Udaberrian, lore-festa

Modan dago arbolen udaberriko loraldiak ikustera joatea, eta turismo-mota bat ere sortu da horren inguruan.

Udaberrian gaude. Udaberria lorez betetzen da. Jende asko dago prest  lurreko nahiz zuhaitzetako loreek eskaintzen duten ikuskizunaz gozatzeko, baita turista gisara ere. Hona hemen lore xume politekin liluratzeko hainbat toki: Euskal Herria, Lleida, Extremadura, Belgika, Japonia, Korea, Holanda…   

 

Aitona herriko muxikak

Aitona Lleidan dago, eta urtero 100 milioi muxika ekoizten ditu herri horrek. Orain sei urte hasi ziren turistentzako bisita gidatuak antolatzen. Zoritxarrez, turistak baino zerbait gehiago beharko du herriak, zeren jateko muxika oso merke saldu beste aukerarik ez dute. Gehientsuena zukurako darabilte. Batzuek Kataluniako Jerte deitzen diote Aitonari.

 

Jerte Haraneko gereziak

Extremaduran dago Jerte harana, eta 70eko hamarkadan hasi ziren gerezien loraldia turismorako baliatzen. 2010. urtean interes bereziko ekimena izendatu zuten. Martxoan hasi eta milaka pertsona joaten da urtero gerezien loraldiaz gozatzera, batez ere japoniarrak.

 

Japoniako hanamia

“Hanami” hitzak loreak ikustea esan nahi du japonieraz. Urtarriletik maiatzera bitartean biltzen dira japoniarrak zuhaitzen loraldiaz gozatzera. Tokion, adibidez, hain atsegin dute ikuskizuna gereziondoak dauden tokietan argiak jartzen dituztela gauez ere ikuskizunarekin txunditzeko. Gereziondoa loratzen ari bada “sakura” deitzen diote. Dena den, Japoniako lore ofiziala krisantemoa da.

Koreako zuhandorra 

Arbola horrek lore horia ematen du, eta espezie ezagunenetakoa Koreako zuhandorra da. Martxoa eta apirila bitartean bururatu daitezkeen hori-mota guztiak ikus daitezke, batez ere, Koreako Icheongo Sansuyu herrixkan. 

 

Txinako koltza

Txinako Huangshan herria ere horiz janzten da koltzari esker.

 

Tulipanen ibilbidea

Ibilbide horrek 100 kilometro ditu; Holandan dago, eta ibilbide osoa loratzen ari diren tulipanez josita dago. Tulipanak era askotakoak daude: gorriak, moreak, horiak… Lehen tulipanak Turkiatik heldu ziren 1594an.

 

Itsasuko eta Milagroko gereziak

Itsasu herrian, Lapurdin, 12 tona gerezi ekoizten dira urtero. Anne-Laure Briand  ikerlariak bere doktore-tesia Itsasuko gereziaz egina dauka. Itsasuko gerezi-festa udaberri bukaera aldera izaten da, ekainean. Milagron ere ekainean egiten dute gerezi-festa. Nafarroako herri honetan 400.000 kilo ekoizten dira urtero.

 

Hallerbos, hiazintoen loraldia

Hallerbos edo Bois de Hal Belgikan dago, eta urtero milaka lagun joaten dira hiazintoen loraldia ikustera. Bruselatik ordu-erdira dago 552 hektareako baso hori.

 

Hitachi Seaside parkea, Ibaraki (Japonia)

 

Urte osoan daude loreak 190 hektarea hauetan. Martxo-apirilean nartzisoak izaten dira. Apirila bukaeran tulipanak… Baina agian politena da lore desberdinak daudenean aldi berean.
 
“Sagastiak loretan” ekimena

Japoniako hanami delakoa oinarri hartuta, gurean Sagastiak loretan ekimena egiten da Usurbilen. Aurten, besteak beste, sagarrondoen kimatzeari buruzko ikastaroa izango da.
 

BESTE ERA BATERA ESANDA

Lurreko nahiz zuhaitzetako. Bai lurreko, bai zuhaitzetako.
Baita turista gisara ere. Turista bezala, modura ere bai.
Orain sei urte hasi ziren. Orain dela sei urte hasi ziren, badira sei urte hasi zirenetik.
Zeren jateko muxika oso merke saldu beste aukerarik ez dute. Izan ere, aukera bakarra dute: jateko muxika oso merke saltzea. 
Gerezien loraldia turismorako baliatzen. Gerezien loraldia turismoa indartzeko erabiltzen.  
Bururatu daitezkeen hori-mota guztiak ikus daitezke. Okurritu edo irudikatu daitezkeen hori kolorearen klase guztiak ikus daitezke.
Tulipanez josita dago. Tulipanez beteta edo tulipanez lepo dago.
Udaberri bukaera aldera izaten da. Udaberria bukatzen ari denean izaten da.
Lore desberdinak daudenean aldi berean. Lore ezberdinak daudenean une edo momentu berean.
Japoniako hanami delakoa oinarri hartuta. Japoniako hanami izenekoa oinarritzat harturik. 


B1
2017-03-23
16172288
5573