Aracatacak, azkenean, Macondo izan nahi du

Aracataca (40.000 biztanle) Kolonbiako herrixka bat da, Magdalena ibaiaren haranean dagoena, Karibeko itsasertzeko errepidea hartuta, ordu eta erdira.

Jarri arreta hizkuntzan
Testu-antolatzaileak
 

Inork ez zuen inoiz Aracatacaz hitz egingo, ez balitz gertaera xume eta garrantzizko bat izan. Alegia, bertan jaio zela zen Gabriel Garcia Marquez, 1927ko martxoaren 6an. Egia esan, leku gutxi dira Literatura Nobel saridun baten jaioterri izateagatik harro daudenak. 

Gabriel Garcia Marquezen etxe-museoa

Eta hala ere, zerbait arraroa ikus daiteke Aracatacara joanda. Gabori buruzko monumentu handi bakar bat ere ez dago. Berak ez zuen bere jaioterria inoiz ezkutatu, esan ere egin zuen Aracatacak eragin handia izan zuela, bere lehen obretan batez ere. Esan liteke Macondo zela Aracataca, eta Aracataca Macondo. Amonari eta izebei entzundako istorioak, nekazari-giroa, misterio-ukitua, hori guztia Aracatacan bizi izan zuen txikitan.


Aracatacan bizi izan zen Gabriel Garcia Marquez, amaren aldeko aitona-amonen etxean. Baina, 8 urte bete arte, soilik. Handik barnetegi batera eraman zuten, Barranquillara. Bitan baino ez zen itzuli Aracatacara. Behin, 1952an, etxekoen etxea saltzeko, eta beste behin 2007an, idazleak 80 urte bete zituela-eta omendu egin zuelako Kolonbiako gobernuak.
2006an hauteskundeak izan ziren Aracatacan. Herritarrei galdetu zieten ea herriaren izena aldatu nahi zuten, Macondo jartzeko. Asmoa zen herria turismo-gune bihurtzea, bisitariak erakartzea, lozorroan zegoen inguru hartako ekonomia piztea. Baina orduko Kolonbia ez zegoen turismora begira. Errepideak oso arriskutsuak ziren, bahiketak eta lapurretak egunero izaten ziren, eta jende gutxi ausartzen zen paraje haietan.

Egia esan, Santa Martako Sierra Nevada, Aracataca ondoan, Kolonbiako lekurik bortitzenetakoa zen: paramilitarrak, gerrillariak, narkotrafikatzaileak eta soldaduak etengabe zebiltzan borrokan.

 Agian horregatik esan zuten caracatacarrek, ez ziotela herriari izena aldatu nahi. Ez zioten aldaketari alde onik ikusi eta gainera, Garcia Marquezekin zuten harremana hala moduzkoa zen. Badirudi aurpegiratzen ziotela Aracatacan ez zuela eskuzabal jokatu, ez zuela eraiki ez liburutegirik, ez kiroldegirik. Beraz, Aracatacak segituko zuen Aracataca izaten, izen polit askoa, eta ahoskatzeko oihartzun handikoa, bestalde.

Nobelako protagonista den trenak Aracataca alderik alde zeharkatzen du.

 Baina orain gauzak aldatzen ari dira, oso azkar gainera. Orain dela 5 bat urte segurtasuna hobetzen hasi da; izan ere, ejertzitoak haraneko errepideak kontrolatzea lortu du, talde armatuak mendian baztertuta. Eta orain, Fuerzas Armadas Revolucionarias de Colombia (FARC) taldearen eta Kolonbiako gobernuaren arteko hitzarmena martxan denez, bakea ia erabatekoa da. Eta horrek esan nahi du, bai inguru horretako biztanleak, eta baita bisitariak ere, seguruago sentituko direla.

Beraz, turistak laster dira bertan; egia esan, hasi dira iristen. Eta Aracatacako jendea hasi da jabetzen Macondok esan nahi duen guztia aldarrikatzeak mesede egingo diela.

Garcia Marquezi eskainitako monumentu txikia

Jatetxe berriak egin dituzte, hotelak, eta “Cien años de soledad” liburuan azaltzen diren izenak jarri dizkiete. Eta lehendik zeuden jatetxeak eta hotelak euren izenak aldatzen ari dira. Batek “La cocina de Úrsula” du izena, edo “Realismo mágico” beste batek, eta jakina, “Hotel Macondo” delakoan gaua pasa liteke: baina horri hotela esatea gehiegitxo da; ostatua da, askoz gehiago ez. Eta toki guztietan daude margotutako tximeleta horiak. Aracatacako jendea ez dabil dolarraren atzetik, baina inozoak ere ez dira. Eta turistak etortzen hasi badira, ulertzekoa da onuraren bat lortzen ahalegintzea.


“Ruta Macondo” delakoa abian jartzea da asmoa. Santa Marta gertu dagoenez, itsasertzeko herri honetara etortzen diren turistak, gehienak behintzat, Aracatacara erakarri nahi dituzte. Bakea gauzatzen ari denez, Santa Martara turista pila bat etortzen ari dira, eta etxegintza sektorea asko indartu da. Bai Medellingo, bai Bogotako jende ugari oporretarako etxea erosten ari da Santa Martan. Eta Santa Martara datozen turista guztiak Tayrona Parke Naturalera doaz, hango hondartza eta oihan ikusgarrietara. Orain, turista hauetako asko Aracatacara ere joango dira, ordu eta erdira iristen ez den ibilbidea baitago autobusez.

 

Jatetxe eta hotel batzuek Cien años de soledad eleberriko pertsonaien izenak hartu dituzte.

 Macondo ibilbide honetan berebiziko garrantzia du Garcia Marquezen etxe-museoak. Bere amaren aldeko aitona-amonen etxea berregin dute: Marquez koronelaren gelak, sendiarekin egoten zeneko egongela, patioko fikus ederra, Gabo hazten ikusi zuen logela eta sehaska (bueno, sehaska, beste bat da, baina garai berekoa). Garcia Marquezen eleberrietatik ateratako esaldiekin bete dute museo osoa, eta eleberriekin zerikusia duten dokumentuekin. Turistak zalantza bat izaten du, ordea. Amaren aldeko aitona-amonen etxea berregin nahi izan dute, benetan zen bezala, ala Cien Años de Soledad-en idazleak egiten duen Buendía koronelaren etxearen deskribapena erreproduzitu nahi izan dute? Telegrafo-etxea ere bisitatu daiteke: bertan egin zuen lan idazlearen aitak, Gabriel Eligio Garciak.

Aracataca nahiko ospetsu izan zen bere garaian. Bertatik igarotzen zen itsasertzera zihoan trena, bananak atzerrira eramateko; garrantzizko geltokia zen. Orduan sinesgarria zen handik pasatzea izotza zeramaten ijitoak eta bestelako pertsonaia bitxiak. Baina denboraren poderioz lozorroan erori zen. Orain baliteke bere seme kutunari esker berpiztea berriro. Handik joan ondoren ez zen inoiz berriro han bizi izan, baina hori bost axola zaio turistari. 

 


B2
2018-05-08
  • Torquemada , Jesús
16143635
3460