugarri politak dira. Zeren badakizu oso zaila da, oso oso zaila da, eta euskaraz, gainera, are eta zailagoa, eta egia esan izugarrizko ilusioa egiten du.
 

B2
2017-06-16
  • Malutafilms
16174442
00:04:24
4314