Salvador Dalí i Domènech

1904ko maiatzaren 11n jaio eta 1989ko urtarrilaren 23an hil zen Salvador Dalí margolari ezaguna.

André Bretonek surrealismoaren ezugarririk nagusienak definitu zituen Surrealismoaren manifestuan (1924): amets eta inkonszientetik edanez, pentsamenduaren benetako funtzionamendua adierazten duen automatismo psikikoa, betiere arrazoimenaren eta kezka estetiko eta moral ororen eraginetik aske. Izen handiko artisten artean Salvador Dalí pintore katalana dugu.

 

Salvador Dalík, Figueres-eko notario baten seme zenak, umetatik heldu zion margo eta marrazkien zaletasunari. 1922an Madrilen Arte Ederretako ikasketak hasi zituen. Orduan ezagutu zituen Federico Garcia Lorca eta Luis Buñuel hamaika egitasmo abangoardistetan bidelagun izan zituenak.

Madrilen ikasi eta gero, Kataluinan hainbat hitzaldi eta eztabaida artistiko berrizaleetan parte hartu zuen, baina, berehala joan zen Paris aldera eta bertan hango idazle eta pintore surrealisten taldeek ederki hartu eta kide bihurtu zen. Ordukoak ditu, El gran masturbador, L'espectre del sex-appeal, El joc lúgubre eta La persistència de la memòria, surrealismoaren eredurik entzutetsuen bilakatzeko balioko diotenak.

 

 

 

 

1929an Helena Diakonova gazte errusiarra ezagutu zuen (Gala ezizenez ezaguna), eta handik aurrera bere neska-lagun eta musa izan zen.

Bigarren Mundu Guda hasi zenean, Dalí eta Gala Estatu Batuetara joan ziren bizi izatera. Han arrakasta handia lortu zuen lan errealista eta ametsezkoekin. Urte haietan liburu bat ere idatzi zuen: Vida secreta de Salvador Dalí, eta zinea, antzerkia, balleta eta operan lan ugari egin zituen. 40ko hamarkako lanik garrantzitsuenak Autoretrat tou amb bacó fregit, La panera del pa, Leda atòmica, eta La Madonna de Portlligat dira.

Garaiko pintorerik famatuena zelarik, 1948an Europara etorri zen, bere etxera, eta Portlligat-eko tailerrean denbora luzez aritzen zen lanean.

 

50 eta 60ko hamarkadetan, ordea, erlijioa, historia eta zientzia gai harturik landu zituen bere obrak, handiak, formatu handikoak zirenak. Esaterako, Crist de Sant Joan de la Creu, Galatea de les esferes, Corpus Hipercubus, El descobriment d'Amèrica de Cristòfol Colom eta L'últim sopar.


Hurrengo urteetan, Salvador Dalík Dalí Antzoki-Museoa sortu zuen bere jaioterrian, Figueres-en. Bertan ageri dira bere obrarik eredugarrienak, hasiera-hasierakoak, surrealismoaren urratsei jarraiki egindakoak, eta baita bere azken urteetako lanak ere.

Urtetan Portlligat-en bizi izan ondoren, Gala hildakoan Pubóko gaztelura joan zen denboraldi luze baterako. Hala ere, bere azken urteak Torre Galatean eman zituen, Dalí Antzoki-Museotik gertu. Hil zenean, bertan hilobiratu zuten.

Gala-Salvador Dalí Fundazioa 1983an sortu zuen. Erakunde honek bere ondare artistiko eta intelektuala zaindu eta sustatu egiten ditu.


B2
2014-01-23
16163847
7430