detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Xabier Madariaga, kazetaria eta "Ur handitan" saioko aurkezlea

"Kazetari on batek besteen larruan sartzen jakin behar du, hori baita historiak ondo ulertzeko sekretua"

1.    Noiz erabaki zenuen kazetari izatea? Argi izan duzu beti?
Beti argi izan dut, bai. Amak gogoan du Radio Euskadiko irrati-albistegiak grabatzen nituela; dena idatzi eta neure burua hori esaten grabatzen nuela. Hori 11 edo 12 urterekin… Gero, garaia iritsi zenean, etxean planteatu nuen, baina ama ez zegoen ziur: “Kazetaritzak ez dakit etorkizunik duen…”. Hala ere, aitak gustuko nuena egiteko esan zidan eta horixe egin nuen.

2.    Zein ezaugarri eduki behar ditu kazetari on batek, zure ustez?
Hainbat gauza ezagutzeko gogoa eta protagonistekiko enpatia izan behar ditu. Besteen larruan sartzen jakin behar du, hori baita historiak ondo ulertzeko sekretua. Besteen azalean jarri behar du euren errealitatea ulertzen saiatzeko.

3.    Ikasketak amaitu eta berehala, atzerriko berriemaile gisa joatea erabaki zenuen. Zer-nolako bizitza du atzerriko berriemaile batek?
Oso bizimodu polita da. Nor bere erritmora ibiltzea da politena. Erredakzioan markatuago gaude. Atzerrian, berriz, sormen-puntu handiagoa daukagu, askatasuna, gaiak guk aukeratu ditzakegu, eta horrek guztiak ilusioa sortzen digu. Batzuetan, lan handia dago, baina, ez dagoenean, historiak bilatu behar ditugu.
Gainera, jende asko ezagutzeko aukera ematen digu, baita lekuak ere. Nire ustez, EITBn egin ahal nuen onena horixe zen: atzerriko berriemaile-lanetan arittu. Aberasgarria da eta oso gustuko dut.
Hasieran, irratiarekin hitzartu nuen egunero kronika bat erosiko zidatela. Telebistak, ordea, ez zeukan oso argi; baina, gero, eskatzen hasi ziren eta harremana sendotu egin zen. Jerusalemera hiru hilabeterako joan nintzen eta, azkenean, hiru urte igaro nituen.

4.    Jerusalem, Ekialde Hurbileko hainbat herrialde, Madril, Paris… Horien ondoren, Euskal Herrira itzuli zara. Zein gatazka geratu zaizu kontatu gabe?
Beste lekuren batera joatea gustatuko litzaidake. Agian, aurrerago joango naiz; nork daki. Zer kontatu? Behin baino gehiagotan ikusi dut lankide bat historia bat kontatzen eta pentsatu izan dut: “Han egon nahiko nuke”. Hori egunero gertatu daiteke. Ez dago albiste zehatz bat. Kazetaritza ikastea erabaki nuenean, ez nuen pentsatuko hainbeste gauza kontatuko nituenik. Niretzat opari ederra izan da.
5.    Egin dituzunen artean, zein da zure kontakizun kuttuna?
Gazako kolonoak irten ziren unea kontatzea oso polita izan zen, kontakizunagatik baino gehiago, bizitako esperientziagatik esango nuke. Jerusalemen atzerriko berriemaile gisa geunden kazetari-talde oso bat kolonoen etxe batera joan ginen Alokatu egin genuen, eta han gelditu ginen Israelgo polizia iritsi eta kolono herri hori hustu bitartean. Gazako deskolonizazioa kontatu genuen.

6.    Irratian eta telebistan berriemaile ibili ostean, ‘Ur handitan’ saioan lanean hasi zara. Lan egiteko modua oso desberdina da? Gustuko duzu?
Ez dauka zerikusirik Erabat desberdina da, baina hau ere opari polita da. Albistegiek erritmo bat dute: protagonistarengana joan, bost minutuan esaldi bat hartu, erredakziora itzuli eta historia kontatu. Protagonistekin albistegitan daukagun harremana ez da estua. Atzerriko berriemaileen kasuan, pixka bat lasaiago, beste erritmo bat da.
Ur handitan saioan, berriz, guztiz kontrakoa gertatzen da: ni protagonistarekin eseri aurretik, hizketan egoten gara, eta, ondoren, ordu eta erdi eta bi ordu arteko elkarrizketak grabatzen ditugu. Bere bizipenak kontatzen dizkidate, eta, askotan, neuk ere nireak kontatzen dizkiet. Oso aberasgarria eta polita da. Niretzat erronka bat izan da, erregistroa aldatu dudalako.

7.     ‘Ur handitan’ arrakasta handia edukitzen ari da. Zein dira arrakasta horren gakoak? 20 atal egin dituzue, saioak izango du amaierarik?
Taldeak egiten duen lana garrantzitsua da: elkarrizketatuak bilatu, gidoia landu, historia muntatu, musika aukeratu… Dena dago zainduta. Nik, azkenean, elkarrizketak egin eta aurkeztu egiten dut. Atzean dagoen lana ikaragarria da. Hor dago sekretua eta horrek egiten du Ur handitan saioa.
Udan atseden hartuko dugu, eta, irailetik aurrera, atal berriak grabatzen hasiko gara.
8.    Euskal kazetari baten lan-ibilbidea, besteekin alderatuta, mugatuagoa da? Aukera berdinak ditugu?
Atzerrian egon naizenean, medioak baditugula ikusi dut, baina egia da beste batzuek gehiago dituztela: CNNkoak, adibidez, Irakera helikopteroan etorri, lan egin eta alde egiten zuten. Bitartean gu taxian ibiltzen ginen, ahal genuen moduan. Hor baliabideen arteko aldea nabaria da, baina horrelakoetan konturatzen nintzen gauza dezenteak egiten genituela baliabide gutxiagorekin. Nik ez dut inbidiarik sentitzen CNNk edo BBCk egindakoa ikustean, eta horrek poztasuna ematen dit.
Beste gauza bat da euskaraz lan egitea. Kanpoan gaudenean, protagonisten hizkuntzan egiten dugu lan, eta, ondoren, historiak euskaraz kontatzen ditugu. Beraz, protagonistak bilatzeko orduan, ez dago euskaldunak topatu beharrik. Bestalde, etxean bertan euskaraz lan egitean, zailtasun handiagoa dugu. Ur handitan saiorako lan ikaragarria egin behar da. Euskal hiztunen agenda oso bat daukagu, eta, hala ere, askotan, gaztelaniaz egingo duten protagonistak topatzea errazagoa da euskaldunak topatzea baino.

9.    Eta etorkizunean? Zer egin nahiko zenuke?
Ez dut horretan pentsatu. Onena egun bakoitzekoa bizitzea da. Orain daukadanarekin oso gustura nago, baina ez dut berriro atzerriko berriemaile izateko aukera baztertzen. Izan ere, asko gustatzen zait lan hori, niretzat oso polita baita.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

1. Beti argi eduki duzu kazetari izan nahi zenuela?
Beti, beti kazetari. Amak behin eta berriro gogoratzen du nola egiten nituen nire lehenengo albistegiak, irrati albistegiak: grabatu egiten nuen Radio Euskadi, albistegi laburrak, orduro ziren bost minutuko albistegiak eta gero, transkribatu, dena idatzi eta nire (neure) burua grabatzen nuen hori esaten. Eta hori jada txikitatik, ez dakit zenbat urterekin… 11, 12 urterekin, bai. Gero, etxean planteatu nuen jada erabaki behar zenean zer egin, eta egia da amak bazeukala hor zalantza puntu bat, esan zuen: “Kazetaritzak ez dakit gero etorkizunik duen, ez ote duen…”. Amak pixka bat frenatu egin ninduen, baina gero aitak esan zuen: “Ba, egin dezala, egin dezala gustuko duena!”

2. Zure ustez, zer ezaugarri eduki behar ditu kazetari on batek?
Gauza ezberdinak ezagutzeko gogoa, gogo asko, eta enpatia, enpatia handia protagonistekiko. Besteen larruan sartzen jakin behar dugu eta historiak ondo ulertzeko nik uste dut sekretua horixe dela. Besteen azalean jarri eta euren erralitatea ulertzen saiatu.

3. Hemengo kazetariek besteekin alderatuta, baliabide berdinak dituzue?
Atzerrian egon naizenean, ikusi dut medioak baditugula eta batzuetan ere hainbesteko medioekin ere baliabide hain handiak ere ez izanda, ez dakit, adibidez, CNNkoak Iraken helikopteroarekin jaitsi, lan egin eta alde egiten zuten, ez? Eta gu ibiltzen ginen taxi batekin ahal genuen moduan, ez? Orduan bai, baliabide aldea nabaria da, eta nabaritzen duzu kanpora zoazenean besteekin alderatuta, baina askotan ere sentitzen duzu egin dudan historiak ez dio ezer enbidiatzen (ez dio inbidiarik) CNN edo BBC batek egin duen historiari, ez? Eta horrek badauka, poztasuna ematen dizu horrek ere bai.

4. Eta hizkuntzari dagokionez?
Kanpoan gaudenean, lekuan lekuko hizkuntzarekin egiten duzu lan, bertako protagonistek hitz egiten duten hizkuntzarekin eta bai, historiak kontatzen dituzu euskaraz. Baina bueno, protagonistak bilatzerako orduan ez dago euskara, euskaldunik bilatu beharrik, ez? Baina gero, etxean bertan, euskaraz lan egitean, eta egia da zailtasun bat dela ‘Ur handitan’-entzat, adibidez, protagonistak euskaraz bilatzea. Eta hor lan ikaragarria dago. Agenda oso bat eduki behar da euskal hiztunena eta bueno, horrek egia da lan estra bat dakarrela. Askotan gazteleraz (gaztelaniaz) egiten duten protagonistak aurkitzea oso erraza delako, baina euskaraz aurkitzea ez hain erraza, eta horrek, esfortzu handiagoa suposatzen du.

x61pRelaContWAR

detalle2

Dokuteka

B2
2017-10-13

x61pRelaContWAR

16176012
00:03:51

x61pViewCountWAR

7852

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR